Basquecamp-en 2. edizioa egin zuten larunbatean Bidarteko (Lapurdi) Izarbel Parke Teknologikoan. 30 lagun inguru elkartu ginen teknologia berrien erabilpenen gainean ideiak elkartrukatzeko.
Bertan erabili nituen aurkezpenak hauek dira:
- FM USB irratiak
- MUDSS Internet (Internet bihar) bideoak: [1] [2] [3] | [4]
basquecamp2 etiketarekin jasotako irudi eta bideo batzuk.
Larrabetzun (Bizkaia) izandako 1. Basquecamp-aren ondoren, bigarren honetan Hego eta Ipar Euskal Herriko jendea bildu zen. Hainbat esparrutakoak ziren: garatzaileak, diseinatzaileak, kazetariak… Ekitaldi aberasgarria eta parte-hartzailea izan zen. Goiza gosariarekin hasi, eta egunean zehar jorratuko zituzten gaiak erabakitzeari ekin zioten parte-hartzaileek.
Hamasei gai proposatu, eta horien artetik hamabi hautatu zituzten. Ondoren, bozketa bidez, jendearen interesaren araberako ordena ezarri eta goiza antolatu zuten. Interes gehien piztu zuen gaia “Internet bihar” deitu zutena izan zen. Etorkizuneko Internetek izango dituen erronkak eta ezaugarriak aipatu eta, ondoren, solasaldi batekin bukatu zuten.
Gainontzeko gaiak jorratzeko taldetan banatu ziren Basquecamp-era gerturatu zirenak. Goiza bukatzeko, hiru gai landu zituzten aldi berean: Usb irratiak, Copyright-a eta Copyleft-a, eta e-merkataritza.
Bazkaldu ondoren, Wikipedia eta Euskalbar, OLPC One Laptop Per Children ordenagailuak, Joomla EKS Eduki Kudeaketa Sistema, Barne intraneta, programazio sinplea, e-marketinga eta telelana izan zituzten hizpide. Aipagarria izan zen pobretutako herrialdeetarako sortutako XO ordenagailuak sortu zuen harridura eta interesa.
Giroa aparta izan zen jardunaldi guztian zehar. Bertaratu zirenek erabili zituzten hizkuntzak euskara eta frantsesa izan ziren. Parte hartzeko eta elkar ulertzeko arazo handiegirik ez zuten izan, beren burua itzultzaile moduan eskaini zuten pertsonei esker.
Bidarten sortutako material guztia ekitaldia antolatzeko erabilitako wikian jasotzeko asmoa agertu zuten. Horrekin batera, Basquecamp 3 antolatzeko gogoak ere azaldu zituzten. Gai hori wikian bertan eztabaidatzen hasiko dira laster. Edonork parte hartu dezake eztabaida horretan. Hurrengo Basquecamp-ean ere mugak gainditzen jarraitzea espero dute, Euskal Herri guztitik animatzen den jendearekin.
* Matraka (c) gazte kazetako sareari buruzko atalaren parte da.

21. Urria 2008 at 7:50 :
Gorka, bi zuzenketatxo txiki: OLPC proiektua One Laptop Per Child da eta ez One Laptop Per Children, eta egin duten ordenagailua XO eta ez OX.
21. Urria 2008 at 20:31 :
Zuzendua! Esker mila!