Teketen

Jendartea eta teknologia uztartuz
Otsaila 18th, 2010 by teketen

Tresnek ez dute komunitatea eraikitzen

Argi dago sareak komunikatzeko aukera handiak ematen dituela. Horri esker, interes bereko pertsonak topatu eta elkarren artean komunika daitezke. Baina, horretaz gain, teknologiek pertsona horien artean gauzak sortu eta partekatzeko balio dute. Tresnek ez dituzte komunitateak sortzen; parte-hartzea sustatzeko biderik hoberena da identitate komun bat edo, behintzat, elkarrekin zerbait eraikitzeko motibazioa.

Komunitateek tresnak erabiltzen dituzte elkarri eragiteko. Batzuek teknologia aurreratuak erabiltzen dituzte, eta beste batzuek nahikoa dute posta elektronikoa. Hala ere, egia da tresna batzuek beste batzuek baino hobeto dinamizatzen dituztela komunitateak. Aste honetan sortu den Zutagu sare sozialak, adibidez, tresna asko ditu elkarrekin sorkuntza partekatzeko. Baina tresnak izatea ez da nahikoa. Parte hartzen dutenak gehienetan jadanik zerbaitetan lanean ari dira edota gai konkretu baten inguruan interes berezia dute. Komunitateko partaide edo pertsona horiek elkar lotu behar dira, eta, horrela, jende gehiagoren parte-hartzea sustatu. Tresnek ez dituzte komunitateak sortzen, ezta jendea parte hartzera bultzatzen ere. Hori bai: behintzat, orain, hori ahalbidetzen duen tresna bat gehiago dugu euskaldunok.

Aste honetan beste tresna bat ere aurkeztu da: Eusko Jaurlaritzaren Irekia plataforma. Tresna horrekin, Interneten dagoen jendearekin eztabaidatu nahi du Eusko Jaurlaritzak, proposamenak jaso, entzun, bitartekaririk gabe. Ez luke administrazioak jada komunitateak dauden tokira jo beharko? Horren ordez, leiho berri bat ireki dute administrazioarekin harremanetan jartzeko. Baina, aurkezpenean, zuzenean partaide batek galdetu zion bezala; zer gertatzen da kontsultarekin eta erreferendumekin? Zein sinesgarritasun eduki dezake kontsultak ukatzen dituen gobernu batek, behin eta berriz dinamika parte-hartzaileen aurka azaldu dena edota hauteskundeetan gizartearen parte bati aurkezteko eskubidea ukatzen diona. Plataforma horrek zerbaiterako balio badu, gobernuaren erabakietan eragiteko izan beharko luke, eta, goiz bada ere, duda handiak ditut horren inguruan. Leihoak irekitzea ondo dago, pauso bat da. Baina, orain, itxi dituzten ateak berriro irekitzeko ordua iritsi da.

Berria.info webgunean | PDF bertsioa | Inprimatzeko bertsioa

Berriako Irlen Sarea atalean argitaratutako artikulua

Comments

2 Responses to “Tresnek ez dute komunitatea eraikitzen”
  1. [...] dago komunitate batek trinkotzeko erabiltzen duen tresnak, ez duela komunitatea bera sortzen. Baina, argi dago komunitate horrek egin ditzakeen gauzak mugatzen dituela. Zure komunitateak zer [...]

  2. [...] Mikel iturriak “Ez dugu Euskadiko Blogarien Elkarte bat behar”  mezuarekin eztabaidari hasiera eman dio eta Mikelekin erabat ados nago. Beharbada orain dela urte batzuk zentzua izan zezakeen; orain aldiz, denok ezagutzen ditugu eta Interneten aurki dezakegun laguntzarekin nahikoa ez badugu, laguntzeko prest dagoen jendea erraz aurki dezakegu. Helburu hori balitz: Aprendices, blogs&beers, fish&txips… bezalako ekimenak aspalditik izan dira, elkarterik behar izan gabe ere. Oraindik zentzua izango luke, eibar.org, Blogsoviet, Txintxarrisfera… bezalako ekimen bat balitz. Jendeari bere bloga sortzen lagundu eta baliabideak eman, baina batez ere horren inguruan komunitate bat eraiki nahi izango balitz. Eztabaida bateratu bat izateko gogoaz gain, ezaugarri antzekoak dituzten pertsonen arteko komunitate bat sortzeko. Ez dut uste hau ere helburua denik. Baina, gainera zergatik izendatu Euskadiko Blogarien Elkartea? Izen horrekin ezin da beraiek dioten bezala beste nodo bat izan. Blogeu bitartekari izatea bilatzen dutela pentsatzera eramaten dute. Ahots ezberdinez osatutako sare banatua, blogosfera, ahots bakar batera murriztea, sare horren aberastasuna erasotzen du. Ondoren, bitartekaritza horren bidez botere espazioetan ordezkaritza bilatu nahiko balute bezala. Orduan zergatik sortu? Jakin badakite, bitartekaritza hori lortuz gero askoren izenean hitz egin ahal izango dutela. Hedabideek adibidez zeni deituko diote, esfortzu handirik egin gabe Interneten dabiltzan iritzi emaileak bilatzeko? Llaster hemen ere, “Euskadiko blogariek” sustatutako blogarientzako ekimen erraldoiak eta manifestuak ikusten has gaitezkeela iruditzen zait. Klonatu bai, baina euskal blogosferarekin duten harremana exkaxa baino gehiago izan da. Hasieratik euskararekiko izandako jarrerak ez du hauen integrazioa errazten (nahiz eta lagun bakar batzuk bertan egon). Euskaldunok gai tematiko bat dirudigu, bete beharreko kuota bat. Blogariak ahots propioa dugulako gara blogari. Sortzen ditugun komunitateek zentzua hartzen dute, ahots horiek eztabaida bihurtzen direlako eta eztabaida horiek adostasun. Ez du zentzurik beraz, ahots propio horien guztiek bitartekari bat izatea, komunitate bat ez badago, tresnak ez baitu komunitatea egiten. [...]

Utzi erantzuna

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>