Teketen » Etiketadun mezuak: 'blogak'

Plataformaren araberako komunitatea

Argi dago komunitate batek trinkotzeko erabiltzen duen tresnak, ez duela komunitatea bera sortzen. Baina, argi dago komunitate horrek egin ditzakeen gauzak mugatzen dituela.
Zure komunitateak zer egitea nahi duzun balditzatu dezake. Facebook bezalako tresnak bakarrik erabiliz, gehienetan atxikimendua eskatzeko besterik ez dute balio. Erabilera txukunak egin daitezke, baina atxikimenduaren kultura sustatzen dute gehien bat. Twitterren mezuak bota eta elkarrizketa batean murgildu gaitezke, baina jende gehienak informazioa zentzu bakarrean bidaltzeko erabiltzen du. Gainera, mezuen tamainak eztabaidari berari mugak jartzen dizkio.
Blog sare edo sare sozial propiotik eztabaida eta benetako parte hartze zuzena egin daiteke. Plataforma bertakoekin, baina baita sare kanpokoekin ere. Trackback, Pingback, iruzkin, RSS … teknologia estandarragoen bidez. Oraindik gauzak faltan botatzen badira ere, benetan gure komunitateak ekarpenak egitea nahi badugu hau izan daiteke bide egokiena. Horiek sortu eta erabiltzen ikasi behar ditugu. Bestela atxikimenduaren kulturan jarraituko dugu.

The blogs are not dead

Blogen heriotza aipatzen da behin eta berriz, baina hanpatze zikloaren normalizazioa besterik ez da. Blogak, inoiz baino garrantzi gehiago hartzen ari dira eta hauen eragina jaitsi baino, igo egin da. The Cocktailen azken sare sozialei buruzko analisiaren arabera blogek garrantzi handia dute iritziak sortu eta oihartzuna lortzeko garaian. Gainera, beste hainbat sarek ematen ez duten eztabaidarako gune bat eskaintzeaz gain, Twitter bezalako sare sozialen elkarren osagarri dira. Aselek esango lukeen moduan, The blogs are not dead.

Postit

Blogera bueltatzen. Informazio asko jaso eta bidaltzen dugu, baina askotan informazio hori informazio prozesatugabea da. Nik behintzat informazioa, loturak hartu eta nire testuingurura egokitzeko beharra izaten dut. Bestela hor gelditzen dira irakurtzekoen zerrendan edota lotura interesgarrien artean. Era berean Twitterren botatzen ditudan mezuak eta sortzen diren elkarrizketak ez dira oso mamitsuak izaten, ez aukera ematen ez dutelako baizik eta medioak ez duelako ematen. 140 karakterek muga handia ezartzen dute horretarako adibidez. Hemendik aurrera beraz jasotako informazioa, hausnartua eta pixkat landua ere blog honetan joango da. Apunte moduan, beharbada aurrerago post luze batean amaitzen dutenak. Twitter informazio prozesatugabea eta momentuko egoera mezuak botatzeko bakarrik erabiliko dut. Postit hauek ohar garrantzitsuak izango dira, egun batean esnatu eta koaderno batean apuntatzeko beharra sentitzen dituzun horietakoak. Beraz hadi!

Twitterrek ezagutarazi digun genero berria

Twitter mikroblogintza tresna oso ezaguna egiten ari da, baita ohiko hedabideetan ere. Oraingoan, zenbait gatazkatan eragiteko tresna bezala agertu zaigu Twitter. Tresna horrek ahalbidetzen duen komunikazio azkarra da gakoa. Bakoitzak bere lagun sarean jasotzen duen informazioa errepikatzen du, jasotzen duena moldatu eta bere hartzaileei egokitzen die. Edota garrantzitsuena dena, hizkuntza ezagutu gabe ere, jendeak bidalitako loturetan zehar nabigatu dezake. Horrek egin du erakargarria zenbaitentzako, bakarrik loturek sortzen duten trafikoagatik.

