Berlingo harresiaren erorketaren 20. urteurrena ospatzen ari garen honetan, irabazleek idatzitako historia entzuten ari gara egunero. Alemaniako Errepublika Demokratikoan (AED) bizi zirenen miseria eta mundu berri batera salto egiteko gogoaz hitz egiten digute. Noski, ez digute kontatuko ekialdeko herrialdeetan bizi direnen egoera ez dela askorik hobetu eta hango biztanleen %50ek garai horiek nahiago dituztela. Ez dakit han bizi nahi izango nukeen, baina egun horretan kapitalismoari kontra egiten zion indar bat jausi zen eta kapitalismoari bere aurpegi basatiena erakusteko bidea irekita utzi zion.
Asko hitz egiten da hango polizia sekretu eta inteligentziaren arduradun Stasiri buruz. Baina utz dezagun historia alde batera. Orain dela aste bat Europako Parlamentuak Telecom paketea izeneko erreforma atera du. Telekomunikazio merkatua arautzeko arau sorta bat. Erabiltzaileen eskubideen aldeko erreforma bat balitz bezala saldu nahi izan dute, nahiz eta Internet mozteko aukera ematen duen erreforma honek. Bertan egindako zuzenketa batzuen bidez, aurkako zenbait taldek lortu dute (horien artean hacktivistas.net) mozketa hori egin ahal izateko aurretik «prozesu justu» bat bete behar izatea; aurretik ez baitzen hori ere behar. Horrek Espainiako Estatuan epaile batetik pasatzeko aukera ematen du (momentuz). Baina beste hainbat estatutan, Frantziakoan kasu, prozesu administratibo baten bidez egin ahal izango da mozketa.
Horretaz gain, Telecom pakete honen bidez gure komunikazioen pribatutasun politikak urratzeko aukerak areagotzen dira. Era berean, orain arte SGAE, produktore… eskatutako beste zenbait araudi martxan jartzeko erraztasunak ere ematen dira. Hori gutxi balitz bezala, komunikazio operadore eta Interneteko zerbitzu hornitzaileei trafikoan kontrolak ezartzeko aukerak ere erraztu ditzake.
Harresi horrekin mundua ikusteko beste era bat erori zen, horrek bizimodua birpentsatzea ekarri zuen alde batean, baina beste aldean ez zen horrelako hausnarketarik egin. Gaur egun, krisian dagoen sistemak, kontrol gehiago, beldur handiagoa aplikatu nahi dio gizarteari eta, gainera, gure mesedetan egiten duela sinetsarazi nahi digute. Harresi askok erori behar dute oraindik, gure buru barnean daudenetatik hasita. Bitartean, 1984 zoriontsua opa dizuet.
Berria.info webgunean | PDF bertsioa | Inprimatzeko bertsioa
Berriako Irlen Sarea atalean argitaratutako artikulua
Honekin loturik Info7 irratiko audio [mp3] [ogg] elkarrizketa

Leave a comment