Gehiengo sindikalak eta eragile gehiagok deituta maiatzaren 21ean greba orokorra deitu dute. Deialdi horri jarraituta egun horretan greba egingo dut. Ez nire enpresan dudan egoeragatik, bertan arazoren bat badut, nire nagusiarekin (nagusi baino gehiago lankide denarekin) eztabaidatuko dut. Horretarako ez dut arazorik.
Egun horretan egoerak horrela eskatzen duelako aterako naiz kalera eta ez era pasibo batean, Grebaorokorra.info webgunearen bidez informatzera aterako naiz kalera. Egun horretan jendeak bidalitako bideoak, argazkiak, loturak … ikustea espero dut, bakoitzak ahal duena, ahal duen tokitik. Zuk ere zerbait egin dezakezu, behintzat Internet bidez.
Grebara ateratzeko arrazoiak bakoitzak bereak izango ditu, nireak hauek dira:
- Aldaketa politiko sakonak eta aberastasunaren banaketa egokiagoa behar dela uste dut.
- Langile sektoreek pairatzen duten eskubide urraketa gero eta larriagoa delako.
- Jendarteko sektore asko (gazteak, emakumeak, migratzaileak…) egoera honek era gogorrean harrapatzen dituelako eta hauei elkartasuna adierazteko.
- Kolektibo bezala patronalak, urte askotan izandako irabaziak beraientzako metatu ondoren, orain galerak denon artean ordaintzea nahi duelako.
Aipatu ditudan arrazoiak oso orokorrak dira, baina badira gertuagoko arrazoiak ere:
- Nire herrian langile eta familia asko sufritzen ikustea tokatu zait, Went-Thermik, Cortusa…
- Nire senideek lan egiten duten fabrikaren inguruneetan ere gauza arraroak gertatzen hasi dira.
- Ezagun askoren familietan krisiaren eragina pairatzen ari dira.
- Nire herrian eta, orokorrean, nire inguru guztian ikusten ditudan erabaki politiko eta sozialak gustatzen ez zaizkidalako.
Krisi hau pairatzen ari diren guzti horiei elkartasuna adierazteaz gain, langile mugimenduak eta herri mugimenduak ilusioa berreskuratu behar dutela iruditzen zait. Ilusioa berreskuratzeko lehenengo pauso moduan ulertzen dut nik greba orokorra. Internetek bere garrantzia erakutsiko duen greba orokorra. Bestalde, greba orokorra politikoa dela eta ezertarako balioko ez duela diotenei Bertol Brechten hitz hauek gogoratuko nizkieke. Noski greba politikoa dela, gehien eragiten gaituzten erabakiak ez al dira politikoak? Zer da greba apolitiko bat? Apolitiko edo analfabeto politikoa zer den ondo adierazi zuen Bertolek.
Analfabeto okerrena analfabeto politikoa da.
Ez du entzuten, ez du hitz egiten, ez du parte hartzen gertaera politikoetan.
Ez daki zein kostu duen bizitzak, ez daki ogiaren prezioa, irinarena, soinekoarena, oinetakoena edota erremedioena; erabaki politikoen menpe dago.
Analfabeto politikoa astakirtena da: harrotu egiten da eta politika gorroto duela esaten du.
Bere ezjakintasun politikoak sortzen du prostituta, abandonatutako haurra, eta baita lapurrik okerrena ere: politikari ustela, txoriburua eta enpresa nazionalen eta multinazionalen ipurgarbitzailea.
Bertolt Brecht
Egun horretan GOerreportari asko egongo gara informazioa jasotzen eta hedatzen, herritarretatik herritarrentzat. Eta zu?

Leave a comment