Argi dago hori baino gehiago dela, ez tresna bera, komunikazio eredu berria ekarri duelako baizik. Mundu fisikoan SMSa da bere gurasoa, eta Interneten, berehalako mezularitza asinkronoa + sare sozial irekiak. Berehalako mezularitzarekin konparatuz gero ( adibidez Jabber-ekin; guztiekin ez, baina bai erabiltzeko moduagatik), asinkronoa da. Hau da, gure hartzaileak ez du zertan konektatuta egon behar mezua jasotzeko, ondoren jaso dezake. Gainera horri sare sozial irekia gehitu zaio, bakoitzak erabakitzen du nahi duen parametroen bidez zein pertsona jarraituko dituen, zein izango diren berarentzako garrantzitsuak. Gainera, pertsona horiek idazten dutena publikoa da (erabiltzaileak mugatzen ez badu). Horrela, pertsona batek beste bati erreferentzia egitean, beste pertsona hori ere interesgarria den edo ez ikus dezake norberak. Bi gauza horiek elkarturik berehalako mezularitza asinkrono soziala eraiki dute.

Genero berri horretan parametro batzuk garrantzia handiagoa hartzen dute eta beste batzuk berriro definitu behar dira. Azkartasuna, erreputazioa, fidagarritasuna, banaketa, edukia… dira gehien aldatzen direnak. Azkartasuna da nagusi, gauzen bat-batekotasunak garrantzi handia hartu du, beste faktore batzuen gainetik. Erreputazioa ez da marka edo hedabide batena, informazio hori komunikatzen dagoen pertsonarena baizik. Fidagarritasuna ere pertsonaren araberakoa da, edota hainbat pertsonek bidalitako informazioa konfirmatuta lortzen da. Banaketa era ia guztiz banatuan ematen da: @erabiltzailea erabiltzaile batek aipatu duen informazioa errepikatzeko, RT pertsona batek bidalitakoa errepikatzen ari zarela komunikatzeko, eta #etiketa mekanismoek banaketa era horretan gauzatzeko eta aurkitzeko aukera ematen dute. Horrez gain, hiperloturak dira nagusi eta horien bidez Interneteko edozein baliabide esteka daiteke. Edukia 140 karakterera mugatzen da, beraz, edukiaren sintesia, garrantzia eta kanpoko erreferentzietarako lotura dira garrantzitsuenak. Sintesia, 140 karaktereko muga horrek ezartzen du. Edukiak garrantzia izan behar du, interesa piztu ahal izateko. Kanpoko erreferentziak hiperloturen bidez edo aipatutako sintaxien (@, RT…) bidez lortzen dira eta mezuko informazioa zabaltzeko balio dute, nahi duenarentzat.

Genero berri horrek gai/interes/grin/borroka/… berdinen artean sareak osatzeko gaitasun handia dauka. Bere garraiagarritasunari eta azkartasunari esker oso erraza da norberaren interesekin (laburtzeko) bat egiten duten pertsonak aurkitzea. Horrela, norberaren sare pertsonala eraikitzen du eta norberarentzako erreferenteak diren pertsonak jarraitzen ditu. Momentu bakoitzean norberaren sarean dauden pertsona horiek zein diren modu errazean alda ditzake. Lehen oso zailak ziren kontaktuak, orain salto bakar batzuetara aurkitu ditzake.

