Atzo alderdien gainetik josten ari den independentziaren aldeko sare mugimendu bat aurkeztu zuten. Albiste oso positiboa, azken urteetako fragmentazioa eta borrokak ikusita. Orain sareen saretik ere, prozesu demokratikoa defendatu eta eztabaida politiko ireki bat abiatu beharko genuke. Lehenengo puntuan denok egon beharko genuke ados eta bigarrenean bakoitzak bere blogetik (edo erabiltzen dituen tresnetatik), bitartekaritzarik gabe, bere iritziak plazaratu beharko lituzke.
Hurrengo hauteskundeak datozenean, betiko politikariak ikusiko ditugu bere webguneak eta blogak tresna sozialez jazten eta parte hartzeaz hitz egiten. Baina, oraingoan ezberdina izan behar du. Bakoitzak bere txokotik eztabaidari ekin eta besteen txokotatik pasako gara gure iritzia ematera. Beraiek parte hartu nahi badute, berdintasunean egin dezatela, beren txokotik. Jendearen eskariak hobeto erantzun eta jasotzen dituztenak sinesgarritasun gehiago izango dute. Beraien azken aukera izan daiteke, laster hauek ere balio gabeko bitartekari izan daitezke eta.


[...] josten http://teketen.com/2010/02/sareak-josten/ [...]
Niri ez dit inpresioa ematen sare hori "alderdien gainetik" josten ari direnik; aparatuetatik edo petit-comiteetatik gertuago dakusat. Beharbada oker nago. Independentismoaren inguruan zuk diozun eztabaida horizontal hori ondo legoke bai, ze ez dut ikusten inork Euskal Herrian independentziarako biderik proposatzen duenik. Zure Bacalhau ideia ez dakit utopiko edo politikoak ere intrigatzen nau, eta jakin nahi nuke hartaz gehiago, ulertze aldera.
@luistxo Normala da hasieran aurpegi ezagunak agertzea era honetako ekimenetan. Baina iritsi zaizkidan ahots guztiek adierazten dutena da, alderdien gainetik benetako sare (ez bakarrik Interneten) eztabaida bat bultzatu nahi dela. Hori bai, gure esku dago hori horrela izatea. Izan ere, orain arte alderdi politikoak eta bere inertzia guztiak ere prest daude antzeko jarraitzeko. Beraz, parte hartzen ez badugu, sare banatu bat baino, sare deszentralizatu bat izango da. Alderdi zentralizatuak baino hobeto, baina hala ere eskas gaur egunerako.
BacalHau ideia guztiak bezala, ideologikoa da. Utopikoa baino, bakoitzak egi bihur dezakeen errealitatea. Berez, zuk diozun moduan bideak eztabaidatzeko eta proposatu nahi dituen ekimena. Internetek erakutsi diguna baliatu eta etorkizuna asmatzen hasteko mito bat. Erresistentziatik, Erresilentziara pasatzeko tresna bat. Interesen araberako komunitate eta sareak eraikitzeko tresna. Gutxinaka forma hartzen doa hau ere, zertan bukatzen duen…?