Herri lurrak
Ezagunak zaizkigu herri lurrak. Antzinako herri antolaketetan ohikoak izan dira. Nolabait denok erabiltzeko eskubidea zuten lurrak ziren. Haien kudeaketa ere denon eskuan geratzen zen, eta ondorengoek ere horrela jasotzen zuten. Euskal Herrian jabetza mota hau oso zabaldua izan zen, jabetza pribatuak ia osorik ordezkatu zuen arte. Hala ere, hain izan zen garrantzitsua, zein gaur ere Nafarroako eta beste toki batzuetako lurrek oraindik ere jabetza mota hau mantentzen dute. Interneten gure herri lurrak ere baditugu. Gazteleraz procomĂșn deitzen diote, ingelesez commons. Haren esanahia ondoko hau litzateke: Denona den jabetza mota bat da. Denon mesedetan babes berezia izan behar duena, denok erabiltzen jarraitu ahal izateko. Multzo hau osatzen dute aurrekoek utzitako guztiak eta denon artean auzolanean sortzen dugunak. Eta ondorengoei horren emaitza utziko zaie.
Horrelako jabetzakoak dira Wikimedia Commons-en daudenak eta, noski, baita Wikipedia bera ere. Bertan dagoena denok erabil dezakegu, baina sortzen duguna ere ondorengoek erabili ahal izango dute.
Jabetza hori, boluntarioek sortua da kasu gehienetan. Bada garaia erakunde publikoak datuak askatu eta herri lur hauek handitzen hasteko. Horrelako zerbait egin du jada Eusko Jaurlaritzak Open Data Euskadi proiektuan. Datuak askatu ditu eta garatzaileei hauekin lan egiteko bidea erraztu.
Datu hauek eta sarean dauden beste hainbat erabiliz lehen Abre Datos erronka izan da. 48 ordutan datuak erabiliz aplikazioak sortzeko erronka. Norbaitek 48 ordutan zer egin daitekeen jakin nahi badu, hau adibide bikaina da. Horri esker, datu publikoak ustiatzen dituzten 29 proiektu berri sortu dira.
Erakunde publikoez gain, talde, enpresa eta pertsonek ere jabetza mota hau zabaltzen lagundu dezakete. Sortutakoari lizentzia libre egoki bat jarriz. Azken finean, denoi eragiten digun etika zahar-berri baten berpizkundea da. Jabetza indibidualetik jabetza kolektiborako ateak irekitzen dituen etika bat. Etika horren baitan zure sorkuntzak balio handiagoa dauka, baldin eta partekatzen baduzu eta besteek zure sorkuntzarekin gauza berriak sortzeko aukera badute. Zure esku ere, beraz, herri lurrak zabaltzen hastea.
Berriako Irlen Sarea atalean argitaratutako artikulua





[...] lurrak http://teketen.com/2010/05/herri-lurrak/ [...]