Teketen » Mezua: 'Twitterrek ezagutarazi digun genero berria'

Twitterrek ezagutarazi digun genero berria

Twitter mikroblogintza tresna oso ezaguna egiten ari da, baita ohiko hedabideetan ere. Oraingoan, zenbait gatazkatan eragiteko tresna bezala agertu zaigu Twitter. Tresna horrek ahalbidetzen duen komunikazio azkarra da gakoa. Bakoitzak bere lagun sarean jasotzen duen informazioa errepikatzen du, jasotzen duena moldatu eta bere hartzaileei egokitzen die. Edota garrantzitsuena dena, hizkuntza ezagutu gabe ere, jendeak bidalitako loturetan zehar nabigatu dezake. Horrek egin du erakargarria zenbaitentzako, bakarrik loturek sortzen duten trafikoagatik.

Argi dago hori baino gehiago dela, ez tresna bera, komunikazio eredu berria ekarri duelako baizik. Mundu fisikoan SMSa da bere gurasoa, eta Interneten, berehalako mezularitza asinkronoa + sare sozial irekiak. Berehalako mezularitzarekin konparatuz gero ( adibidez Jabber-ekin; guztiekin ez, baina bai erabiltzeko moduagatik), asinkronoa da. Hau da, gure hartzaileak ez du zertan konektatuta egon behar mezua jasotzeko, ondoren jaso dezake. Gainera horri sare sozial irekia gehitu zaio, bakoitzak erabakitzen du nahi duen parametroen bidez zein pertsona jarraituko dituen, zein izango diren berarentzako garrantzitsuak. Gainera, pertsona horiek idazten dutena publikoa da (erabiltzaileak mugatzen ez badu). Horrela, pertsona batek beste bati erreferentzia egitean, beste pertsona hori ere interesgarria den edo ez ikus dezake norberak. Bi gauza horiek elkarturik berehalako mezularitza asinkrono soziala eraiki dute.

Genero berri horretan parametro batzuk garrantzia handiagoa hartzen dute eta beste batzuk berriro definitu behar dira. Azkartasuna, erreputazioa, fidagarritasuna, banaketa, edukia… dira gehien aldatzen direnak. Azkartasuna da nagusi, gauzen bat-batekotasunak garrantzi handia hartu du, beste faktore batzuen gainetik. Erreputazioa ez da marka edo hedabide batena, informazio hori komunikatzen dagoen pertsonarena baizik. Fidagarritasuna ere pertsonaren araberakoa da, edota hainbat pertsonek bidalitako informazioa konfirmatuta lortzen da. Banaketa era ia guztiz banatuan ematen da: @erabiltzailea erabiltzaile batek aipatu duen informazioa errepikatzeko, RT pertsona batek bidalitakoa errepikatzen ari zarela komunikatzeko, eta #etiketa mekanismoek banaketa era horretan gauzatzeko eta aurkitzeko aukera ematen dute. Horrez gain, hiperloturak dira nagusi eta horien bidez Interneteko edozein baliabide esteka daiteke. Edukia 140 karakterera mugatzen da, beraz, edukiaren sintesia, garrantzia eta kanpoko erreferentzietarako lotura dira garrantzitsuenak. Sintesia, 140 karaktereko muga horrek ezartzen du. Edukiak garrantzia izan behar du, interesa piztu ahal izateko. Kanpoko erreferentziak hiperloturen bidez edo aipatutako sintaxien (@, RT…) bidez lortzen dira eta mezuko informazioa zabaltzeko balio dute, nahi duenarentzat.

Genero berri horrek gai/interes/grin/borroka/… berdinen artean sareak osatzeko gaitasun handia dauka. Bere garraiagarritasunari eta azkartasunari esker oso erraza da norberaren interesekin (laburtzeko) bat egiten duten pertsonak aurkitzea. Horrela, norberaren sare pertsonala eraikitzen du eta norberarentzako erreferenteak diren pertsonak jarraitzen ditu. Momentu bakoitzean norberaren sarean dauden pertsona horiek zein diren modu errazean alda ditzake. Lehen oso zailak ziren kontaktuak, orain salto bakar batzuetara aurkitu ditzake.

