Teketen » Etiketadun mezuak: 'Bideoak'

Mundua ulertzen

Internet globala bada ere, elkar ezagutu eta ulertzeko zailtasunak izaten ditugu. Orain arte, hizkuntza gutxituak erabiltzen ditugunok ezagutzera eman nahi bagenuen, lingua franca bat erabili behar genuen. Oraindik ere, mundu fisikoan horrela izan ohi da. Baina, hizkuntzaren inguruko teknologiak jasaten ari diren aldaketari esker, bakoitzak bere hizkuntzan egin eta denok ulertzeko moduan egongo gara.

Erraztasun handiak ematen dira, bideoak itzultzeko adibidez. Teknologia automatikoak eta parte-hartzea, prozesu bikoitzaren bidez. Hau da, teknologia iristen ez den puntuetan gizakiok hartzen dugu parte. Horrela bideoak automatikoki transkribatu eta jendearen laguntzaz azpidatzi ditzakegu Youtuben. Testuinguru honetan egile eskubideek ezarritako murrizketek eragina handia dute. Orain hau posible dela, murrizketa gogorrak ezartzea oso txarra izan daiteke, eskasia sortzera mugatuko gaitu, oparotasuna sortu beharrean. Honek eta jendearen ekarpenekin egindako ekimenak, komunikazio gerrila ekintzak, elkar sortze lanak… hurrengo urteak markatuko dituzte.

Hala ere, garrantzitsuena teknologia horiek gure testuinguru errealean txertatzen direnean gertatzen da. Zer gertatuko da Blogetan, sare sozialetan, idatzi edo jasotzen ditugun testuak automatiko itzultzean? Txinara joan eta bertako kartelak ulertzen hasten bagara? Edota, beste pertsona batekin bere hizkuntza ezagutu gabe, zuzenean komunikatzeko aukera badugu?

Post-Komunikaldiak

Goizean egon ez banintzen ere, badirudi gauza interesgarriak esan zirela. Arratsaldean gure txanda iritsi zen aipatutako munstroekin. Behin amaituta balantze txiki bat egiteko aukera daukat.

iPtx http://twitgoo.com/k4uwn

Lekua

Izugarria, kapila txiki bat eta santuak atzean. Antolatzaileetako batek esan zidan kitsch kutxu bat ematen ziola ekitaldiari eta ados nago. Oso toki bitxia, bakoitzak bere iritzia izan dezake, baina niri puntazo bat iruditu zitzaidan. Hala ere nire “santuak” beste batzuk direla [1] [2] [3] [4] [5] [6] [7] ez dut esan beharrik ere.

Teknika

Konexioa ona, pantaila altarean eta audioa ere oso ondo. Windows sistema eragilea portatilean, baina beno Firefox zegoen. Livestream bidez, ere emititu zuten ekitaldia eta momentu batzuetan 20 pertsona inguru egon ziren ikusten. Pena da, audioak ez zuela guztiz ondo funtzionatu. Hala ere, Twitter bidez jendearen ekarpen batzuk jaso genituen Internetetik.

Eztabaida

Mahaingurua ondo joan zen, gauza garrantzitsuak esan ziren, bakoitzak bere testuingurutik. Batez ere, Iñako eta Ibanen jarrera gustatu zitzaidan. Oso jarrera irekia telebista ohikoetatik etorrita. Internetera eta parte hartzera guztiz irekia, nahiz eta oraindik beraien proiektuetan besteek egiten dutena ikusgai egitea den beraien apostu. Etorkizuneko proiektuek indar handia dutela uste dut. Jexux Mari Interneteko hedabide batetik etorrita ere, nahiko eszeptiko ikusi nuen. Parte hartzeari beldur apur batekin. Beharbada berari gertatutakoen ondorioz, baina harritu ninduen Interneteko proiektu batetik etorrita.

Nik ez nuen iritzi gehiegi eman nahi izan, baina honekin loturik gaurko Berriako irlen sarea idatzi nuen Komunikaldiak-era etorri aurretik. Nire iritzietako batzuk laburtuz.

