Teketen » Mezua: 'Tresnek ez dute komunitatea eraikitzen'

Tresnek ez dute komunitatea eraikitzen

Argi dago sareak komunikatzeko aukera handiak ematen dituela. Horri esker, interes bereko pertsonak topatu eta elkarren artean komunika daitezke. Baina, horretaz gain, teknologiek pertsona horien artean gauzak sortu eta partekatzeko balio dute. Tresnek ez dituzte komunitateak sortzen; parte-hartzea sustatzeko biderik hoberena da identitate komun bat edo, behintzat, elkarrekin zerbait eraikitzeko motibazioa.

Komunitateek tresnak erabiltzen dituzte elkarri eragiteko. Batzuek teknologia aurreratuak erabiltzen dituzte, eta beste batzuek nahikoa dute posta elektronikoa. Hala ere, egia da tresna batzuek beste batzuek baino hobeto dinamizatzen dituztela komunitateak. Aste honetan sortu den Zutagu sare sozialak, adibidez, tresna asko ditu elkarrekin sorkuntza partekatzeko. Baina tresnak izatea ez da nahikoa. Parte hartzen dutenak gehienetan jadanik zerbaitetan lanean ari dira edota gai konkretu baten inguruan interes berezia dute. Komunitateko partaide edo pertsona horiek elkar lotu behar dira, eta, horrela, jende gehiagoren parte-hartzea sustatu. Tresnek ez dituzte komunitateak sortzen, ezta jendea parte hartzera bultzatzen ere. Hori bai: behintzat, orain, hori ahalbidetzen duen tresna bat gehiago dugu euskaldunok.

Aste honetan beste tresna bat ere aurkeztu da: Eusko Jaurlaritzaren Irekia plataforma. Tresna horrekin, Interneten dagoen jendearekin eztabaidatu nahi du Eusko Jaurlaritzak, proposamenak jaso, entzun, bitartekaririk gabe. Ez luke administrazioak jada komunitateak dauden tokira jo beharko? Horren ordez, leiho berri bat ireki dute administrazioarekin harremanetan jartzeko. Baina, aurkezpenean, zuzenean partaide batek galdetu zion bezala; zer gertatzen da kontsultarekin eta erreferendumekin? Zein sinesgarritasun eduki dezake kontsultak ukatzen dituen gobernu batek, behin eta berriz dinamika parte-hartzaileen aurka azaldu dena edota hauteskundeetan gizartearen parte bati aurkezteko eskubidea ukatzen diona. Plataforma horrek zerbaiterako balio badu, gobernuaren erabakietan eragiteko izan beharko luke, eta, goiz bada ere, duda handiak ditut horren inguruan. Leihoak irekitzea ondo dago, pauso bat da. Baina, orain, itxi dituzten ateak berriro irekitzeko ordua iritsi da.

Berria.info webgunean | PDF bertsioa | Inprimatzeko bertsioa

Berriako Irlen Sarea atalean argitaratutako artikulua

Leave a comment

XHTML - You can use:<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>