Paretoren legea, hauteskundeak eta mugimendu berri baten hasiera
Paretoren legea ezagutzen dugunok badakigu gauza askotan aplikagarria dela jendarterako ere. Paretoren legeak gertatzen denaren %80a %20aren eragina dela esaten du. Normalean negatiboa denari aplikatzen zaio horrela jendartearen %20a maltzurra da eta %80ak maltzur hauen eragina jasaten dugu. Egia esan, uste dut Paretoren legea betetzen dela %20ak metatzen baitu aberastasunaren parte handien eta %80ak hau pairatzea tokatzen zaigu. Sare jendartearen garaian arrazonamenduak ezin dira murrizpen hauen bidez guztiz azaldu, askoz ere konplexuagoa baita errealitatea baina hain da larria gai honetan gerteatzen dena, azalpen hau baliagarria izan daitekeela.
Hauteskunde hauetatik eta gure botoa karta zuri bat bezala ulertzen duten politikariengatik ez dut ezer espero. Badira betetzea nahi ditudan gauza batzuk, baina gaurko politikariek ez dituzte beteko, gauza batzuen artean beraien papera desagertu edo aldatuko litzatekeelako.
Hauteskunde hauetako gai garrantzitsuena krisia izan da, baina inorrek ez digu azaldu krisiaren arrazoia ez dela guztiz finantzieroa baizik eta %80ak aberastasun nahikoa ez duela eta kredituetan sartu behar izan duela limiteraino, zenbait finantza erakundek eman dituztelarik. Alegia, arrazoia ez da finantzieroa %20aren metaketa eta berekoikeriak %80a ezer egiteko aberastasunik gabe utzi du. Sistemak horretarako bidea ematen du eta gainera hori da sistemaren barnean arrakasta izateko era bakarra, ahalik eta aberastasun gehien metatzea. Horretaz gain, alderdi politiko gehienek %20 horren mesedetan egiten dute %80aren aldeko politikak hartu beharrean.
Blog hau jendartea eta teknologia uztartzen saiatu da hasieratik, hori izan da bere lema eta horri dagokionez, hauek dira nire eskariak:
- Software librea sustatu esparru publikoan, hezkuntza arloari garrantzi berezia emanez.
- Formatu libre eta estandarren erabilera, independentzia teknologikoa eta elkarrerangitasuna ziurtatzeko.
- Edukien erabilera librea ziurtatuko duten tresna legalak erabiltzea eta hauen zabaltzea jendarte osoari.
- Demokrazia ekonomikoa eta parte hartzailea gauzatzea eta aberastasunaren banaketa egoki baterako neurriak hartzea.
- Osasuna, hezkuntza, eskubide sozial, lan arloan erabaki sendoak eta kobertura zabalekoak hartzea, arlo publikoa handitzea eta joera pribatizatzaileekin bukatzea.
- Aurrekontuak eta administrazioaren jarduna erabat gardena, herritarrek fiskalizatzeko aukera izan dezagun.
- Egoera larrienean dauden sektoreei arreta berezia. Oso famatua da mundu mailan BPGaren %0,7a ematea pobrezia bukatzeko (herrialde gehienek ematen ez dutena), baina Eusko Jaurlaritzaren kasuan adibidez barne pobrezia eta esklusioari aurre egiteko aurrekontua ez da %0,3ra ere iristen.
Puntu hauei guztiei eragiten dielako ez da puntu bakarrean azaltzeko gauza baizik eta denei eragiten diena. Euskararen aldeko aurrerapauso sendoak, jakinda gainera planteatzen diren puntu horiek, helburu hori lortzeko erarik hoberena izan daitezkeela.
Gauza gehiago egon daitezke baina hauetako batzuk dira niretzako garrantzitsuenak. Badakit Gasteizko parlamentuan egon nahi duten horiek ez dituztela beteko eta horregatik pentsatzen dut politika egiteko era berri bat jaioko dela. Tresnak eta baliabideak ditugu, Euskal Herrian mugimendu sozialen ibilbidea handia da, asmo hauek kanalizatuko dituen mugimendu sozial banatu bat behar da eta hori ez da gure botoa eskatzen duten horien eskutik etorriko. Ez da apolitizismoa, nire ustez politika “ogiaren prezioaren salneurria ere bada”, politika egiteko era berrien jaiotza besterik ez. Ez da politika 2.0, hacker politika da eta denon artean (des)egituratzea tokatzen zaigu.
Goazen swarming-ean, frenteak mila, bururik ez, bakoitzak berera, denok batera, hack the planet!


Hi bai geure Pareto handia!
Hau Teknokraziarako, fijo!