Nerabeak eta Interneteko sare sozialak
Hedabideetan Interneteko sare sozialak eta nerabeak aipatzen direnean, beldurra sartzeko besterik ez da izaten. Gaiak gehienetan pederastak, liskarrak, erasoak… izan ohi dira. Baina zer egiten dute ba gazte hauek Interneten? Non ibiltzen dira? Zein dira haien lagun sareak?
Gehienek Messengerra erabiltzen dute beren artean mezu bidez komunikatzeko. Sare sozialen artean Tuenti da nagusi. Adina aurrera joan ahala, Facebook ere erabiltzen hasten dira, hurrengo pausoa balitz bezala.
Bi tresna mota dira, eta lehenengoan beraien sarea batez ere egunero edo oso maiztasuna handiarekin kontaktatzen dituzten pertsonak izaten dira. Tuenti, Facebook eta halako sareetan, aldiz, kontaktu horiez gain, beren bizitzako beste hainbat arlotako kontaktuak dituzte. Hau da kirol, aisialdi, eskolaz kanpoko taldeetako jendea eta beren lagunen lagunak, adibidez. Normalean, kontaktu gehiago kudeatzeko aukera ematen die eta, beraz, bere interesekin bat datozen pertsonak errazago aurkitzeko aukera.
Gehienbat, komunikatzeko erabiltzen dituzte. Hiperkomunikatuak bizi direla esan daiteke. Orain, inoiz baino gehiago, beren lagun eta ezagunek egiten dutena ezagutzen dute. Beren bizitzaren parte batzuk zabaltzea erabakitzen dute, argazkiak, bideoak… eta, batez ere, era ludikoan erabiltzen dituzte tresna hauek. Era berean, lanak egiteko edota informazioa trukatzeko ere erabiltzen dituzte. Hau da, norbaiti harrigarria irudituko zaio, baina ez dituzte lagun berri asko egiten. Normalean, sare hauek bere bizitza errealeko sareetako lagun eta ezagunak izaten dira.
Pribatutasuna eskubide bat denez, hori gauzatzeko ezagutzak izatea gomendagarria litzateke. Hasieran eta askotan ondoren ere balio lehenetsiekin konformatzen dira. Nahiago izaten dutelako zenbait gauza publiko egin. Hala ere, praktikaren bidez ederki asko ikasten dute eta kasu askotan ez dugu ezer izango haiei irakasteko; beraiek ondo dakite, esperimentatu ostean, zer eta zenekin partekatu nahi duten.
Entzuten diren gauza beldurgarri gehienek, beraz, ez dute zentzu handiegirik. Salbuespenak orokortzen saiatzen direlako. Eta, era berean, enpresa pribatu handi gutxi batzuen eskuetan informazio hori guztia jartzea inor gutxiri inporta zaio. Horretaz beraiek ez dira arduratuko.
Berria.info webgunean | PDF bertsioa | Inprimatzeko bertsioa
Berriako Irlen Sarea atalean argitaratutako artikulua
Honekin loturik Info7 irratiko audio [mp3] [ogg] elkarrizketa.
[podcast]http://teketen.com/wp-content/uploads/2010/02/nerabeak_eta_interneteko_sare_sozialak.mp3[/podcast]
Sare sozialekin harremana duten testuak
Berriketan.info informazioaren inguruko euskarazko sare soziala sortu da.
[…] es una traducción de un artículo de Gorka Julio (Nerabeak eta Interneteko sare sozialak). Publicado originalmente en euskera la pasada semana en el diario Berria. Lo traduzco aquí al […]
Aupa Gorka
Ados nago azkeneko paragrafoan diozunarekin. Salbuespenak orokortzeko joera nabarmena dago komunikabideen aldetik. Jakina da heldu gehienek horiek dituztela informazio iturri nagusi bezala eta ulergarria da, ondorioz, nerabe horien gurasoak kezkatuta ibiltzea entzun eta ikusten dutenarekin. Gure gizarteak badauka hortxe hobetu beharreko atal garrantzitsu bat, helduen alfabetizazio digitalarena hain zuzen ere.
Dena den, ez nago ados azkenaurrekoan diozunarekin. Nerabeak sarean duten jokabidea ez da bizitza "analogikoan" dutenaren oso desberdina. Sarean ere modak izaten dira, herenegun Mesengerra zen, atzo Fotologa eta gaur Tuenti. Nerabeentzat oso inportantea da beti "on" egotea, horrelakoetatik kanpo egoteak mundu analogikoan duten koadrilatik kanpo egotea ekartzen baitu askotan. Beraz, modari jarraitzen diote, eskuartean zer erabiltzen ari diren jakin gabe.
Adin horretan "dena dakite", are gehiago teknologia kontuetan non oso ederki dakiten zeintzuk diren euren gurasoek, arlo horretan, dituzten gabeziak. Dena kontrolpean dutenaren sentsazioa transmititzen dute inguruan baina euren inguruan bazabiltza segituan jabetzen zara gehiengo bat nahiko galduta dabilela.
