Gure artean beti izan dira etorkizuna nolakoa izango den edo nolakoa izatea nahi duten argi duten pertsonak. Historiak pertsona horiek heroi, izar, jakintsu… izendatu eta gogoratzen ditu. Gaur egun ere, askok historian sartu nahi dute, baina bide errazetik, gainera.
Berri Txarrak-ek azken diskoko Payola abestian ondo islatzen du egoera; ospea edonola lortzea da payola, bideak bost axola… Baina badira bidea axola duela erakusten duten pertsona isilak, langileak, jakintsuak, kritikoak ere eta horiek teknologiaren munduan hacker-ak dira.
Hacker-ak arlo teknologikoarekin lotuta badaude ere, gero eta gehiago entzuten da hacker hitza beste arloetan ere. Jarri zioten esanahi negatiboa alde batera uzten ari da eta, horren ordez, bidea eginez ikasi, egin eta dakiena zabaltzen duen pertsona askori jartzen zaio. Ziur nago zure arloko hacker ugari ezagutuko dituzula.
Arlo teknologikori begira, hacker-ak teknologiaren erabilera pertsonen mesedetan baliatzea lortu nahi duten pertsonak dira. Ezagutza domeinu publikoan jarri eta denon eskura jartzeko ardura izaten dute. Ezagutza eta gaitasun tekniko horiek komunikatu eta zabaltzeko prest azaltzen dira beti. Baina, ez hori bakarrik, teknologiak sortzen dituen arazoak eta gabeziak ere salatzen dituzte, pribatutasunarekin zerikusia duten gaiak kasu. Haien helburuak defendatzeko hacktibismoa, hacker-en ezagutza eta ekimen sozialak batzen dituen ekiteko moldea dela esan daiteke.
Ardi beltz hauek hackmeeting biltzarretan elkartu ohi dira. Euskal Herrian ere izan dira: 2001ean Leioan, 2003an Iruñeko Euskal Jai gaztetxean, eta azkenekoa, Hackelarrea, 2007an izan zen, Gernika-Lumon. Aurten Madrilen izango da, urriaren 9tik 12ra, Madrilgo Patio Maravillasean. Teknologia berrien, haien inplikazio sozialen, teknika eta jakintzen truke askearen, pribatutasunaren, sorkuntza kolektiboaren, gatazka telematikoaren eta abarren inguruko topagune irekia izango da. Ekimen erabat parte-hartzailea den honetan dena http://sindominio.net/hackmeeting gunearen bidez kudeatzen dute.
Ezagutzaren gizartea deitu zaion honen XXI. mendeko ereduak dira, baina hauek ez dira normalean masa hedabide horietan edonola agertuko.
Berria.info webgunean | PDF bertsioa | Inprimatzeko bertsioa
Berriako Irlen Sarea atalean argitaratutako artikulua
Honekin loturik Info7 irratiko audio [mp3] [ogg] elkarrizketa
[podcast]http://teketen.com/wp-content/uploads/2009/10/hacking_eta_jakin.mp3[/podcast]


Twitter Comment
Hacking eta jakin [link to post]