Azken aldian kooperatibismoaren inguruan interes handia piztu zait. Iruditzen zait etorkizunerako tresna garrantzitsu bat izan daitekeela, ez bakarrik komunitate identitarioei forma emateko, baizik eta komunitate ekonomikoak ere hauen inguruan egituratzeko. Uste dut kooperatibismotik gauza asko ikasi daitezkeela, baina forma berriak ere beharko dituela. Internet bidezĀ sortu diren komunitate eta sare egituraketek asko eskaini dezakete kooperatibismoa berritzeko.
Horregatik, Bagara ekimena oso interesgarria iruditzen zait, kooperatibismoaren krisiaz ohartu eta ekimen berriak bultzatzera behartzen duelako. Badirudi gainera, herritarren masa kritiko bat biltzea lortu duela. Kooperatibismoaren izaerak egokitzapenak behar baditu ere, oinarrietan inoiz baino aukera gehiago dituela uste dut. Nire ustez, kooperatibismoaren forma berriak ikertzeak eta asmatzeak merezi du. Argi dago, blog honetan hainbeste aipatu den aberastasunaren banaketan, eragin zuzena izan ditzaketela kooperatibismo forma berriek.
P.D: Hala ere, webgunerik ez dut aurkitu Bagara ekimenaren inguruan… Norbaitek?


Gaur egungo koperatibak nahiko aldentzen dira J.M. Arizmendiarrietak bultzatutakotik, urte asko egin nituen batean lanean eta enpresa batean hobe nago. Bazkide – ez bazkideen arteko eskubide aldea ikaragarria da. Bazkide ez bazara, ez zara ezer, enpresa bateko sozio bazina moduan.
Talde lanean (sekta?) sustatzen duten enpresari talde kapitalistak dira. Langileak izateaz gain enpresariak dira, hitz hau gustatze ez zaien arren. Eta ez zait gaizki iruditzen, gaur egungo errealitatean (globalizazioa, kapitalismoa) joera hau izatea, baina ez dezatela gezurrik saldu.
Non geratu dira ingurunea sustatzeko politak etab. Azkena Arrasaten izan nintzenean San Andres auzoan ikusitako pintadak dena zioen.
Demokraziaren moduan, teoria polita, baina errealitatea gordina.
Aupa Nineu, ez dut ukatzen arazoak dituztela. Uste dut gainera zurekin ados nagoela, baina uste dut testuan ere nahiko argi azaltzen dela diozun hori.
Kooperatibaz ari naizenean, ez naiz Mondragonez ari. Badakit gurean horri buruz hitz egiteak ia oharkabean bertara ematen zaituela, erabat ulergarria da. Egia da era Arizmendiarrietaren ideietatik nahiko urrun daudela gaur egungo kooperatibak. Nire ustez, tamainak eta merkatu kapitalistan konpetitu beharrak eraman dute, helburu horiek galtzera. Baina, egia da ere Debagoiena eta kooperatiba hori dagoen tokiak, lurralde aberatsenetakoa dela gurean. Eta, garrantzitsuagoa dena, aberastasuna hobekien banatzen duenetako bat.
Horrek gauzak pentsatzera narama. Kooperatiba handitasunari lotu gabe eta hazteko behar hori gabe eredu interesgarria izan daiteke oraindik. Hori gainera saretik ikasi ditugun elkarlan eta egitura berriak gehitzen badizkiegu…?
Zure mezutik gustatu ez zaidana, sekta bezala identifikatzeko joera hori da. Kooperatiba handiek enpresa handiek dituzten gaitz antzekoak dituzte. Inpersonalak dira, hotzak, berezitasunak handiak dira. Aldiz nire kooperatiba txikien sare federazioaren ideiak. Kooperatibak txikiak dira, beraien barnean identitate bat partekatzen dute, beste kooperatiba, enpresa edo pertsonekin sareetan federatzeko gaitasuna dute. Handitu beharrean pertsona horien motibazioaren inguruan eraikitzen dira eta elkarlanean haritzeko ez dute inongo arazorik. Hasieran sartzen diren pertsonak, prozesu bat behar dute identitate hori konpartitzera iristeko edota indentitate horrekin bat egiten ez dutela erabakitzeko. Hori bai, hasieratik beste bat bezala dira, nahiz eta sozio ez izan.
Bestearekin ados nago. Eredu kooperatiboa niretzako langileriaren aldeko mugimendu bat izan beharko luke. Aberastasunaren banaketa hobe bat, produkzio baliabideak langileriaren esku dauden eta komunitate ekonomiko hori sustraitua dagoen lekuaren gizartearen beharrei lotutako eredu bat behar luke. Beraz, egoera horretan ez dauden langileei sostengua adierazi behar dion eredua. Greba guztiak, langile horiei beraien eredu propioa egin dezaketela aldarrikatzeko eta ezin dutenei sostengua adierazteko erabili beharko lirateke. Nik horrela egingo nuke!
