Euskaldunak beti izan gara krisian. Proiektuak sortzeko diru askorik gabe, baina beti nola edo hala atera gara aurrera. Hori esaten zuten lagun batzuek, Zuzeu.com-en urteurrena ospatzeko bideo bat grabatzen ari ginenean. Batzuek krisian gauza berriak sortzeko garaia dela diote, aldaketa garaia. Lanik gabe gelditu den familiak ez du berdina esango, baina egia da buruari buelta asko emateko uneak direla. Etengabeko krisian bagaude, beti zerbait berria asmatzen egon behar.
Egunkaria auziaren absoluzioak Interneten mila eragin izan ditu. Twitterren gehien erabilitako hitzen artean egon da #egunkaria etiketa, Berria.info-k 30.000 bisitari izan ditu, egindako zuzeneko emisioan momentu berean 333 ikusle izatera iritsi da, beste hedabide, blog eta sare sozialetan absoluzioaren berria zabaltzeaz gain, agenda publikoan ere eragina izatea lortu dute. Dena Egunkaria-ren inguruan sostengua adierazi duten pertsona, langile, langile ohi, kolaboratzaile, talde, enpresa eta abarrei esker.
Egunkaria-k ordezkatzen zuen proiektua betiko krisi horren adierazle garbia da. Batzuetan krisiak ez dira ekonomikoak soilik eta bere garaian Egunkaria-ren inguruan zegoen proiektuak forma berri bat hartu behar izan zuen; ondoren Berria izango zena. Orain beharbada aurrera begira ere pauso berriak emateko aukerak irekitzen dira. Proiektu honek Interneten, baina baita (eta batez ere) kalean duen komunitatearekin duen laguntzarekin batera ere.
Hasieran aipatu dut, baina Zuzeu.com albistari digitalak, bere burua Internetzaleon albistari horizontaltzat duenak, urte bat bete du. Zailtasun ekonomikoak izan baditu ere, sartu den publizitate apurrarekin eta bere bultzaitzaileen laguntzarekin hor dagoen erreferente berri bat. Bere inguruan komunitate parte-hartzaile bat biltzea lortu duena. Beste eredu bat, beste saiakera bat.
Hor dira ere Sustatu.com zaharberritua. Aspaldiko erreferentzia teknologiko bat. Baita Zabaldu.com ere, denon artean bozken bidez egindako hedabide soziala. Oraindik hor dago, Indymedia Euskal Herria, askorentzat erreferente izan zena. Eta hor dira ere, gure mila blogak, inoiz baino euskarazko sorkuntza gehiagorekin.
Beti izan gara krisian, beti aldatzen, beti berritzen, baina inoiz ez geldirik. Zorionak guztioi.
Berriako Irlen Sarea atalean argitaratutako artikulua


