Berria egunkariak bere webgunea berritu du. Dudarik gabe beharrezkoa zen gauza bat. Orokorrean aldaketa oso positiboa dela uste dut, norabide egokian egindako pauso garrantzitsu bat.
Positiboena
- Pantaila handiagoetara egokitzeko saiakera.
- Iruzkinak gehitzea.
- Kolore sistema interesgarria.
- Twitter eta Sindikazioaren erabilpena.
- Bideo edizio propioa eta EusalTubeko bideoen txertatzea.
- Albiste bozkatu eta irakurrienen jarraipena egiteko tresna.
- Informazioa Zabaldu, Bildu etab. hedatzeko aukera erraza.
Hobetzeko
- Erredakzio handi bat izanik ez da ulertzen Interneten hain informazio gutxi sartzea denbora errealean. Laburragoa bada ere informazio gehiago sartu beharko lukete eta ez paperean idazten duten moduan baizik eta interneterako pentsatutako idazkerarekin.
- Harrigarria bada ere eduki batzuek ez dute jario bereziturik. Sortu diren kategoria ezberdinek bere jario propioa beharko lukete. Dauden jarioak nahiko nahasgarriak dira, Berria ezagutzen ez dutenentzat izena eta gaia erlazionatzea zaila izaten da.
- Hitza guztietan bezala mikroformatuak eta beste teknologia semantiko batzuk faltan botatzen dira. Hitza ezberdinetan erabiltzen bada zergatik ez Berriako webgunean.
- Informazio geolokalizatua faltan botatzen da. Mapak oso garrantzitsuak bilakatu dira informaziaren testuingurua emateko garaian. Hedabideen esparruak kontutan hartu beharko gauza bat dela uste dut. Kazetak adibidez geolokalizazioa gehitu du albisteetan.
- Parte hartzeko aukera batzuk badira ere albiste berriak bidaltzeko aukera e-mail batez egiten da. Zuzenean informazioak bidaltzeko aukera egotea interesgarria litzateke, nahiz eta ondoren ikuskatua izan.
- Loturak egiteko, informazioaren iturriak zehazteko, interneten sortutako edukia informazioa osatzeko erabiltzeko ordua iritsi da. Gaur egun kazetarien lana ez da hainbat tokitatik informazioa hartu eta dena dakiten itxura ematea, badakigu ezinezkoa dela. Informazio interesgarri asko dago sarean, informazio hori estekatu, aipatu, berrerabili, hobetu albisteak osatzeko.
- Berriaren sare soziala oso indartsua da eta ez da bere erosle edo harpidedun sarera mugatzen. Sare sozial hori interneten isla eduki beharko luke webgunearen inguruan edo tresna berezitu bat erabiliz. Sare sozial horren parte diren pertsonen arteko erlazioa sustatu beharko luke Berriak eta ez du egiten. Harpidedunaren txokoa interesgarria da baina zentzu bakarrekoa adibidez. Atal hau estrategikoa eta atzeraezina da Berriaren etorkizunarentzat.
- Informazioa Bildu, Zabaldu etab. banatzeko aukera ematen da baina ez zaio jendeari azaltzen tresna horiek zer diren edo nola erabili behar diren. Jendeak botoi arraro bat besterik ez du ikusten.
- BerriaTBko bideoak Podcast bidez ere zabaldu beharko lirateke. Bideoen sorkuntza konponduta oso erraza da. Horrela jendeak Miro bezalako programak erabiliz berriaTB telebista kate pertsonalizatu baten moduan jaso ahal izango du.
Gaizki esanak barkatu eta ondo esanak ondo hartu.

26. Urria 2008 at 14:08 :
Hausnarketa sakona eta interesgarria, Gorka! Berriakoek gustura egon beharko lukete zure hobekuntza proposamenekin. Niri ere pauso bat aurrera eman dutela iruditzen zait eta hori oso positiboa da. Eta hobekuntzei dagokielarik, honelako iradokizun zehatzei esker, erraz has daitezke praktikara eramaten…