Batez ere ekarpen hauek nabarmendu nahiko nituzke:

Iban Arantzabal (Goiena)

  • Interneten soberan dago lasto guztia.
    • Lasto = “edukia zuzenean ez den beste guztia”.
  • LTDk ez du balio jendearekin elkarreragiteko. Baietz esan ziguten, baina ez.
  • Posta zerrendek asko hobeto funtzionatzen dute, kontrolik gabeko foroek baino. Gardentasun kontua da.
  • Gaur egun nekez uler daiteke kazetari bat blogik edo Twitter kontu bat ez duenik.
  • Kale kazetaritzak gero eta indar handiagoa hartuko du.

Iñako Gurrutxaga (ETB3)

  • Gainditzear gaude telebista tradizionalak audientziei izandako menpekotasuna.
  • Sekulako arazoak izan genituen bideo blog bat bilatzeko euskaraz. Ez dago joerarik arriskatzeko.
  • Asko begiratu diegu current.tv eta beste eredu batzuei, ikuslearen parte hartzea bultzatzen dutenak.
  • grebaorokorra.info edo egunkarialibre.info bezalako gerrila komunikazio ekintzak oso interesgarriak dira. 2-3 pertsona, biltzen direnak bildu eta ahal dituzten baliabideekin, interesagatik egiten dituzten ekimen informatiboak, garrantzi handia dute.
  • Puntukam, kamara bat eman eta bakoitzak bere programa grabatzeko ekimen interesgarriak ez du espero genezakeen arrakasta izan, baina apustua sendoa da.

Jesus Mari (Bertsoa.com)

  • Bertsoaren inguruan saio asko dago, baina horietako asko ezin dira jarraitu ikusi Internetetik. Hori da gure helburua, momentu handiez gain, bertrsolari txapelketak adibidez, bertsolaritzaren mundua etxetik ere ikusteko aukera izatea. Saio horiek txikiak edo oso lokalak badira ere.

Publikoa

Jende oso interesgarria ikusi nuen publikoan. Ikus-entzunezko mundukoa, Interneteko ezaguna, irakasleak… Parte-hartzea aldiz nahiko txikia izan zen. Pare batek parte hartu zuten, hori bai eztabaida piztea lortu zuten. Bertan zeuden ikasleak, behartuta edo ia-behartuta joan zirela kontutan hartuta normala izan daitekeela uste dut. Zilegi izan edo ez, hori ez litzateke horrela izan beharko. Ikasle horiek irakasleak eta unibertsitatea etsaitzat jotzea lortzen da horrela. Beste bide batzuk ikertu beharko lirateke.

Nire aldetik ahal nuen guztia egin nuen, beraien interesekin bat egiteko. Autokritika egin nahi dut hala ere, argi daukat hauetako batzuei ez geniela beraien kodigoetan hitz egin. Zaila izango da, baina lortu nahi nuen eta behintzat parte hartze zuzenik ez nuen lortu. “Es lo que hay” jarrera gehiegi? Motibazio falta? Bakoitzak bere ondorioak aterako ditu. Nik autokritika, zerbait gaizki egin nuen, seguru. Gazte hauek inplikatzea lortu behar dugu eta horretarako ekitaldiaren parte sentitu beharko lirateke. Hala ere, batzuek gero esan zidaten interesgarria iruditu zitzaiela. Pare bat bildu ziren niregana eskerrak emanez. Aupa zuek! Orain bideoak sareratzera!

Antolakuntza

Komunikaldiak-en inguruan bildu zen lan taldea zoragarria izan zen. Joxe Arantzabal-ek atentzioz zaintzen zituen partaide guztiak. Aitor Arregi, Lucio dokumentalaren egileak ondo eraman zituen denbora eta azpiegitura atalak. Baina, barkatuko didazue, baina nik Amaia Txintxurretari eskertu behar diot egindako guztia. Beti egon zen laguntzeko presto. Eskerrik asko Amaia. Ea hurrengo urteetan hizlarien artean zu eta falta izan ziren emakumeak ikusteko aukera dugun.

