Atzo #acampadadonostia -an egon nintzen. Aurretik orokorrean mugimendu horri buruz Irlen Sarean idatzi nuen, baina bertan egon eta parte-hartu behar nuen gertu sortutako mugimenduaren berri erreala izateko. Hemen, hor ikusi, sentitu eta gertatutakoak:
1. Zorionak! Horrela hasi nahiko nuke nire mezua. Swarming erara antolatu eta asanbladetan antolatzeko gaitasuna izan duzuen pertsona horiei. Batez ere nukleo gogorrari, bertan lo egiteko prest gelditu denari. Badakit sentitu izan dudalako beste batzuetan ere, hor bildu diren pertsonak ez direla berriro ere berdinak izango, zerbait aldatu dela beraiengan eta hori jada oso garrantzitsua da. Carlo Frabettik GARAko “La revolución ha comenzado” artikulu interesgarrian Marxen hitz hauek gogorarazi dizkit:
La importancia de las movilizaciones sociales estriba, más que en sus logros inmediatos, en su capacidad de transformar a quienes participan en ellas.
2. Jende gaztea eta gloria zaharrak ikusi ditut, alderdi ezkertiarretakoak, V de vivienda mugimenduan ibilitakoak, abertzaleak, anarkistak, komunistak eta “apolitikoak” (bere burua horrela identifikatu nahi dutenak alegia). Denak maila pertsonalean, nahiz eta bakoitzak bere filia eta fobiak izan. Beren burua apolitikotzat duten horiek esan dezaketenari garrantzi gutxi ematen diot nik, ez baitakite egiten ari diren hori bera politika ere badela.
3. Euskara is missing! Eztabaida honetan zentratu nahi izan gabe ere eta nahiz eta asanbladak lehen egunetik elebiduna izan behar zuela adierazi, badirudi bereziki asanbladetako nukleo gogorreko batzuen ondorioz batez ere, hau ez da betetzen ari. Horietako batzuek gainera, ahotsa nahi duten moduan erabili dezakete, mikrofono bakar bat egon beharrean (denentzat), pertsona batek mikrofono propio bat ere bazuen!
4. Sormena lantzeko talde txikietan antolatzea garrantzitsua da eta hori bai gertatu izan dela. Hala ere, hor ere aktak hartzeko eta aurreko eztabaidak ez errepikatzeko (edo kontzienteki errepikatzeko) antolakuntza ez dago landua. Eztabaidak nahastu eta erabat inoperatibo egiten dute mugimendua.
5. Testuinguru soziopolitikoan txertatu gabeko mugimendu bat da. Batzuek ezberdina dela adierazteko joera dute eta ados nago, baina orain arteko borrokak kontutan hartu behar dira eta batasuna bilatu. Batzuek ez alderdi, baizik eta jendarte honetan oso errotuta dauden eskari batzuen aurrean kontrako jarrera erakusten dute. Era berean, mugimendu ezberdin bat dela azpimarratu, baina Madrileko copy&paste bat egiteko prest daude, hemengo erreferentziak alde batera utziz. Akats oso larri bat da, demokrazia errealaren eskaria (eta beste eskari sozialak ere) kontutan hartu behar ditu mugimenduak eta egiten ez badu bere arrakasta kolokan egongo da. Adibidez. Euskara erabiltzeko beharraren aurrean, gai hori politikoa zela adierazten zuenik ere bazegoen.
6. Definizio ezaren alde ilunak. Definizio ezak gauza onak ditu, katalogatzeko gaitasuna ez dutenean jende gehiago zure inguruan batzeko aukera ematen du, baina aldi berean mugimenduaren kontra daudenak bertan integratzeko arriskua ere badago. Horren ondorioz, ekintzen bidezko identifikazioa beharrezkoa da. Hau da, mugimendua ezkerrekoa dela adierazi nahi ez baduzu ere, kapitalismoaren aurka azal zaitezke. Gai hau ez dago batere argi Donostiako kasuan!!!
7. Mugimenduak bere buruari ezarritako iraungitze data garrantzitsua izango da. Bi aukera bakarrik daudela uste dut eta horien artean ez dago kanpaleku etengabe eta helburu zehatzik gabe mantentzearena. Horrek mugimendua, epe luzerako gatazka batean bihurtuko luke eta jendea aspertzea ere ekar dezake, hau ez da Egipto alegia. Beharbada Madrilen (eta Bartzelonan?) beste dinamika batzuk eraman daitezke aurrera, baina gurean oso zaila iruditzen zait.