Ulertzen ditut zure kezka guztiak. Batez ere, aipatutako kooperatibaren prismatik begiratzen baduzu, baina kooperatibismo berri bat sustatzen badugu? Nahiago hori, sustatzen duten pelotazoaren ekintzailetasuna baino. Hala ere, elkarrizketa jarraitzeko Julen Iturberen (http://blog.consultorartesano.com/2010/03/zemos98… mezu magistral bat topatu dut honekin lotuta. Irakurri benetan merezi du eta.
Uste dut Bagarakoak benetako kooperatibismoaren alde onak bultzatu nahi dituztela. Mondragon-en kooperatibismoari interesgarriagoa iruditzen zaio Arizmendiarrieta kanonizatzea, eta mirariak asmatzen ariko dira. Bagararen aurkezpenean egon nintzen eta oso itxura ona zuen denak, ea aurrera egiten duten.
Uste nuen aurkezpenean banatu zituzten papeletan bazegoela webgunearen helbidea, baina orain ez dut aurkitzen, agian oraindik ez dute webik?
Aupa Gorka, zure post honen ondorioz ordu mordoa pasa dut kooperatibismoaren inguruan pentsatzen. Zer da gaur egun kooperatibismoa? Zer izan beharko luke?
Egia esan urtetan oso oso kritikoa izan naiz kooperatibismoarekin, nahiko modu irrazionalean, baina kontua da ezagutu dudan kooperatibismoa MCC korporazioarena izan dela, eta esan behar dut ez zaidala batere gustatzen daraman norabidea. Azken bi urtetan hala ere interes propioagatik eta anarkismoaren inguruko irakurgai batzuren erruz, gaia berriro interesatu zait eta denbora honetan ikasi dut kooperatibismoa ez dela MCC bakarrik eta bide hori saiatu duten milaka ekimen izan direla eta direla gaur egun oraindik. Kontua da hemen Euskal Herrian badugula erreferente argi bat, kooperatibismoa bide jakin batean eraman duena, eta leku askotan eredugarri iruditzen zaiena eta esportagarri bihurtu dutena. Gainera Euskal Herrian gehiegi sakondu gabeko onarpen soziala dauka. Kooperatibismo eredu honek baina akats larri bat dauka, bere izateko funtsa dudan jartzen duena, eta da merkatu kapitalistan konpetitu (edo bizirauteko?) hazkunde estrategiak erabiltzea erabaki duela. Erabaki hauen ondorio dira Eroski edo Caja Laboralen egoerak. Lehenak hazkunde azeleratuak eragindako arazo estruktural eta finantzieroak ditu, eta kooperatibismotik oso aldenduta dagoen etika falta erakusten du bere negozio ereduan. Bigarrenak berriz krisi finantzieroa sortu zuten negozio ilunetan parte hartu zuen, benefizioa etikaren aurretik jarriz, eta modu horretan milaka pertsonen aurrezkiak arriskuan jarriz. Adibideak baino ez dira, eta honekin ez dut esan nahi, ereduak gauza onik ez duenik, noski badituela. Eredu honek kooperatiba elkarte asko sortu ditu, asko eredugarriak (handitu ez direnak?) eta presentzia nabarmena duten eskualdetan, zuk diozun bezala aberastasunaren banaketa justuagoa da, hori lortu du, beraz badu zerbait ona, baina hortxe dauka beste arrisku nagusietako bat, klase berriak sortzearena: kooperatibista/langile arrunta. Kooperatibek sistema itxi moduan funzionatzen badute, hau da, aberastasunaren banaketa justua kooperatibisten artean bakarrik bermatzen badute (askotan estatusa mantentzeko eskema kontserbadoreak erabiliz, greben aurkako posturak, sindikaturik ez etb.), klasismoa sustatzen dute, eta hori oso nabarmena da kooperatiben inguruan (epe baterako langileak, lan ez kualifikatuak, subkontratak), edo internazionaliztzeko beraien aktibitatea eraman duten herrialdetan. Nire ustez sistema irekiak izan behar dute, hazkunde estrategiak erabili beharrean, estrategia integratzaileak erabili behar dituzte, ingurunean balore kooperatibistak sustatuz, zenbait kasutan egin izan den bezala.