Hurrengo bat arte!

Zuzeneko bideo emisioa mugikorretik

Bideoak igo eta ikustea aspaldi izan da posible Youtube edo EuskalTube bezalako tresnekin, baina azken aldian egunerokotasunak eta mugikortasunak gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari diren garai hauetan, zuzeneko emisioak hartu du garrantzia. Horrekin lotuta Mogulus bezalako tresnak jaio dira, bideoa zuzenean kamara batekin jasotzen ari den bitartean zuzeneko bideo emisioa egiten duen tresna da mogulus. Lehen hau bera egiteko satelite bidezko konexioa eta kamara handiak behar ziren, baina orain webcam, ordenagailu eta Internet konexio sinple batekin nahikoa da.

Hala ere, pauso handiago bat ere eman da zuzeneko bideo emisioa mugikorreko kamararen bidez. Ordenagailurik gabe 3G konexiodun mugikor sinple batekin zuzenean emititzen egon gaitezke eta emisioa grabatzeaz gain zuzenean emititzen da Interneten. Hori egiten duen tresnatako bat Qik da. Gainera Qik, Moguluseko kontu batekin lotu daiteke eta horrela Qiketik datozen bideo guztiak zuzenean Mogulusen ere agertzen joango dira.

Qik

  1. Sortu kontu bat Qik webgunean
  2. SMS bidez edota beste bideen bidez Qik programa jaitsi mugikorrera
  3. Konfiguratu Qik programa zure telefonoan (batez ere pribatutasun kontuak) eta Filmatu botoia sakatuz emititzen hasiko zara.

Bideo http://qik.com/erabiltzailea bezalako webgunean emititzen hasiko zara zuzenean eta horretaz gain, grabatzen diren bideo guztiak bertan gordeko dira. Gainera Youtube moduan bideoa eta zuzeneko emisioa edozein webgunetan txertatzeko kodea ere eskaintzen dute.

Mogulus kontu batekin ere lotu daiteke. Honela hainbat erreportari jar daitezke Qik bidez emititzen eta Mogulus kontu konkretu batekin emisio guztiak botatzen egon.

Tresna hauen erabilerak oraindik muga batzuk ditu, baina argi dago aurretik erabiltzen ziren baliabideekin konparatuz oso erraza egin dutela zuzeneko bideo streaming-a. Onartzen diren telefonoak eta 3G konexioaren beharra dira muga nagusiak. Hala ere, posible dela frogatzen hemen adibide batzuk [1] [2] [3]

Zein aldaketa sozial sor ditzake honek? Zer gertatuko da dirutza kostatzen duten ekitaldiekin jendea hauek grabatu eta zuzenean emititzen hasten bada? Zein muga jarri nahiko dituzte hau ez gertatzeko? Frekuentzia inibidoreak erabiltzen hasi beharko dira? Telebistan baino azkarrago ikusiko ahal izango ditugu gertaerak bideoan? Telebistan ikusten ez ziren ekitaldi eta gertaera zuzenean jarraitzeko eta emititzeko aukera izango dugu? Galdera asko eta erantzun gutxi, ekin diezaiogun esperimentatzeari, beti bezala denon mesedetarako!

Mafalda eta eulia

Description:

Mafaldak bizitzari buruzko ikasketa politak ematen dizkigu, euli bati erreparatuz.

Iraupena: 00:00:02 / Data: 03-06-08

Sorkun – Goiz zen – Euskadi Gazteak ZENTSURATUA

Description:

Sorkunen single indartsu berria Euskadi Gazteak gogorregia delakoan ZENTSURATU duena. Blog/Web gune guztietan zabaltzeko deia egiten dizuet.

Iraupena: 00:00:02 / Data: 03-06-08

Iban Nikolai termiteroa

Description:

Iban Nikolaien emanaldi audiobisuala Donostian

Iraupena: 00:03:24 / Data: 03-28-08

Iban Nikolai termiteroa

Description:

Iban Nikolaien emanaldi audiobisuala Donostian

Iraupena: 00:01:20 / Data: 03-28-08