- Hauteskundeetako emaitzak ikusirik, abisu moduko bat izan dela adierazi. Indar erakustaldi bat dela erakutsi, zehaztu eskakizun zerrenda bat (10 gauza) eta horiek betetzeko epe muga bat jarri (hurrengo hauteskundeak, baino 2 aste baino lehen adibidez). Mugimendua jendartean difuminatu (ez desagerrarazi) eta betetzen ez diren momentutik berriro ere aktibatzeko sareak eta harremanak landu. Honek helburu batzuk lortu direla erakutsi dezake kapital sozial guztia gordetzen.
- Epe luzerako mugimendu batean bilakatu eta horretarako asanblada hutsetatik antolatzeko egitura sendoagoetara pasa beharko dira. Etengabeko asanbladak, lan talde txikiak, komisioak… Epe luzerako eta gauza konkretu batzuek lortzeko mobilizazio puntualetik haratago egitura beharrezkoak mantenduko dituen jende talde bat beharko da.
Bata edo beste edo biak aukera onak izan daitezkeela uste dut. Hala ere duda asko ditut mugimenduak izan dezakeen jarraikortasunaz.
Mobilizazio honetara bakoitza bere nahi, gogo, grin, behar eta dudekin gerturatzen da. Nik era positibo eta kritiko batean egin nahi izan dut, nire ekarpena txikia egiten, jakinda nire esperientzia pertsonaletik, nire borroka molde eta aldarrikapenetik egiten dudala. Nire proposamena hau da, foro honetan eta besteetan egiten dudana, indarrak batzeko gogoarekin eta jakinda bidelagun asko egon daitezkeela tartean.
- Demokrazia parte-hartzailerako bideak ezarri maila guztietan. Eragiten dieten eremuetako jendeari galdetuz (herria, eskualdea, herrialdea…). AHTren azpiegitura adibidez herrialde osoan eztabaidatu beharko litzateke eta parke berri bat sortzearen beharra herrian bertan.
- Kontrol herritarra, gardentasuna eta kontratu sozial baten beharra agintarientzat. Betetzen ez duten momentutik kargua galtzeko aukera ere ematen duena.
- Autodeterminazio eskubidearen onarpena demokrazia errealaren espresiobide bezala. Herriaren hitza eta erabakia errespetatzeko aukera zehatzak eta garbiak.
- Banku eta sistema finantzarioen erreskateen aurkako jarrera. Eta aldi berean herritarren arteko ekonomia sistema banatuak osatzeko arautegiak erraztu eta posible egin. Herritarren arteko kredituak ahalbidetu, p2p bankuak posible egin, kreditu kooperatiba txikiak eraikitzeko erraztasunak eman…
- Langile autonomoak eta kooperatibismoa (eta antzeko ereduak) sustatzeko politikak. Ekintzaile politika neoliberalaren ondoan, elkar-sormena sustatzeko eredu sozioekonomikoak garatu.
- Lanik gabe, lan prekarioarekin, lan istripuak izateko aukera duten, prekarietatearen feminizazioaren kontra eta orokorrean lan baldintza duinak egiteko aldarrikapen zehatzak bultzatu eta sindikatu borrokalariekin sinergiak bilatu. Lan munduari dagozkion erabakiak gertu hartzeko beharrarekin batera.
- Zerbitzu publikoak indartzeko jarrera. Zerbitzu publiko horien funtzionamendua ere herritarren aldetik fiskalizatuak izateko aukerarekin.
- Justiziaren erabateko erreforma eta eszepzio lege guztien deuseztapena. Audientzia Nazionalaren desagerpena eta alderdien legearen abolizioa adibidez. Gertuko justiziaren aldarrikapena, delituak gertatu diren lekutik gertu egin behar dira eta hauen kondenak ere gertu betetzeko beharra.
- Indar errepresio publiko eta pribatu arrotzen desagerpena eta bertakoen erreforma erabatekoa.
- Eskubide zibil eta politiko guztiak, pertsona guztientzat ziurtatzeko bideak ezarri. Horiek erasotzen dituzten ekintza konkretuak salatuz eta borrokatuz; tortura adibidez.
- Diru publikoz lagundutako guztia libre jarri lizentzia eta mekanismo juridiko askatzaileak baliatuz. Eduki eta software libreko politikak adibidez bultzatu eta inplementatu. Beharbada aldarrikapen hau lekuz kanpo iruditu ahal zaio norbaiti, baina mugimendu honen muinean errotuta dagoen eta oso garrantzitsua den aldarrikapen bat da.
Hauek dira, bat-batean eta hemendik nireak egingo nituzkeen aldarrikapen batzuk (boteprontoan ez pentsa gehiegi pentsatu ditudanik), baina Madriletik datorren manifestu interesgarrian ez dauden (edo era ezberdinean dauden) batzuk. Gauza asko utzi ditut seguru, baina testuingurura egokitutako proposamenak ere badira. Hau da, ez da programa politiko bat!
