Teketen

Jendartea eta teknologia uztartuz
Apirila 11th, 2010

Azken hamarkada

Etengabe etorkizunari begira egoten gara, baina askotan gelditu eta atzean utzitakoari begiratzea ere komeni da. Interneten aldaketak hamarkadaka neurtu izan dira.

Azpiegiturara begiratuz, banda zabala eta WIFI sareen sozializazioa izan dira gauzarik garrantzitsuenak. Lehenengoek posible ez ziren gauza asko posible egin dituzte; HD bideoak ikusteko aukera, adibidez. Bigarrenek Internet askoz leku gehiagotatik erabiltzea lortu dute.

Tresnen aldetik, blogak eta haien artean sortzen den eztabaida eta parte-hartzea sustatzeko sareak izan dira garrantzitsuena. Blogosfera, hedabide banatu eta parte-hartzaile sortuz. Eztabaidak gauzatu eta momentu batzuetan agenda publikoa ere baldintzatzea lor dezakeen hedabide bat. Blogekin batera, batez ere beste tresna batzuen sozializazioa gertatu da. Jarioek, adibidez, hainbat iturritara harpidetzeko aukera ireki dute. Baita bakoitzak bere informazioa igorri eta gero informazio hau batzeko aukera ere.

Komunikazio pertsonalaren esparruan, aukera gehiago ireki dira. Posta elektronikoa, tresna asinkrono eta pribatua izateari eutsi dio. Gainera, berrikuntzak ere izan ditu; IMAP protokoloaren erabilera, kasu. Baina horretaz gain, berehalako mezularitzaren arrakasta etorri zen. Berehalako komunikazio, sinkrono pertsonala egiteko erabiltzen da hau. Baina, horretaz gain, azken garaien genero berri bat ere agertu da. Berehalako mezularitza asinkrono soziala bezala definitu daitekeena. Twitter da horren adibide garbiena.

Enpresei begiratuz gero, Googleren hamarkada izan dela argi dago. Bere bilatzailetik abiatu, eta posta elektroniko, berehalako mezularitza, dokumentuen kudeaketa, egutegiak, bideoa… esparru guztietan sartu da. Beti informazioa eskuratzeko nahiarekin, ondoren publizitatea Adsense bidez saltzeko intentzioarekin. Zenbait momentutan pribatutasuna ere zalantzan jarrita.

Baina aldaketa garrantzitsuenetako bat software libreak izandako eztanda izan da. Zerbitzarietan batez ere, baina mahaigaineko ordenagailuetan eta eramangarrietan ere aukera handiak ireki dituzte. Software libreari esker, pertsona, talde eta enpresa txikiek ere beren tresna propioak sortu ahal izan dituzte (beste batzuk oinarri hartuta) eta ekonomikoki ere egingarriak izan dira gauza asko.

Berria.info webgunean | PDF bertsioa | Inprimatzeko bertsioa

Berriako Irlen Sarea atalean argitaratutako artikulua

Apirila 11th, 2010

Blogosferako turistak

Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak turistak erakartzeko kanpaina berritzaile bat abian jarri nahi du. Kanpainaren barnean, eragina duten zenbait blogari kontratatu nahi dituzte, zenbait ekitaldi eta leku promozionatu nahian. Oso positiboa da Eusko Jaurlaritza Internetek gai hauetan duen eraginaz konturatzea. Baina, aldi berean, sarean duten gabezia era artifizial batean, blogari batzuk diruz kontrataturik, bete nahi dutela erakusten dute. Blogosferan turistak beraiek direla eraku-tsiz.

Oso ohikoa da pentsatzea eragin handiena duten blogariak gure mezuak errazen garraiatzeko aukera ematen dutenak direla. Baina, blogosferaren egiturarengatik, elkarrizketak blogez blog, mezu eta erantzunen bidez ematen dira. Beharbada, blogari horren eragina bere gertuko sarean gelditzen da. Horrenbestez, ez du mezua sare horretatik kanpo eramango.

Hori blogosfera sare banatu bat delako gertatzen da, zentrorik gabeko sare bat. Bertan konexio hobeak dituzten pertsonak badaude ere, mezua edozein zirrikitutatik igaro daiteke. Ustez garrantzi handia ez duen blog bateko aipamen batek, adibidez, aldaketa handia sor dezake.

Horretaz gain, blogosferan partekatutako «kode etiko» bat ere badago. Zintzoki jokatzea eskatzen da. Idazten duen pertsonak iritzia botatzen du eta duen sinesgarritasunagatik da garrantzitsua. Horregatik ordainketa, horren aurka jo dezake. Berez, ez dago arazo handiegirik eta blogari bakoitzaren eskuetan geratzen da egitea edo ez. Baina betiere iritzia bideratzeko saioak gaizki ikusiak izan daitezke.

