Internetek gero eta tontoago egiten gaitu. Hori da batzuek esaten dutena. Baieztapen hori zentzugabekeri bat bada ere, kezka garrantzitsu bat gordetzen du. Internet, gure pentsatzeko era aldatzen ari ote da?
Iraganean oso garrantzitsua izan da beti memoria lantzea. Idaztea zenbait apaiz eta prailek zuten pribilegioa zenean, hauek idatzitakoa, baina gehien bat, herriaren memoria kolektiboan gordetakoak lortu du gaur egungo gizarteei forma ematea. Memorian kantitate handiak gordetzea oso preziatua izan da. Ars Memoriae izenaz ere ezagutzen dira, hori lortu ahal izateko teknika ezberdinak. Baina, gaur egun memorian datuak gordetzearen garrantzia txikiagoa du. Nolabait memoria hori gorde eta nahi dugunean eskuratzeko bideak hobesten ditugu. Gainera, askotan Interneten bilaketa sinple bat egitearekin gure dudak uxatzen ditugu.
Memoria baino, baliabideen arteko erlazio egokiak aurkitzean dago gakoa. Informazio iturri egokiak elkar lotu, pertsona egokiekin harremanetan jarri, datuen arteko erlazio egokiak ezarri. Hori da gaur egunean memoriaren ordezko “arte berria”.
Honek bere gauza on eta txarrak ditu. Alde batetik informazioa kudeatzeko filtroak ezarri behar ditugu, baina filtro horiek bakoitzak erabaki beharko ditu. Orain arte filtroak ere baziren, baina bakoitzak bereak ezartzeko aukerak ez ziren hain handiak. Hedabideen aurrean adibidez, bakoitzak bere filtroa jar zezakeen, baina azkenean informazio iturriak gutxi ziren. Orain aldiz informazio iturri asko ditugu. Informazio uholde horretan filtro egokiak aukeratzea oso garrantzitsua da, baina oso zaila aldi berean.
Aldaketa honen beste sintoma bat, gure arreta gauza bakar batean jartzeko arazoa da. Gero eta jende gehiago da, besterik gabe liburu bat osorik edota webgune bateko artikulu luze bat, salto egin gabe irakurtzeko zailtasunak dituena. Blogetan izaten diren eztabaida eta testu mamitsuen ordez, sare sozialetako eztabaida labur eta askotan interesik gabekoez ordezkatzen ari da jende asko.
Hausnartzeko gaitasuna ere eraldatzen ari da pertsona batzuetan. Nahiago dugu adibidez zerbitzu berri bat probatu, honek eskatzen dizkigun baldintzak ezagutu gabe, orain arte %10ean ezagutzen ditugun zerbitzuetan gehiago sakontzea baino. Memoria eta hausnartzeko gaitasunik gabeko gizarte bat erraz manipulatu daiteke.
Berriako Irlen Sarea atalean argitaratutako artikulua

