Teketen

Jendartea eta teknologia uztartuz
Azaroa 26th, 2010

EEB – Euskal Entziklopedia Berria

Ilustrazio garaiak dira Eusko Jaurlaritzan, afrantsesatu berriak XXI. mendean. Denok ilustrazioaren oinarrietatik haratago goazenean Interneti esker, EEB Euskal Entziklopedia Berria egitea otu zaie. Kritikak argiak dira, batez ere Wikipedia euskalduna dugunetik, horrelako ekimenek dirua xahutzeko aukera eta beste #azkuefacts baten susmoa zabaltzen dute. Euskarazko eduki entziklopedikoak sustatu nahi badituzte, lagun dezatela euskarazko Wikipedia sustatzen eta laguntzen.

Hala ere, zein interes dago honen atzean? Interes ekonomikoak egon daitezke noski, baina segur aski kasu honetan ez dira garrantzitsuenak. Entziklopedia hori, aro berriaren normalizazioa erakutsi nahiko du? Hau da, orain arteko beste entziklopediek esaten dutena berraztertuko du? Segur aski fidagarriagoa edo neutralagoa dela esango digute, zein baino? Denok editatu dezakegun Wikipedia baino?

Ideia hala ere ez du zertan txarra izan behar. Bertan sortzen den edukia libre egiten duten bitartean berrerabilgarria izateko, beharbada, zergatik ez interesgarria izan daiteke. Gainera ez luke entziklopedia bakarra izan beharko, denok genuke entziklopedia txiki bat sortzeko aukera. Gero wikipedistek (eta denok) erabakiko genuke zer eraman denontzako interesgarria den entziklopedia horretara (Wikipedia). Horrek dauden edukiak hobetzeko aukera emango luke, bakoitzak bere “entziklopedia” pertsonaletatik abiatuz. Zergatik ez?

Aipatutako hori oso aukera interesgarria da pertsonentzat/taldeetzat. Zergatik ez ingeniari, zientzialari, informatikari, kirolari, auzokideek beren wikipedia txikiak eraiki (guztia eduki entziklopedikoa ez dutenak) eta gero hori entziklopedia orokorrera gauzak eraman (bakarrik interesgarriak direnak). Beharbada honek parte-hartzean dauden muga nabarmenak ere kentzen lagun dezake. Talde bakoitzean demagun pertsona bat dagoela lotura egiteko prest dagoena. Jendeak bere komunitate errealean parte hartzen du, bertan sentitzen baitu parte hartzeko beharra. Gero zubi den pertsona horrek (eta beste guztiek) eduki horietatik interesgarriena dena eraman genezake.

Eusko Jaurlaritzak egindako ekimenean aldiz, beharbada zuzenena litzateke Wikipediari dirua ematea. Beharbada ez zuzenean honi, baizik eta honetan lanean dabiltzan euskal taldeei. Aukera dago hori egiteko? Nola litzateke forma errazena? Fundazio txiki bat sortu, Interneten euskarazko eduki libreak sustatzeko? Beste fundazio bat behar dugu???

Bukatzeko, beste eztabaida bat bada ere. Wikipediak uniformizazio puntu bat ere badu. Gero eta gehiago eta itzulpen automatikoa hobetzen doan bezala gehiago gertatutko da, zuzenean beste hizkuntzatako informazioa ekartzen da euskarazko Wikipediara. Batzuetan, informazio hori txukundu eta lokalizatu egiten da, hau da gurera egokitzen da, baina gehienetan ez da egiten. Hau da, itzulpenarekin batera karga kulturala duten hitz, esamolde, jarrera, kultura trazak ekartzen ditugu. Hori ere kontutan hartzen hasi beharko dugu. Gauza askorekin egiten dugu jada, izenak, toponimoak, lurraldetasun kontuak, baina beste asko beharbada konturatzen ez garelako zuzenean ekartzen ditugu. Beste eztabaida bat da, ez dadila ulertu itzulpen automatikoaren edota Wikipediaren aurkako aldarri bezala, konstruktiboa izan nahi du eta.

Aldi berean ziur nago intentzio onekin HPS barnean lan egiten duten pertsonak daudela, horiei behintzat sareko ekimen hauek kontutan hartu ditzatela eskatzen diet eta baita animoak eman ere.

P.D: Itzulpen automatikoa ere HPSren proiektu estrategikoen artean dagoela ere entzun dut. Nik ere, horrela ikusten dut, beraz dirua horretara ere bideratu daiteke beharbada.