Nik beste era batean planteatuko nuke. Gai hauen inguruan interesa erakutsi duten blogariak topatuko nituzke eta informazioa zuzenean eskaini. Batez ere etortzeko joera izan dituzten kolektiboen artean. Haiekin era zuzenean eztabaidatu eta interesatzen zaizkien gauzak ezagutu ondoren kanal berriak irekiz. Era berean, orain arte etorri direnen iritziak jasoko nituzke, hausnartu eta hobetzeko aukerak ikusi. Eduki txukunak sortzen edo sortutakoak biltzen ere saiatuko nintzateke. Baina, batez ere, eta blogek sortzen duten eztabaidan parte hartu nahiko banu, beste baten moduan elkarrizketan murgilduko nintzateke; berdintasunez eta zintzoki. Prest daude horretarako gure agintariak?

Berria.info
webgunean | PDF bertsioa | Inprimatzeko bertsioa

Berriako Irlen Sarea atalean argitaratutako artikulua.

Honekin loturik Info7 irratiko audio [mp3] [ogg] elkarrizketa.
[podcast]http://teketen.com/wp-content/uploads/2010/02/Blogosferako_turistak.mp3[/podcast]

Martxoa 5th, 2010

Plataformaren araberako komunitatea

Argi dago komunitate batek trinkotzeko erabiltzen duen tresnak, ez duela komunitatea bera sortzen. Baina, argi dago komunitate horrek egin ditzakeen gauzak mugatzen dituela.
Zure komunitateak zer egitea nahi duzun balditzatu dezake. Facebook bezalako tresnak bakarrik erabiliz, gehienetan atxikimendua eskatzeko besterik ez dute balio. Erabilera txukunak egin daitezke, baina atxikimenduaren kultura sustatzen dute gehien bat. Twitterren mezuak bota eta elkarrizketa batean murgildu gaitezke, baina jende gehienak informazioa zentzu bakarrean bidaltzeko erabiltzen du. Gainera, mezuen tamainak eztabaidari berari mugak jartzen dizkio.
Blog sare edo sare sozial propiotik eztabaida eta benetako parte hartze zuzena egin daiteke. Plataforma bertakoekin, baina baita sare kanpokoekin ere. Trackback, Pingback, iruzkin, RSS … teknologia estandarragoen bidez. Oraindik gauzak faltan botatzen badira ere, benetan gure komunitateak ekarpenak egitea nahi badugu hau izan daiteke bide egokiena. Horiek sortu eta erabiltzen ikasi behar ditugu. Bestela atxikimenduaren kulturan jarraituko dugu.

Otsaila 23rd, 2010

The blogs are not dead

Blogen heriotza aipatzen da behin eta berriz, baina hanpatze zikloaren normalizazioa besterik ez da. Blogak, inoiz baino garrantzi gehiago hartzen ari dira eta hauen eragina jaitsi baino, igo egin da. The Cocktailen azken sare sozialei buruzko analisiaren arabera blogek garrantzi handia dute iritziak sortu eta oihartzuna lortzeko garaian. Gainera, beste hainbat sarek ematen ez duten eztabaidarako gune bat eskaintzeaz gain, Twitter bezalako sare sozialen elkarren osagarri dira. Aselek esango lukeen moduan, The blogs are not dead.

Urtarrila 19th, 2010

Postit

Blogera bueltatzen. Informazio asko jaso eta bidaltzen dugu, baina askotan informazio hori informazio prozesatugabea da. Nik behintzat informazioa, loturak hartu eta nire testuingurura egokitzeko beharra izaten dut. Bestela hor gelditzen dira irakurtzekoen zerrendan edota lotura interesgarrien artean. Era berean Twitterren botatzen ditudan mezuak eta sortzen diren elkarrizketak ez dira oso mamitsuak izaten, ez aukera ematen ez dutelako baizik eta medioak ez duelako ematen. 140 karakterek muga handia ezartzen dute horretarako adibidez. Hemendik aurrera beraz jasotako informazioa, hausnartua eta pixkat landua ere blog honetan joango da. Apunte moduan, beharbada aurrerago post luze batean amaitzen dutenak. Twitter informazio prozesatugabea eta momentuko egoera mezuak botatzeko bakarrik erabiliko dut. Postit hauek ohar garrantzitsuak izango dira, egun batean esnatu eta koaderno batean apuntatzeko beharra sentitzen dituzun horietakoak. Beraz hadi!