Teketen

Jendartea eta teknologia uztartuz
Uztaila 22nd, 2010

Bidaiatu edo ihes egin

Zerbait aldatu bada azken urteetan bidaiatzeko era izan da. Gure gurasoek beren herria eta ingurua bakarrik ezagutzen zuten; gaur egun, aldiz, jende askok munduan zehar ibiltzeko aukera dauka. Arraroa izaten da hegazkin bat hartu ez duen norbait aurkitzea.

Aldaketa horiek guztiak teknologiaren bitartekaritzaren ondorioz gertatu dira. Horien artean, Internetek erraztasun handiak eman dizkigu lekuak ezagutu eta horietara joateko bidaiak lortzeko. Interneteko berrikuntza askok sozializatzeko denbora bat ematen dute, eta bidaiak izan dira sozializazio maila garrantzitsu bat lortzen lehenengotarikoak. Bidaiak bilatzeko Minube.com, Atrapalo.com eta gisako atariak eta low cost bidaiak izan dira fenomeno horren garapenaren arrazoi nagusiak. Argi dago, beraz, bidaiatzeak interes handia duela. Google handiak ere aste honetan ITA erosi du. ITA enpresa hegaldi eta eserleku libreei buruzko informazioa kudeatzen duen enpresa garrantzitsu bat da. Oraingoz, Googlek adierazi duenez, informazio hori bakarrik bere bilatzailean integratzeko erabiliko du.

Baina, horretaz guztiaz gain, bidaien inguruan beste hainbat fenomeno interesgarri ere sortu dira. Bidaiarientzako komunitateak, informazio webgune ugari, sare sozialak… Horien artean etxea trukatu nahi dutenen komunitateak: Homeexchange.com, Intervac-homeexchange.com, Livingaway.com… Horietaz gain, etxeetan txoko bat, sofa bat behintzat uzten duten pertsonen sareak ere sortu dira. Hotel, pentsio edo lo egiteko leku batean dirua gastatu nahi ez dutenentzat Couchsurfing.org eta gisako webguneak daude.

Baina fenomeno harrigarrienen artean nomadismo berria dago. Denbora guztian bidaiatzen ari diren pertsonak dira horiek. Batzuk zergak ez ordaintzen saiatzen dira, beste batzuk pribatutasuna bilatzen dute, beste batzuk estatuen zirrikitu legalak baliatzea… Aholkularitza enpresak (Ptshamrock.com) eta informazio webguneak (Neo-nomad.net) sortu dira. Wired aldizkariak gai horri artikulu oso bat eskaini zion. Horietako askok teknologia etengabe erabiltzen dute, komunikazioa mantentzeko eta beraien bizimoduak horrela eskatuta. Denok pentsatu dugu noizbait betirako desagertzea, hau era horietako bat izan liteke.

Berriako Irlen Sarea atalean argitaratutako artikulua

Maiatza 13th, 2010

Facebook F8

Facebookek F8 bilkura egin berri du San Frantziskon. Bertan Facebooken aldaketa eta berrikuntza berriak proposatu ditu. Era berean, munduan askok erabiltzen duten Interneteko sare sozial honen inguruko oihartzuna lortu du. Ez naiz inoiz beldurra sartzearen aldekoa, baina Facebookek daraman bidea ez da batere garbia.

Facebookek gure perfilak osatzeko informazio gehiagoren bila dabil. Orain Open Graph eta Facebook Connect-en hobekuntzarekin hau Interneteko sare sozialetik kanpo ere lortu ahal izango du. Teknologia hauek integratzen dituzten webguneetara gure Facebook kontuan izena emanda sartzen bagara, hauek gure perfiletako informazioa eskuratu ahal izango dute. Gainera, Facebookek berak ere gure historikoaren informazioa erabil dezake publizitate zuzendua bidaltzeko. Noski, aukera hauek segur aski murriztu daitezke, baina jende gehienak ez du egingo.

Hala ere, niretzat okerrena ez da hori, baizik eta jende askorentzat Internet eta Facebook sinonimoak direla pentsatzea. Facebooken egin dutena estandar libre eta irekiekin egin zitekeen. Baita kontrol zentralik gabe ere. Hau da, beraiek kontroletik igaro gabe. Ez dute horrela nahi izan, eta gero eta gehiago askorentzat Internet mugatuta dagoen esparru bat bihurtzen ari da.