Eztabaidaren hari gehiago:

Abuztua 1st, 2010

Sare sozialak, nerabeak eta euskara

Uztaila 26th, 2010

IVAPen itzulpen memoriak libre

Open Data Euskadi webgunean IVAPen itzulpen memoriak askatu dituzte, formatu erabilgarrietan. Euskara 2.0 jardunaldietan itzulpen memoriak askatzeko beharra etengabe aipatu zen. Hemen pauso txiki bat gehiago bide horretan.
Loturiko informazio gehiago:

Ekaina 11th, 2010

Eskup

Nonick-en egon nintzenean, New York Timeseko Jennifer Preston, social media editorea ezagutzeko aukera izan nuen. Oso pertsona gertukoa eta jatorra gainera. Hala ere, harritu ninduen nola NYTimes bezalako hedabide batek ez zuen bere tresna propioa sortzen, bere komunitatearekin elkarreragiteko. Kazetariak sare sozialetan daude eta era aktiboan parte hartzen dute hauetan. Baina zergatik ez, irakurle, kazetari, herritar interesatuarekin… elkarreragitea bultzatzeko tresna bat sortu? Zergatik galdu duzun potentzialitate hori?
Sare horietan egotea garrantzitsua da hedabide batentzat, baina pertsonengatik atxikimendua baino gehiago, benetako parte-hartzea eta elkarrekintza zuzena espero baduzu beharbada tresna propio bat beharrezkoa da. Hori da zehazki, ElPaisek sortu duen Eskup tresna. Bertan herritarren eta kazetarien arteko elkarrekintza bilatzen dute, beste kanpoko tresnekin ere bateragarria da eta albiste moduko informazioak dira bertan trukatzen den objetu soziala. Atxikimendutik haratago doan proposamena, ikusiko dugu zenbaterainoko askatasuna emango duen. Ez dakigu funtzionatuko duen ere, baina badirudi Gumersindo Lafuentek proposatu duen tresna honetan, aurretik egin zituzten akatsetatik ere ikasiko zutela, beraz oso interesgarria izan daiteke.
Gurean ere horrelakoak beharko ditugu eta beharbada gure komunitatearen tamaina kontutan hartuta gure euskarazko hedabideen inguruan sortu beharko dira. Bakoitzak berea egin dezake edo nahi dutenen artean bakar bat proposatu.
Aipatu dugunaren berdina ez bada ere gurean ere gauzak mugitzen dira. Komunikariak taldeak ZutaGu sare sozialean komunitatea berreraiki dute. Bertan komunikazioaren inguruan beraien artean kezkak eta interesak partekatzen dituzte. Ez gaude geldirik, ez jauna!

Ekaina 8th, 2010

Euskara eta itzulpen automatikoa

Googlek bere itzulpen automatikorako Gtranslate tresnan euskara alpha (hastapenetan) egoeran sartu du. Horrek esan nahi du orain euskara eta munduko beste hizkuntza askoren artean itzulpenak egin ahal izango direla. Garrantzitsuena da hori hainbat zentzutan egin daitekeela. Hau da, hizkuntza batetik euskarara, baina baita uskaratik beste hizkuntza batera ere. Itzulpenaren kalitateari begiratzen badiogu, tresna ez da oso ona, Googlek estatistikan oinarritutako itzulpenak egiten baititu. Horrek esan nahi du euskarazko edukiak kantitate eta kalitatean izan gabe zaila izango dela guztiz baliagarria den itzultzaile bat lortzea. Googlek berak zuzenean itzulitakoa zuzentzeko aukera ematen digu. Suposatzen da, beraz, Googleren sistema honek gure proposamenetatik ikasiko duela. Baina, bigarren ondorio bat ere atera daiteke, euskarazko itzultzaile on bat izateko edukiak izatea beharrezkoak badira, sortzen jarraitu beharko dugu. Horrek segur aski ez du itzultzailearentzako bakarrik balioko, baina guztiz beharrezkoa izaten jarraituko du.

Itzulpen automatikoaren hariari jarraituz, orain arte gurean proiektu eta enpresa batzuk oso murgilduak egon dira, horietako bat hizkuntzaren prozesamenduaren inguruan lan egiten duen IXA taldea. IXAko Gorka Labakarekin hitz egin ondoren, beraiek egindako bidea beste bat dela azaldu digu. Sintaxi azterketan, hau da, esaldien egituran oinarritutako itzulpenak egiteko sistemak landu eta ikertu dituzte batez ere. Etorkizunean ere sistema horiek oso garrantzitsuak izango direla ere aipatu du, euskararen berezitasunak direla eta. Baina beharbada, etorkizunean, bien nahasketatik etor daitezke emaitzarik hoberenak. Behintzat, orain zerekin konparatu izango dutela azaldu du. Edozein kasutan, Googlek emandako pausoa oso interesgarria dela nabarmendu nahi izan du.

Labakak bezala, jende gehienak uste du Googleren pausoa oso garrantzitsua dela. Globaltasunean, lehen 50. hizkuntzen inguruan kokatzen du euskara, eta hori oso garrantzitsua da. Gero eta gertuago dago euskaraz idatzi, eta munduko beste edozein hizkuntzen bidez ulertuko gaituzten eguna. Hala ere, erronkak hor jarraitzen du. Tresna hobeagoak sortu eta hobetzen jarraitu beharko dugu, baina edukiak sortzea gure ardura da.

Berriako Irlen Sarea atalean argitaratutako artikulua