Espazioa eta ziberespazioa gero eta lotuago daude. Nolabait, bi mundu horien arteko interkonexio asko dago, eta argiago ikusten dira edozein tokitatik Internetera konektatzeko aukera ematen duten teknologien ondorioz. Hala ere, bi mundu horietan arau ezberdinak ere badaude. Mundu fisikoan, distantziak oso garrantzitsuak dira, eta erabakiak hartzeko era esklusiboa izan ohi da gehienetan; hau da, gauza bat erabakiz gero, beste batzuk ezingo dira egin. Aldiz, ziberespazioan, distantziaren neurriak garrantzia galtzen du, eta, ziberespazioak ematen dituen aukeren ondorioz, erabakiek ez dute zertan esklusiboak izan. Lagun bati liburu bat uzten dionak ez du liburua irakurtzerik izango, baina liburu elektroniko baten kopia bat ematen badio, berriz, biek izango dute irakurtzeko parada.
Orain arte, Internet plano itxi batean ikusten genuen. Etxetik, lanetik edo gehienez wifi sare batetik konektatzen ginen, eta webguneak eta Internet zerbitzuak ez zeuden gure testuingurua ulertzeko prestatuak. Aldiz, orain, sarean sakelako batetik, eramangarri batetik eta gure etxetik berdin-berdin sar gaitezke, baina zenbait webgune eta zerbitzu prestatuak daude konektatzen garen lekua eta unea ulertzeko. Hau da, gure testuingurura gehiago moldatzen dira.
Adibide bat, GPSa, kamera eta Internet dituen sakelako bat dugu. Jo dezagun jakin nahi dugula zer trenetan bueltatu etxera. Internetera konektatzen gara, baina orain aplikazioak non eta noiz gauden dakienez, ordu horretatik aurrerako ordutegiak eta tren geltoki gertukoenak erakutsiko dizkigu. Pantailaren bidez tren geltoki horiek non dauden erakutsi edo kamera gure inguruan mugitzen badugu, geltoki eta ordutegien informazioagaineratuko dio ikusten ari garenari.
Beraz, errealitate fisikoa bera izanik ere, dimentsio gehiago izango ditu orain, teknologia hauen bitartez. Hau da, hiru dimentsioko errealitate fisikoari beste dimentsio bat gaineratuko diogu: informazioarena. Bakoitzak dimentsio horretan nahi dituen informazioak ikusi ahal izango ditu. Nahi gabe, ziborg bilakatzen ari gara. Baina, beti bezala, batzuk bakarrik izango gara mundua lau dimentsian ikusteko gai. Beharbada hiru dimentsiokoa nolakoa den gustatu ez, baina gauzak aldatzeko ezer egin nahi ez dugulako.
Berria.info webgunean | PDF bertsioa | Inprimatzeko bertsioa
Berriako Irlen Sarea atalean argitaratutako artikulua
Honekin loturik Info7 irratiko audio [mp3] [ogg] elkarrizketa.

Leave a comment