Gauza hroietaz guztietaz konturatu dira asko eta asko. Sareen boterea ondo aztertzeko denbora izan dute eta hacktibismorako bezalaxe, desestabilizaziorako ere erabiltzen ari dira zenbait botere. Baina oraingoan, helburua lortzeko baliabideak jarrantzitsuak diren arren, baliabide horiek eskuratzea ere erraza izan daitekeela nabarmentzekoa da. Baliabide nagusia motibatutako pertsonak dira. Aktibismo mota berri honetan swarming-a bilatzen da. Jendea zentzu batean pizten saiatzean datza hori, zerbait egin, eraldatu edota besterik gabe mezu bat komunikatzeko (marketing kanpaina batean, adibidez). Swarming-a piztean Twitter bezalako tresnek indar handia hartzen dute: beste hedabideetako informazioa anplifikatzen dute, lotura berriak eman, iturri berriak ezagutarazi eta bakoitzak bere sarean hedatu. Dena klik bakar batzuetan. Hala ere, borroka bide horrek berezitasun bat dauka; nahiz eta baliabide asko izan, jendeak jarraitzen ez bazaitu (motibatuta dagoelako), zure swarming horrek ez du arrakasta izango. Beraz, borroka molde hori ez da boteretsuena bakarrik, denona baizik. Guk ere horretara jolasten ikasi beharko dugu gure aldarrikapenak, proiektuak, ekimenak, negozioak… aurrera ateratzeko. Horregatik da garrantzitsua Twitter bezalako tresnak ezagutzea, swarming-ak erraz sortzeko tresnak baitira.

Genero berri horrek gauza askotan izango du eragina, baita hedabideen jardunean ere. Hedabide asko bere informazioa kanal horietatik bidaltzen hasi da, baina hori ez da nahikoa izango. Ondo dago, baina genero berri honetan komunikatzen dakiten pertsonen informazioa bilatuko du jendeak. Egunkari baten Twitter kontua jarraitu dezakete bai, baina, seguraski, interesgarriagoa izango zaie bertako kazetari batek egunean zehar idazten duen mezu sorta. Normalean kanpoan gelditzen diren anekdotak, informazio ezkutuak, eztabaidak, iritziak etab. Hori dena ez titular moduan, tresna automatizatu batek egingo lukeen bezala: lehenengo pertsonan baizik. Horiek izango dira gaurkizuneko (gaur+etorkizuna) firmak.

Tresna horiek eta genero berria ez datzo dena desagerraraztera. Webguneek, blogek, web zerbitzuek hor jarraituko dute, bakoitzak bere espezializazioa jasango du. Egia esan genero berri honek gauza bat dauka pendiente: bere egitura benetan banatua egitea eta hori blogen sare banatutik ikasi beharko duen zerbait izan daiteke. Twitter sare banatuak sortzeko gai bada ere, bere egitura erabat zentralizatua da. Aldiz, hainbat twitter txikiren federazioz sortutako hedabidea litzateke soluzio hoberena eta software libreak hori jada posible egiten du. Tresnek duten egitura garrantzitsua da, bestela askatasun ilusio faltsu batean eror gaitezke. Baina edozein egituraren atzean, botere logika bat ezkutatzen dela erakusten digu errealitateak.

Mezu hau idazten nuen bitartean, nire saretik mezu polit bat iritsi zait. Gauza eder hauek ere idazteko balio du Twitterrek ezagutarazi digun genero berri honek:

@agonirena Gure txikitok lehen pausuak eman ditu gaur. Niretzat Neil Armstrongek ilargian hemandakoak baino handiagoak.

Gu ere lehenengo pausoak ematen ari gara eta ematen jarraituko beharko dugu gaurkizunean ere.

Social Blogworks: Blogosfera hedabide banatu bat

Gaur egun berezia da, aspaldi idazteko nuen zerbait idazten hasi naiz. Social Blogworks izenburupean blogak, sare banatuak, web semantikoa eta orokorrean informazioa eta jendartearen sare arkitektuari buruz aspaldi nituen gogoeta batzuk plazaratzen hasi nahi dut. Ez dakit nora eramango duen ibilbideak, baina zuekin egin nahi dut bidea. Hainbat atal pentsatuta ditut jada, esku artean duzuen hau lehenengoa. Atala jaitsi eta dituzuen komentarioak, iritziak, ekarpenak jaso nahiko nituzke… iruzkinak, trackback/pingbackak, twitter, posta irekiak dauzkat jasotzeko. Amaieran honek formarik hartuko balu parte hartu duzuen guztien izenak edo nick-ak ere jarriko ditut. Noizbait hipertestu honek panfleto (liburu?) forma hartuko balu bere lizentzia librea izango litzateke, orain den bezala. Bagoaz…