Zutitzen denari begirunea eta laguntza; egunero antolatzen eta borrokatzen duenari miresmena
Egoera honen iraultza oihu bat aukeratu beharko banu, niretzat hau litzateke eta honek bai, honek denak batzen gaitu
P.D: Hala ere, oraindik hari solte batzuk ditut buruan, errepresio indarren jarrera, hedabideek emandako oihartzuna…


Zorionak Gorka Julio! bistan dago aktibismo sozial eta demokratikoan esperientzia duzula, oso artikulu mamitsu eta argigarria
Nik pare bat gauza aipatu nahi ditut, batetik pozten naizela gazteak mobilizazio baketsu batean partehartu dutelako, krisiaren hasieran gutxi batzuk greba egin genuen, eta udara hortako oporraldian Espainiko gobernuak bankuetxeekin akordioetara iritsi ziren (erreskateak eta deuda publikoa batera negoziatuz), orduan asko arduratu zidan jendearen erantzun ezak!! konzientzia falta, ajolagabekeria edo agian inpotentziaagatik…, edo agian denetarik pixkat; eta orain heldu da erantzuna, nire iritziz berandu samar, bainan azkenik erantzun dute, eta hori da orain benetan balio duena
Bestalde, aipatu dituzun zenbait neurriekin erabat ados nago, hauen artean: demokrazia partehartzailea, gardentasun frogagarria, herritarren bozka edozein gaietan (autodetermizazio barne), sistema ekonomikoari ardura sozialak betearazi (gizarte-ardura), herritarren arteko konfiantza-finantzak ahalbidetu, pertsona, enpresa edota organizazioen arteko kooperazioa lagundu eta bultzatu, sarearen neutraltasuna eta teknologia/software libreetan oinarritutakoak bermatu, elkarsorkuntzako lan-eredu berriak sustatu, eta noski oinarrizko balioak zaindu eta guztion eskura jarri: heziketa, etxebizitza, osasuna, kultura, lana, solidaritatea, justizia, balio etikoak, etab.
Bukatzeko, ideia bat azaldu nahiko nuke, pertsonak ahaldundu behar garela, autokudeatutako sistema batean, gure iritzi, proposamen eta erabakiak hartzeko gaitasuna berreskuratu, domokrazia partehartzailego batera pausoak emanaz, Joan Subirats maisuak joan den urtean ForoKoop topaketan esandakoa etortzen zait behin eta berriz burura: “lo público no es monopolio de los poderes públicos, menos intermediación y más participación social” (gehiago jakin nahi baduzue irakurri posta)
goazen ba denak batera, gizatasunean hobeagoa den mundu horren bila!!
zuekin partekatzea, plazer bat
Pozgarria egiten zait, Gorka eta Mikel, zuen pentsamenduak irakurtzea. Gauza askorekin nago ados baina are gehiago gustatzen zait hementxe idatzita uztea. Euskaldun askok urrutitik ikusi ditu mugimendu hauek, normala iruditzen zait, eta horregatik da hain txikia euskararen presentzia ere.
Ni hasieratik hurbildu naiz asanbladetara eta batez ere “buruak” edo core-taldea oso galduta ikusi ditut. Gero entzun ditudan kritiketan aipatu da euskararen presentzia eskasa. Hasierako 40kote horretan euskaldun gutxi zegoen eta… ez dakit, ez naiz inozoa baina kritikatzea baino gehiago, parte hartu behar da. Donostiako kanpaldia ez da mugimendu bat, jende-talde bat baizik, baina mugimendu kontsolidatuaren exijentziak jarri zaizkio. Ez dago horrenbesteko oinarririk, momentuz behintzat.
Bestalde, mugimendua espainiarra dela ez du inork ukatuko. Ni bene-benetan pozten naiz espainiarrengatik, denbora luzea zeramaten lehertzeko zorian eta gutxienez orain berrenergizatu egin dira. Nire ustez, guk beste behar batzuk ditugu, eta zalantzarik gabe berreraikitze soziala behar da. Bitartean, mugimendu hau pedagogikoa izan da gazte askorentzat, gauzak beste era batera egiteko moduak erakutsi dizkie eta itxaropena bildu.
… ikusiko dugu, baina bitartean hementxe nabil, iruzkin hau idazten Donostiako kanpalditik. Badaezpada.
Gauza on bat ekarri du behintzat, euskal blogosferako eztabaida banatua berriro piztu da. Boligorria, Aldakur, Sustatu, Pravda txikia…
[...] #acampadadonostia esperientzia eta proposamenak [...]