Orain arte ez dut manifestu hau nire blogean jarri nahi izan. Ez berarekin bat ez natorrelako, baizik eta dudak sortzen dizkidalako eta euskaraz ez zegoelako. Jada euskaraz itzuli dute (esker mila egin duzuenoi). Beraz dudak gelditzen dira bakarrik. Hori konpontzeko nolabait bi enmendakin edo ohar utzi nahi ditut manifestu hau jartzeko garaian. Manifestua ez dut aldatu nahi, baina bai puntu batzuei buruzko iritzi pertsonala idatzita utzi. Horregatik manifestu guztia jarriko dut, baina bi iruzkin txikirekin. Hala ere, argi utzi nahi dut horrelako ekimenek, benetan sarean funtzionatzen dakien jendarte baten boterea erakusten dutela eta oso interesgarriak direla.
Oharrak

  1. Ez dut Espainiako Estatuko justizian sinisten, nahikoa da Egunkariaren auziarekin gertatzen ari dena ikustea, kasu konkretu bat aipatzeagatik. Adibideak mila dira.
  2. Espainiako Estatuko demokraziaren kalitatea oso zalantzakorra da. ONUk aipatutako torturari buruzko salaketen inguruan hartutako jarrerak adibide bat besterik ez dira. Berriro ere adibideak mila.

Adierazpena
Ekonomia Iraunkorraren Lege aurreproiektuan barneratutako aldaketa legegileek adierazpen askatasuna, informazio eta Internet bidezko kulturatze prozesua bermatzen dituzte, hau dela eta, kazetari, blogari, erabiltzaile eta Interneteko sortzaileek, asmo biziz azaltzen gara proiektu honen aurka, honako hau agertuz:

1. Egile-eskubideek ezin izango dute inolaz ere pribatutasun, segurtasun, errugabetasun-presuntzio, benetako epai babes eta adierazpen askatasun eskubideen gisako herritarren oinarrizko eskubideen gainetik egon.

2. Oinarrizko eskubideak bertan behera uztea botere judizialaren eskuduntza esklusiboa da eta horrela izaten jarraitu behar du. Epairik gabeko itxiera bakar bat ere ez. Aurreproiektu hau, Konstituzioaren 20.5 artikuluak azaldutakoaren kontrakoa da, organo ez judizial baten esku -Kultura Ministerioaren menpekoa- jartzen baitu espainiar hiritarrek edozein web gunera sartzea galarazteko ahalmena.

3. Legeria berriak ziurgabetasun juridikoa ekarriko du Espainiko sektore teknologikora, gure ekonomiaren etorkizuneko eta garapenerako alor bakanetakoa kaltetuz, enpresen sorrera oztopatuz, konpetentzia askea trabatuz eta nazioarte mailako proiekzioa motelduz.

4. Proposatutako legeria berri honek, sortzaile berriak mehatxatzen ditu eta kultur sorkuntza oztopatzen du. Internet eta ondorengo aurrerapen teknologikoen bidez era guztietako edukien sorkuntza eta hedapena nabarmen demokratizatu dira eta aipatu edukiak jada ez datoz nagusiki ohiko kultur industriei esker, hainbat iturri ezberdinetatik baizik.

5. Beste langile guztiek bezala, sortzaileek bere lanetik bizitzeko eskubidea dute, ideia kreatibo berrien, negozio eredu zein beren sorkuntzei lotutako jardueren bidez. Lege aldaketak erabiliz ingurune berrira egokitu ezinik dabilen industria zaharkitua sostengatzen saiatzea ez da zuzena ezta errealista ere. Negozio-eredua obren kopien kontrolean oinarritzen bazen, eta hori Interneten ezinezkoa bada oinarrizko eskubideak urratu gabe, beste eredu bat bilatu beharko lukete.

6. Gure ustez, kultur industriek bizi irauteko alternatiba modernoak, eraginkorrak, sinesgarriak eta eskuragarriak behar dituzte, era berean erabilera sozial berriei egokituz, lortu nahi duten helburua lortzeko hain ez-eraginkorrak eta neurrigabekoak diren mugak baino.

7. Internetek modu askean funtzionatu behar du, giza jakintza askea eragozten duten eta negozio eredu zaharkitua betikotzen saiatzen diren sektoreek bultzatutako interferentzia politikorik gabe.

8. Espainian gerta daitekeen edozein presioren aurrean, Sarearen neutraltasuna bermatzea exijitzen diogu Gobernuari, etorkizunari begirako ekonomia iraunkorraren eta errealistaren garapena bideratzeko marko gisa.

9. Jabego intelektualaren eskubidearen benetako erreforma proposatzen dugu, honek duen helburuari begira: jendarteari jakintza itzultzea, herri jabaria sustatzea eta erakunde kudeatzaileen gehiegikeriak murriztea.

10. Demokrazian legeak eta lege-aldaketak eztabaida publikoaren ondoren onetsi behar dira, tartean dauden alde guztiak kontsultatu ondoren. Ez da bidezkoa oinarrizko eskubideak kaltetzen dituzten lege aldaketak egitea organikoa ez den eta beste gai bati buruzkoa den lege bat horretarako erabiliz.