Teketen

Jendartea eta teknologia uztartuz
Iraila 3rd, 2009 by teketen

Ongi etorri irlen sarera

Telegrafoak eta horren ondoko teknologiek markatu zuten iragan mendea. Sareen egiturari begiratzen badiogu, zentralizatu gabeko sareak ziren. Hau da, puntu batean edo bestean, norbaiten kontrola behar zuten teknologiak izan ziren. Horrek areagotu egin zuen, esaterako, Ozeano Atlantikoko bi aldeen arteko merkataritza eta harremana. Eta langile mugimendua sortzen eta zabaltzen lagundu zuen. Baina, horrekin batera, mundu berri baten isla, eta sare banatuen mundua erakutsi digun teknologia utzi digu: Internet.

Internetek sare banatuen munduan barneratzen gaitu. Sare banatuetan, puntu batetik bestera igarotzeko bide bat baino gehiago dugu. Gehienetan mila bide daude, laburragoak edo luzeagoak, puntu batetik bestera iristeko. Sareen topologian nodo izena dute puntu horiek, eta bi nodo lotzen dituzten ertzak harremanak dira. Dagoeneko ez dugu beste norbaiten kontrolik jasan beharko. Aukera horrek ikuspuntu asko aldatuko ditu, eta beste batzuk berriz pentsatzera behartuko gaitu.

Horregatik, atal parte-hartzailea izango da Irlen Sarea hau. Nire posta elektronikora edo blogera (teketen.com) egindako ekarpenek eragina izango dute atalean. Bide berriak probatzen saiatuko gara. Gure inguruko teknologiaren gaineko gaiez hitz egingo dugu; batez ere, euskal komunitateari egingo diogu jarraipena. Testuinguru global batean murgilduta gaudenez geroztik, bertan gertatzen diren aldaketei, berrikuntzei, eztabaidei ere begiratuko diegu. Eta, batzuetan, etorkizuna nolakoa izan daitekeen asmatzen ere saiatuko gara.

Irlen Sarea izena duen atal honetan teknologiaz hitz egingo dugu, baina baita teknologiak gure gizartean duen eraginaz ere. Indibidualismo autista promozionatzen duten garai hauetan, pertsona bakoitza isolaturik bizi ezinaz ere hitz egingo dugu hemen. Gure ingurukoekin eta testuinguruarekin ditugun harremanek egiten gaituzte garen bezalakoak. Gauzak eskaini eta eskatzeko dugun ahalmenak, gure inguruan sortzen dugun sareak egiten gaitu pertsona. Berdin gertatzen da taldeekin ere. Horregatik, txoko honen bidez, saiatuko naiz aurkitzen ditugun irla indibidualen eta kolektiboen sareak bistaratzen, elkartzen eta eraikitzen laguntzen. Ongi etorri.

Berria.info webgunean | PDF bertsioa | Inprimatzeko bertsioa

Berriako Irlen Sarea atalean argitaratutako artikulua

Utzi erantzuna

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>