Horren trabak pribatutasunaren arlokoak asko badira ere, psikologikoak ere garrantzitsuak dira. Facebookek eskaintzen diguna edo bertan egin daitekeena jende askok muga gisa ikus dezake. Esperimentatzeko, sortzeko, tresna eta ekimen propioak egiteko aukerak ez ditu ezagutuko ere egingo. Horiek garatzeko esparru naturaltzat izango dute Facebook, eta, beraz, horren barnean bakarrik geldituko dira.

Internet bera da sare sozial handiena. Hipertestua asmatu zenetik, pertsona bat eta beste bat aske lotzeko aukera sortu zen. Hori iraultza handia izan zen. Horretaz jabetu zirenek izan dute azken urteetan arrakasta, Googlek kasu. Honek hasieran behintzat argi zuen Interneteko oinarri etikoekin bat etorri behar zuela. Nahiz eta hau ere asko aldatu den, hor dago Don’t be evil (ez izan maltzurra) esaldia. Facebookek ez du horrelakorik ere. Zure perfila nahi dute, zure gogoko gauzak, zure harreman sarea, eta gero eta errazago izango dute. F5 teklari eman beharko diogu, Internet urteetan izandako etikara bueltatzeko.

Berriako Irlen Sarea atalean argitaratutako artikulua

Apirila 11th, 2010

Azken hamarkada

Etengabe etorkizunari begira egoten gara, baina askotan gelditu eta atzean utzitakoari begiratzea ere komeni da. Interneten aldaketak hamarkadaka neurtu izan dira.

Azpiegiturara begiratuz, banda zabala eta WIFI sareen sozializazioa izan dira gauzarik garrantzitsuenak. Lehenengoek posible ez ziren gauza asko posible egin dituzte; HD bideoak ikusteko aukera, adibidez. Bigarrenek Internet askoz leku gehiagotatik erabiltzea lortu dute.

Tresnen aldetik, blogak eta haien artean sortzen den eztabaida eta parte-hartzea sustatzeko sareak izan dira garrantzitsuena. Blogosfera, hedabide banatu eta parte-hartzaile sortuz. Eztabaidak gauzatu eta momentu batzuetan agenda publikoa ere baldintzatzea lor dezakeen hedabide bat. Blogekin batera, batez ere beste tresna batzuen sozializazioa gertatu da. Jarioek, adibidez, hainbat iturritara harpidetzeko aukera ireki dute. Baita bakoitzak bere informazioa igorri eta gero informazio hau batzeko aukera ere.

Komunikazio pertsonalaren esparruan, aukera gehiago ireki dira. Posta elektronikoa, tresna asinkrono eta pribatua izateari eutsi dio. Gainera, berrikuntzak ere izan ditu; IMAP protokoloaren erabilera, kasu. Baina horretaz gain, berehalako mezularitzaren arrakasta etorri zen. Berehalako komunikazio, sinkrono pertsonala egiteko erabiltzen da hau. Baina, horretaz gain, azken garaien genero berri bat ere agertu da. Berehalako mezularitza asinkrono soziala bezala definitu daitekeena. Twitter da horren adibide garbiena.

Enpresei begiratuz gero, Googleren hamarkada izan dela argi dago. Bere bilatzailetik abiatu, eta posta elektroniko, berehalako mezularitza, dokumentuen kudeaketa, egutegiak, bideoa… esparru guztietan sartu da. Beti informazioa eskuratzeko nahiarekin, ondoren publizitatea Adsense bidez saltzeko intentzioarekin. Zenbait momentutan pribatutasuna ere zalantzan jarrita.

Baina aldaketa garrantzitsuenetako bat software libreak izandako eztanda izan da. Zerbitzarietan batez ere, baina mahaigaineko ordenagailuetan eta eramangarrietan ere aukera handiak ireki dituzte. Software libreari esker, pertsona, talde eta enpresa txikiek ere beren tresna propioak sortu ahal izan dituzte (beste batzuk oinarri hartuta) eta ekonomikoki ere egingarriak izan dira gauza asko.

Berria.info webgunean | PDF bertsioa | Inprimatzeko bertsioa

Berriako Irlen Sarea atalean argitaratutako artikulua

Apirila 11th, 2010

Facebook Googleri gailendu zaio?