Gauza hroietaz guztietaz konturatu dira asko eta asko. Sareen boterea ondo aztertzeko denbora izan dute eta hacktibismorako bezalaxe, desestabilizaziorako ere erabiltzen ari dira zenbait botere. Baina oraingoan, helburua lortzeko baliabideak jarrantzitsuak diren arren, baliabide horiek eskuratzea ere erraza izan daitekeela nabarmentzekoa da. Baliabide nagusia motibatutako pertsonak dira. Aktibismo mota berri honetan swarming-a bilatzen da. Jendea zentzu batean pizten saiatzean datza hori, zerbait egin, eraldatu edota besterik gabe mezu bat komunikatzeko (marketing kanpaina batean, adibidez). Swarming-a piztean Twitter bezalako tresnek indar handia hartzen dute: beste hedabideetako informazioa anplifikatzen dute, lotura berriak eman, iturri berriak ezagutarazi eta bakoitzak bere sarean hedatu. Dena klik bakar batzuetan. Hala ere, borroka bide horrek berezitasun bat dauka; nahiz eta baliabide asko izan, jendeak jarraitzen ez bazaitu (motibatuta dagoelako), zure swarming horrek ez du arrakasta izango. Beraz, borroka molde hori ez da boteretsuena bakarrik, denona baizik. Guk ere horretara jolasten ikasi beharko dugu gure aldarrikapenak, proiektuak, ekimenak, negozioak… aurrera ateratzeko. Horregatik da garrantzitsua Twitter bezalako tresnak ezagutzea, swarming-ak erraz sortzeko tresnak baitira.

Genero berri horrek gauza askotan izango du eragina, baita hedabideen jardunean ere. Hedabide asko bere informazioa kanal horietatik bidaltzen hasi da, baina hori ez da nahikoa izango. Ondo dago, baina genero berri honetan komunikatzen dakiten pertsonen informazioa bilatuko du jendeak. Egunkari baten Twitter kontua jarraitu dezakete bai, baina, seguraski, interesgarriagoa izango zaie bertako kazetari batek egunean zehar idazten duen mezu sorta. Normalean kanpoan gelditzen diren anekdotak, informazio ezkutuak, eztabaidak, iritziak etab. Hori dena ez titular moduan, tresna automatizatu batek egingo lukeen bezala: lehenengo pertsonan baizik. Horiek izango dira gaurkizuneko (gaur+etorkizuna) firmak.

Tresna horiek eta genero berria ez datzo dena desagerraraztera. Webguneek, blogek, web zerbitzuek hor jarraituko dute, bakoitzak bere espezializazioa jasango du. Egia esan genero berri honek gauza bat dauka pendiente: bere egitura benetan banatua egitea eta hori blogen sare banatutik ikasi beharko duen zerbait izan daiteke. Twitter sare banatuak sortzeko gai bada ere, bere egitura erabat zentralizatua da. Aldiz, hainbat twitter txikiren federazioz sortutako hedabidea litzateke soluzio hoberena eta software libreak hori jada posible egiten du. Tresnek duten egitura garrantzitsua da, bestela askatasun ilusio faltsu batean eror gaitezke. Baina edozein egituraren atzean, botere logika bat ezkutatzen dela erakusten digu errealitateak.

Mezu hau idazten nuen bitartean, nire saretik mezu polit bat iritsi zait. Gauza eder hauek ere idazteko balio du Twitterrek ezagutarazi digun genero berri honek:

@agonirena Gure txikitok lehen pausuak eman ditu gaur. Niretzat Neil Armstrongek ilargian hemandakoak baino handiagoak.

Gu ere lehenengo pausoak ematen ari gara eta ematen jarraituko beharko dugu gaurkizunean ere.

3 comments to “Twitterrek ezagutarazi digun genero berria”

  1. Aupa!

    Atzo bertan beste hausnarketa bat irakurtzen ari nintzela (gazte antolakuntzaren ingurukoa) honen moduko material baten beeharra somatu nuen ezin duzu imaginatu zeinen pozik nagoen! Beraz zure CC errespetatuz zabalpena emango diot hurrengo egunetan nire inguruan!

  2. Eskerrikasko, beste hitz batzuekin esplikatzen saiatu izan naiz; ta ez didate ulertu (izan nahi?).
    CopyPaste!!!

  3. @Orhipean @inhar Esker mila entzunengatik. Hartu eta zabaldu nahi duzuen guztia. Gauza gehiago azaldu daitezke honen inguruan eta horretan pentsatzen eta idazten nago asko azken aldian. Ea laster beste zerbait erakusteko dudan.

Leave a comment

XHTML - You can use:<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>