Udarari begira ez da urrun joan behar gauza interesgarriak aurkitzeko. Oiartzunen eta Getarian bisita gidatu interesgarriak egingo dituzte adibidez.

Getaria

Getariako historia eta artea ezagutzeko bi proposamen berri
Ekainaren 15etik Irailaren 15era

Getariako Sustraiak: Bisita arkeologiko honen bitartez Getariako historian murgildu zaitez. Azken urteetan arkeologoek Zarautz Jauregian eta parrokiko kriptan buruturiko lanetara hurbiltzeko aukera paregabea.

Salbatore Deuna, katedral txiki bat: Elizan barrena paseatu eta bere sekretuekin gozatu. Eraikinaren arkitekturan barneratuz bere historiara gerturatzeko aukera ezin hobea.

Asteartetik larunbatera: 10:30;12:00;16:00;17:30

Igande eta jaiegunak: 12:00

Getaria.info blogean beraien eguneroko lana eta oharrak aipatzen dituzte eta bisita gidatuen erreserbak ere bertatik egin daitezke. Gainera blogaren lizentzia Creative Commons aitortu-ez komertziala da.

Oiartzun

Orain dela gutxi arte ustiatzen jarraitu den meategi honetan garai ezberdinetako lana ikus daiteke. Erromatarren garaian zilarra eman zuen, Erdi Aroan burdina eta gero beste hainbeste mineral.
Arditurrin interpretazio-zentro bat eraiki dute. Arditurriren historia azaltzeaz gain, bisita gidatuak egingo dituzte. Interesgarria eta ikusi beharrekoa seguruenik. Ea joaten den lehenengoak argazki edo bideoak ekartzen dituen, denok ikusgai izateko meategien web gunea ez baitago guztiz inauguraturik ;) .