Gehienek parre egiten dute komentatzen diezunean euren ekipoen segurtasuna arriskuan jartzen ari direla Messenger, eMule edo internet Explorer erabiliz. Badakite baina ez dute alternatiba hobeagorik ezagutzen, ez direlako gai inguruan dagoenaren jarraipena egiteko. Etxeko ordenagailua kaxka-kaxka eginda daukate gehienek, euren interneteko konexioa oso mantso omen dute guztiek (nahiz eta mega pilo bateko konexioa eduki), pop-up leiho pilo bat irekitzen omen zaie… eta ez dakite zergatik gertatzen zaien hori, antibirusa instalatuta daukate eta.
Gehiengo batek ere ez zeukan kontzientziarik Fotolog-eko "aktualizazio"ak publikoak zirela, heldu batzuk euren ekarpenak jarraitzen genituela, euren fotologa bisitatu beharrik izan gabe. Batek galdetu zidan, behin: eta nola egiten duzu orduan guri "espiatzeko" (pentsatuz programa berezi bat edo erabiltzen nuela horretarako)? – RSS izena duen gauza bat erabiliz – erantzun nien. Ikusi behar zenituen euren aurpegiak. Zertaz ari nintzen ideiarik ere ez zuten. Ikasbidaian zertan aritu ziren eurekin bertara joan ziren irakasleak baino hobeto nekiela esan nien, nola ibili ziren balkoitik balkoi saltoka edo pepinozko potingea aurpegian ematen. Erabat lotsatuta utzi nituen. Ordutik ez dute berriro euren fotologa eguneratu Tuentira pasa dira.
Baina Tuentin ere galduta dabiltza askok.
Ez dira sareak, ez dira txatak, ez dira aplikazioak. Adinari lotutako jarrerak dira, arduragabekeriak, lagunen aurrean heldu bezala azaltzeko beharra, modak… Alderdi horretatik, teknologia berriek putada bat suposatu die, izan ere, orain lehen ez bezala euren irudi analogikoaz arduratzeaz gain, euren identitate digitalaz arduratzea tokatu zaie eta horretan galduta dabiltza.
Alderdi horretatik, euren adinarekin guk genuen heldutasun maila baina handiagoa bereganatu behar dute ez badute, batzuk behintzat, gaizki pasatu nahi.
Ulertzen dut zer diozun eta horretan ados gaude. Hor azaltzen dut arduragabekeri puntu hori badagoela, baina zenek ez du izan? Nolabait datorrenarekin konformatzeko joera hori. Baina ez pentsa, beraiek orokorrean (kasuak kasu) ondo kontrolatzen dute zenekin zer partekatu. Edozein kasutan nagusiek duten utzikeria antzekoa ikusten dut hauengan. Gazte ez diren perfil askotan, beharbada ikustea nahiko ez genukeen mila gauza dago! Errepaso bat egin zure kontaktuen artean eta ikusiko duzu.
Fase hauetan hori ezagutaraztea, alternatibak erakustea,… noski. Interesgarria litzateke hori egitea. Uste dut, audioan behintzat hori nahiko argi gelditzen dela. Batzuetan paperak bere mugak ditu.
Modak jarraitzen dituztela… beno. Berez Interneteko sare sozialetan horrelako jarrera kutsakorrak asko dira. Normalean zure testuinguruaren mugimenduetara egokitzeko joerak alegia. Nik ez nituzke moda deituko, batez ere denboran jarraipen bat izango dutelako eta noski esperimentatu beharko dugu, haiek eta guk.
Zitalkeria puntu handi bat dago eta gehiago arduratzen nau horrek, zenbait plataformek ezarritako baimen lehenetsiekin. Tuentik adibidez nahiko ondo kudeatzen dituen bitartean, Facebook-ek baimen kontrol oso dudosoa jartzen du lehenetsi bezala. Hala ere, noski aldatzeko aukera dugu, baina horretarako jakin behar. Hau utzikeriarekin nahasten duzunean, bingo! Arazoak. Horregatik era honetako gauzak azaltzea ez da inoiz soberan egongo, baina berriro diot ez da gazteen kontua bakarrik.
[…] Teketen (2010eko otsailaren 19an argitaratua) Nerabeak eta interneteko sare sozialak. Teketen, jendartea eta teknologia uztartuz, 2011 azaroan eskuratua http://teketen.com/2010/02/nerabeak-eta-interneteko-sare-sozialak/ […]
[…] Nerabeak eta interneteko sare sozialak (2010/02/19) 2011/11/23an kontsultaua http://teketen.com/2010/02/nerabeak-eta-interneteko-sare-sozialak/ LD_AddCustomAttr("AdOpt", "1"); LD_AddCustomAttr("Origin", "other"); […]