Urte askoan zientzia fikziozko filmek errealitate birtuala etorkizunaren paradigma bezala erakusten zuten. Errealitate birtuala erreala ez den errealitate batean murgildu eta bertan gertatzen denarekin elkarreragitea aspaldi da posible, Second Life-ko mundu birtualak edota Wii kontsolaren zenbait jokok erakusten duten bezala. Errealitate hedatua aldiz beste gauza bat da. Bizitza errealean, gailu bitartekari baten bidez, Internet edo beste bide batzuen bidez lortutako informazioa errealitate fisikoarekin nahastuta erakusten duen teknologia da.
Errealitate hedatua erabiltzeko tresnek orokorrean zenbait ezaugarri betetzen dituzte. Beren posizioa neurtzeko gailuak GPSa adibidez, errealitatea eta informazioa nahastuta erakusten dituen pantaila bat eta Internet edo beste informazio iturri bati lotutako konexioa. Gailu hauek oso konplexuak iruditu arren, gaur egungo zenbait sakelako telefonok ezaugarri horiek guztiak betetzen dituzte. Layar (layar.com) bezalako sakelakoentzako aplikazioaren bidez, adibidez, kamerekin ikusten ari garen paisaiaren gainean aukeratzen ditugun informazioak bistaratu ditzakegu. Ikusten ari garen horren gainean, gertu dauden toki interesgarriak, jendeak, leku horri buruz igotako irudiak, Wikipedia entziklopediaren leku horri buruzko informazioak eta abar gaineratu daitezke. Errealitate hedatuak, beraz, aukera handiak irekitzen ditu hezkuntzan, medikuntzan, historian, eraikuntzan eta abar.
Errealitate hedatuak ekar ditzakeen zenbait eragin argiak dira. Datuak memorian mantentzeari balio gutxiago emango diogu, honelako tresnen bidez ezagutza bera lor baitezakegu. Baina, beste alde batetik, errealitatea ulertzen lagunduko digun gailu bat jartzen dugu bitartekari.
Horren ondorioak oraindik ikusteko daude, errealitatea gailu baten atzetik beste era batean ikusten baitute askok. Errealitatea baino, beste gauza batean murgilduta egongo balira bezala.
Gogoan ditut tsunamia berengana zetorrenean, gertatzen ari zenarekin harrituta, korri egin beharrean argazkiak ateratzen ziharduten turista haiek. Kameren bidez ikusten zuten errealitate hura ez omen zen berea.
Ea ez gaituen, ba, gu ere tsunamiak harrapatzen.
Berria.info webgunean | PDF bertsioa | Inprimatzeko bertsioa
Berriako Irlen Sarea atalean argitaratutako artikulua

18. Iraila 2009 at 10:13 :
Oso artikulu ona, honen inguruan berba egiten egon ginen atzo lagun batzuk ESIko Web3.0 konferentzia baten, nik ere honen inguruko zerbait idatzi behar dut Blogean, baina asteburua pasatuta izango da
18. Iraila 2009 at 15:33 :
Pozten naiz gustatu izana. Egia esan asko egiteko dago arlo honetan. Gaia interesatzen bazaizu Bruce Sterling-ek bere blogean oso maiz gai honi buruzko informazio eta bideoak jartzen ditu. http://www.wired.com/beyond_the_beyond/
25. Otsaila 2010 at 17:09 :
[...] aberastua” esaten dio “Gaur8“n. Gorka Julio Teketen-ek, aldiz, “Errealitate hedatua” erabili du “Berria“n argitaratutako artikulu [...]