Teketen

Jendartea eta teknologia uztartuz
Azaroa 26th, 2010

EEB – Euskal Entziklopedia Berria

Ilustrazio garaiak dira Eusko Jaurlaritzan, afrantsesatu berriak XXI. mendean. Denok ilustrazioaren oinarrietatik haratago goazenean Interneti esker, EEB Euskal Entziklopedia Berria egitea otu zaie. Kritikak argiak dira, batez ere Wikipedia euskalduna dugunetik, horrelako ekimenek dirua xahutzeko aukera eta beste #azkuefacts baten susmoa zabaltzen dute. Euskarazko eduki entziklopedikoak sustatu nahi badituzte, lagun dezatela euskarazko Wikipedia sustatzen eta laguntzen.

Hala ere, zein interes dago honen atzean? Interes ekonomikoak egon daitezke noski, baina segur aski kasu honetan ez dira garrantzitsuenak. Entziklopedia hori, aro berriaren normalizazioa erakutsi nahiko du? Hau da, orain arteko beste entziklopediek esaten dutena berraztertuko du? Segur aski fidagarriagoa edo neutralagoa dela esango digute, zein baino? Denok editatu dezakegun Wikipedia baino?

Ideia hala ere ez du zertan txarra izan behar. Bertan sortzen den edukia libre egiten duten bitartean berrerabilgarria izateko, beharbada, zergatik ez interesgarria izan daiteke. Gainera ez luke entziklopedia bakarra izan beharko, denok genuke entziklopedia txiki bat sortzeko aukera. Gero wikipedistek (eta denok) erabakiko genuke zer eraman denontzako interesgarria den entziklopedia horretara (Wikipedia). Horrek dauden edukiak hobetzeko aukera emango luke, bakoitzak bere “entziklopedia” pertsonaletatik abiatuz. Zergatik ez?

Aipatutako hori oso aukera interesgarria da pertsonentzat/taldeetzat. Zergatik ez ingeniari, zientzialari, informatikari, kirolari, auzokideek beren wikipedia txikiak eraiki (guztia eduki entziklopedikoa ez dutenak) eta gero hori entziklopedia orokorrera gauzak eraman (bakarrik interesgarriak direnak). Beharbada honek parte-hartzean dauden muga nabarmenak ere kentzen lagun dezake. Talde bakoitzean demagun pertsona bat dagoela lotura egiteko prest dagoena. Jendeak bere komunitate errealean parte hartzen du, bertan sentitzen baitu parte hartzeko beharra. Gero zubi den pertsona horrek (eta beste guztiek) eduki horietatik interesgarriena dena eraman genezake.

Eusko Jaurlaritzak egindako ekimenean aldiz, beharbada zuzenena litzateke Wikipediari dirua ematea. Beharbada ez zuzenean honi, baizik eta honetan lanean dabiltzan euskal taldeei. Aukera dago hori egiteko? Nola litzateke forma errazena? Fundazio txiki bat sortu, Interneten euskarazko eduki libreak sustatzeko? Beste fundazio bat behar dugu???

Bukatzeko, beste eztabaida bat bada ere. Wikipediak uniformizazio puntu bat ere badu. Gero eta gehiago eta itzulpen automatikoa hobetzen doan bezala gehiago gertatutko da, zuzenean beste hizkuntzatako informazioa ekartzen da euskarazko Wikipediara. Batzuetan, informazio hori txukundu eta lokalizatu egiten da, hau da gurera egokitzen da, baina gehienetan ez da egiten. Hau da, itzulpenarekin batera karga kulturala duten hitz, esamolde, jarrera, kultura trazak ekartzen ditugu. Hori ere kontutan hartzen hasi beharko dugu. Gauza askorekin egiten dugu jada, izenak, toponimoak, lurraldetasun kontuak, baina beste asko beharbada konturatzen ez garelako zuzenean ekartzen ditugu. Beste eztabaida bat da, ez dadila ulertu itzulpen automatikoaren edota Wikipediaren aurkako aldarri bezala, konstruktiboa izan nahi du eta.

Aldi berean ziur nago intentzio onekin HPS barnean lan egiten duten pertsonak daudela, horiei behintzat sareko ekimen hauek kontutan hartu ditzatela eskatzen diet eta baita animoak eman ere.

P.D: Itzulpen automatikoa ere HPSren proiektu estrategikoen artean dagoela ere entzun dut. Nik ere, horrela ikusten dut, beraz dirua horretara ere bideratu daiteke beharbada.

Eztabaidaren hari gehiago:

Uztaila 17th, 2010

Econopocalypse

Ekaina 6th, 2010

Atez ateak eztabaida eta dinamika berriak pizten

Aurreko batean, Donostian gauez gazte interesgarri bat topatu nuen. Bere lagunei atez atekoa azaltzen zegoen, hasierako dudak eztabaidatu eta uste dut nahiko ondo azaltzea lortu zuela. Momentu horretan DVko gauetako argazki-paparazzia sartu eta momentu hori jaso zuen. Seguraski atez atekoaren alde DVan esan den gauza bakarrenetakoa. Baina gazte hau ez da horretan gelditu Facebook talde bat ere sortu du, Donostian atez atekoa sutatzeko.
Proiektua aurrera doa eta gero eta gehiago zabaltzen ari da. Hainbat herri atez atekoa jartzearen alde agertzen ari dira. Beste hainbat tokitan, herritarrek, agintariei atez atekoaren aldeko apustua egitea eskatzen hasi dira.
Zailtasun handiak ere badaude, aurretik sortutako interesak eta batez ere eta era berezian alderdi batzuen erasoek zailtasunak jarriko dizkiote proiektuari.
Hala ere, oihartzuna Euskal Herritik kanpo ere iristen ari da. Aste honetan, Ecoperidikoak Recogida puerta a puerta, ejemplo de compromiso y concienciación popular argitaratu du adibidez.

Urria 26th, 2007

Nazkatuta nago eztabaida antzuez

Egunero euskal herriko interneteko bideetatik gauza asko eta positiboak jasotzen ditut, gehienak sinpleak, dibertigarriak, interesgarriak edo bikainak dira. Baina badaude beti eztabaida errekurrente eta antzu asko ere. Goazen sortzera, sortu, eraldatu, garatu, aurreratu, ondo pasa. Eztabaida oso ona da baina negarra, etsipena eta horrelakoetara eramaten bagaitu ba… Animo, kale eta teklatuak astintzera.

Iraila 13th, 2007

Argia aldizkariko Larrun

Orain dela egun batzuk Argiako egoitzan egon ginen Argiak gonbidatuta Larrun deitutako eztabaida foroan. Bertan izan ginen Lontzo Sáinz (eitb24), Aitor Lopez de Aberasturi (Kaixo.com), Luistxo (C&S) eta ni Elurnet-eko bezala. Gustora egon ginen internet, euskara, iragana, etorkizuna etab. buruz. Euskadi Irratikoek mahainguru guztia grabatu zuten eta Argiako lagunek baita bideoz ere (eta botatzen duten). Moderatzaile bezala Eli Pombo eta Jon Torner izan genituen bikain lanean (bi abizen kurioso batera izen artistikoak izango al dira :P )

Beno ba irrikitan gaude bai Argiak eta bai Euskadi Irratiak esandakoari emandako forma ikus eta entzuteko. Joan aurretik hainbat apunte egin nituen arren bertan gauza gehiago ere atera ziren Luistxoren mehatxuei izen eta guzti jarri genion :P . Hemen uzten dizkizuet Larruneko nire apunteak (apunteak dira ez testu egituratu bat).