Interneten euskara eta teknologia sustatzeko hainbat ekimen ofizial sortzen ari dira azken boladan. Horietako bi Gipuzkoa 2.0 eta Azkue fundazioa. Badirudi erakundeek ere ulertu dutela aurrean dugun erronka, edo, behintzat, horren itxura eman nahi dute. Euskara eta teknologia gure artean hedatzea nahi badute, nire ustez, zenbait gauza hartu beharko dituzte kontuan.

Lehenik eta behin, garrantzitsua izango da jada lanean daudenekin kontatzea. Pertsona asko dago aspalditik kezka berberekin, hainbat proiektutan antolatuta. Laguntzera datorren edonor ondo hartua izan ohi da, baina egoerara egokitzen jakin beharko du.

Diru publikoa edo pribatua ondo bideratu. Lehentasunak zehaztu eta irekiera, kultura librea, software librea… sustatzeko erabili. Arrazoia argia da, ordainduta ere sortzen den hori berrerabili ahal izango da gauza berriak sortu ahal izateko. Ez da inbertsio itxia izango, etorkizunean hasieran espero ez ziren onurak ekar ditzakeen inbertsioa baizik.

Lehentasunak zehazteaz hitz egin dudanean, beste guztien aurretik bat dago. Interneten komunitate euskaldun erreal hori ikusarazi egin behar da. Alde horretan ekimen garrantzitsuak abiatu dira, baina esfortzu gehiago behar dira. Nabigatzailea euskaraz konfiguratzea izan daiteke hasteko era sinpleenetako bat. Erreferentziazko programak euskaraz edukitzea eta horretarako bideak jarri edo dauden taldeei laguntzea garrantzitsua da. Interneten gehien erabiltzen diren zerbitzu eta baliabideak lokalizatzea ere. Beste maila batean, Puntueus.org bezalako ekimenak ere interesgarriak dira. Faltan sumatzen dudan gauza garrantzitsu bat, gai hauei buruzko datu eta analisiak eskuragarri jartzea.

Hala ere, ez ahaztu erakunde ofizial bat zaretela. Zuen formak eta moldeak ez dira egokienak izaten. Diruaren truke inposizioak, burokrazia, irudiaren ustiapena eta halako jarrerak izatea oso arrunta izaten da. Interneten parte hartu nahi baduzue, Interneten lan eta bizitzeko erak ezagutu beharko dituzue.

Orain arte, herria ez da eskuak gurutzaturik gelditu eta etorkizunean ere horrela izango da. Laguntza guztiak ongi etorriak dira, baina, horretarako, sinesgarritasuna behar da eta sinesgarritasun hori egunero komunitatearen parte zaretela erakutsiz lortzen da, egotea ez da nahikoa.

Berria.info webgunean | PDF bertsioa | Inprimatzeko bertsioa

Berriako Irlen Sarea atalean argitaratutako artikulua

Honekin loturik Info7 irratiko audio [mp3] [ogg] elkarrizketa.

[podcast]http://teketen.com/wp-content/uploads/2009/11/izan_ez_egon.mp3[/podcast]