Euskal Herrikoa eredu posibleetako bat da, baina badira gehiago, batzuk anarkismoarekin oso lotuak, Alemanian edo Katalunian adibidez eta historia luzea dutenak. Kolektibistak eta autogestionarioak izan dira, baina gizartean ez dute zabalkunde handirik izan, batzuetan nahi izan ez dutelako, besteetan ideia politiko ortodoxoen ondorioz sareak sortzea lortu ez dutelako, eta beste batzuetan errepresioak zapaldu dituelako. Eredu hau orokorrean merkatu kapitalismotik aldendua mantendu da.
Gaur egun zein eredu jarraitu beharko genuke? Eredu guztiek dituzte alde positibo eta negatiboak eta hauek aztertzea da gure lana, baina beharrezko ikusten dut zuk diozun bezala Kooperatibismo Berria sortzea, seguruenik kooperatiba txikiez sortua, eta sareak eskaintzen dituen tresnekin sortzen ari diren komunitateak bizitzaren aspektu oso ezberdinetan kooperatiben bidez elkartuko dituena. Kooperatiba etorkizunerako tresna oso baliagarria izango da, baina ez orain bezala enpresa antolaketarako figura sozietario moduan bakarrik ikusten badugu, hori oso murriztailea da, eta kooperatibismoak askoz gehiagorako balio dezake modu integralean ulertzen badugu, adibidez, familia baten antolakuntza bermatzeko ezkontzaren ordez, lagun talde baten interes komunak bideratzeko, pertsonen lana eta bizirautea bermatzeko, aberastasunaren banaketa justua lortzeko. Deshazkundeak eta XXI. Mendeko Sozialismoak planteatzen dituzten helburuak lortzeko tresna ezinbestekoa izango da kooperatibismoa. Agian asko aurreratu naiz azken honekin? Agian, baina bidea egiteko balioko du kooperatibismoak, eta kapitalismo finantzieroaren antidoto izan daiteke, ekonomia errealean baitute funtsa kooperatibek.
Nire ustez Kooperatibismo Berriak ezaugarri hauek izan behar ditu: Etikoa, modularra, sare banatuetan antolatua, ekosozialista, integrala…
Beraz nondik hasiko gara? Nola sustatuko dugu kooperatibismo berri hori? Jardunaldi batzuk antolatuz? Manifestu bat? Gure artean hitz egin eta kooperatibismo berriaren aldeko sare bat sortuz? Eredu bezela funzionatuko luken kooperatiba bat sortuz? Mahai baten inguruan kafe bat hartu eta eztabaidatuz? Aurreko guztiekin hasi gaitezke
Gurekin batera, David de Ugartek etab. beraien eztabaida sortu dute. Sinkronizitate bat izan da, guk hasi eta beraiek ere hasi dira. Proposamen moduan aurretik egin zuten Demokrazioa Ekonomikoaren II jardunaldi transnazionala egin genezake Euskal Herrian. Egokiena Debagoiena edo Mondragon inguruan, norbait ezagutuko dugu ezta? Horrela kanpotik ere eredu berriak ere entzungo ditugu.
Gero nik bigarren parte bat egingo nuke, gurera ekarrita. Behin jardunaldiak amaituta, 2. jardunaldi batzuk egin, guretzako. Jardunaldietan bertan entzun duguna, baina guretzat egokitua eta hau euskaraz. Interesatuak dauden agenteekin. Suposatzen dut zure diagnostikoa partekatzen duten jendea badagoela MCC inguruetan ere.
Zer iruditzen?
P.D: Zure diagnostikoa ia osoa konpartitzen dut. Lokalismoaren eztabaidak hari gehiago dituela uste dut. Hori bai modulartasuna eta sareen gaiarekin ustez konpon daitekeena.
Oso ondo iruditzen zait. Interesgarria izango da Las Indiaseko hauek esaten dutena zuzenean entzutea. Oso gauza interesgarriak planteatzen dituzte, baina batzuetan beraien terminologiarekin galtzen naiz.. Planteatzen duten 2. bilkura hori hona ekartzea posible ikusten duzu?
Bestalde, paraleloan beste bilkura antolatzen hasi gaitezke, euskaraz eta gure inguruko pertsona eta agenteekin.
Social comments and analytics for this post…
This post was mentioned on Twitter by teketen: Kooperatibismoa http://teketen.com/2010/03/kooperatibismoa/...
[...] http://teketen.com/2010/03/kooperatibismoa/ [...]
Gaur egun bizi ditugun sistema ekonomiko, produkzio eredu eta lan harremanetan, haize freskoa dira hemen aipatu dituzuen hainbat ideia: txiki izatearen garrantzia, ekonomia demokratikoa, aberastasunaren banaketa justua, eta abar.
Maiatzaren 21ean ideia guzti hauen inguruan antolatu den jardunaldian parte hartzeko desiratzen nago (http://lasindias.org/%C2%BFhacemos-un-segundo-encuentro-sobre-democracia-economica)