Asko idatzi da blogen inguruan eta batzuek komunikatzeko tresna honen heriotza ere iragarri dute. Blogak edizio pertsonalerako sareko tresna bat dira, ideiak, iritziak, informazioak, multimedia edukiak Interneten zehar komunikatzeko edizio tresna sinple bat, EKS Eduki Kudeaketa Sistema sinple bat alegia. Blogak jaio aurretik baziren beste asko, blogek erraztasuna ekarri zuten, besterik ez eta orain blog horiek ere eraldatu dira, gauza gehiago edo gutxiago dituzte, baina edizio pertsonalerako tresnak izaten jarraitzen dute. Jaitsi 1. atal osoa [ODT] [PDF]

Nonick Bilbon – Sarrera zozketa

nonick_logoDatorren apirilaren 24 eta 25ean, nonick 09 ekitaldia ospatuko da Bilbon. Bertan, Europako blog eta interneteko startup onenak aukeratuko ditu nazioarte mailako epaimahai batek. Gainera, sarerako ekoiztutako bideo aditu garrantzitsuenak izango dira bertan, web orrialde eta gizarte sareen audientzia neurketaz eztabaidatzen eta bere bideo formatuko blogarekin famatuak egin diren zenbait pertsonen kasuak aztertzen.

Egun horretan Ginarekin batera ekitaldi hori aurkezten egongo naiz. Ranking-ak, hoberena… bezalako hitzak gustatzen ez zaizkidan arren, zerbait interesgarria ikusi dezakegula uste dut. Ekitaldi osoa inglesez izango da, europa osoari begira egiten baita, baina tailerrak edozein hizkuntzatan izan daitezke. Blog hoberenari saria emateko orduan euskarazko blogak ere bozkatu ditzakezu. Gure IKTero maitagarriak, Teknopata jaun txit agurgarria edota Sustatu blog ezaguna dira hautagaietako batzuk.

Blog honetako irakurleei Nonick-erako sarrera bat oparitzea pentsatu dut. Bi zozketa egingo ditut lehenengoa Twitter bidez izango da eta bigarrena blog honen bidez, twitter erabiltzen ez duzuenok ere aukera izan dezazuen. Blog honetako zozketan parte hartzeko, “Nonick-era joan nahi dut” edo horrelako zerbait dioen mezu bat utzi mezu honetan bertan. Astearte gauean egingo da zozketa Random algoritmo baten bidez. Bi zozketetako irabazlea berdina bada, zozketa bat berriro errepikatuko da, sarrera beste pertsona bati egokitzeko. Bestela ez dago arazorik bietan parte hartzeko, aukera gehiago horrela. Zabaldu deia jendeak zozketetan parte hartu dezan eta ez izan lotsarik, sarrerak banatzeko dira eta.

BBEC – Basque Bloggers Exhibition Centre

Basque Bloggers Exhibition Centre
Blogari euskaldun guztiei agertzeko deia, mezua hartu eta zabaldu!

Parte hartu wikia editatuz

Informazioa eta egitaraua

Euskal Encounter barnean blogari euskaldunen mahaingurua
Eguna: Ostirala 25
Lekua: Bilbao Exhibition Centre
Ordua: 19:00
Sarrera: doan eta izen ematerik gabe

Eztabaidagai: Euskararen ikusgaitasuna mundu globalizatuan

Hizlari eta moderatzaileak (30 min)
Gorka eta Haritz moderatzaile eta sarrera lanetan egongo dira baina denon parte hartzea beharrezkoa izango da

10min Hero (2/3 x 10)
Nahi duenak 10min izango ditu bere proiektu, ideiak edo bloga azaldu ahal izateko. Hemen zure izena jarri edo bertan jarri gurekin harremanetan.

Asanblada interaktiboa 1 ordu
Backchannel baten bidez bertako zein kanpoko ekarpenak jasoko ditugu eta horretaz gain bertan ere eztabaida era berezi batean dinamizaten saiatuko gara.