Aurreko asteko albiste garrantzitsu bat izan da Facebookek Googleren bisita kopurua gainditu duela. Zehazki, Hitwise-ren artikulu batek esaten du Facebook orri bisitatuena izan dela AEBetan. Dirudien bezain garrantzitsua al da hori? Nire ustez, ez askorik.

Neurketan ez dira Googleren beste tresna guztiak kontuan hartu, eta, beraz, datua haren bilatzaileari bakarrik dagokio. Gmail, Youtube, Google Apps… eta beste aplikazio guztiak azterketatik kanpo gelditzen dira, beraz. Aplikazio horiek guztiak kontuan izango bagenitu, Goo-gle izango litzateke irabazle argia.

Facebook eta Google bilatzailea webguneak dira, baina zerbitzuak, erabat ezberdinak. Googlek bilaketaren bidez nahi dugun hori bilatzeko aukerak errazten dizkigu, bere algoritmo misteriotsuari esker. Beraz, trafikoa beste helbide batzuetara eramaten du. Facebook, berriz, sare sozial bat da, eta haren baitan elkarrekintza gehiago izaten dira.

Ikerketan nabarmentzen den datu bat, hala ere, oso deigarria egin zait. Facebooken erabilpena %185 igo da aurreko urtearekin konparatuz. Datu garrantzitsua dudarik gabe, Facebook asko orokortu den seinale. Baina Google bilatzailea aldi berean %9era igo da; beraz, jada liderra zen bilatzaileak ez du atzerapausorik egin, eta orain liderragoa da.

Hala ere, garrantzitsuena ez dago datu dantza horretan, baizik eta atzean dauden logiketan. Alde batetik, sarean fenomeno berriak agertzen direla erakusten du. Facebookek arrakasta handia lortu du. Baina logika ezberdinak ere badaudela erakusten digu. Googlek logika deszentralizatzaile bat darabil, momentu batzuetan banatua izatera ere iristen dena. Hau da, iristen zaion trafikoa, bilatzaileen emaitzen bidez beste leku batzuetara bideratzen du. Horri kontrajarria edo, logika zentralizatzaileago bat Facebookena. Sare sozial horretan gertatzen diren elkarrekintza guztiak barnean gertatzea bilatzen duena. Bere barne hesiaren barnean dagoena babestuz.

Momentu honetan Facebooken logikak funtzionatu badu ere, ez da Internetek sorreratik izan duen filosofiarekin guztiz bateragarria. Uste dut Facebooken erorketa hasten bada igoera bezain azkarra izango dela. Internetek irekia eta ahal bezainbeste banatua izateko eginda dago, eta hori Google handiak ere badaki.

Berria.info
webgunean | PDF bertsioa | Inprimatzeko bertsioa

Berriako Irlen Sarea atalean argitaratutako artikulua

Apirila 11th, 2010

Sarearen neutraltasuna

Internet sarearen neutraltasunaz hitz egiten dugunean, azpiegitura fisikoek jarritako oztopoez gain, datuek mugitzeko duten askatasunaz ari gara. Hau da, bi ordenagailuren artean datuak inongo kontrol edo iragazkirik gabe mugitzeko eta bidaltzeko aukeraz.

Zehazki, neutraltasun hori ari dira azkenaldian dudan jartzen. Alde batetik, jabetza eskubideak urratzen omen dituzten datuen garraioa kontrolatu nahi duten lobby-ak daude, baita beren interesak defendatu nahi dituzten telekomunikazio enpresak ere. Telefonicak, adibidez, Googleren jarduna mugatu nahi du, bere sareen bidez hark dirua egiten duela argudiatuz. Ez da Google defendatzeagatik (ez du beharrik, gainera), baina gauza gehiago daude jokoan, sarearen neutraltasuna hausten bada denok galduko dugu eta.

Europan, Interneten neutraltasuna amaitzeko eta kontrol neurri gehiago ezartzeko saioak etengabeak dira. Horien bidez, telekomunikazio enpresek beren sareetatik atzitu ditzakegun webgune eta zerbitzuak mugatu ahal izango dituzte. Ezingo genituzke Skype eta halako aplikazioak erabili, telekomunikazio enpresa horren interesen aurka doalako. Skypek Internet bidez beste telefono eta ordenagailuekin audio bidez konektatzeko aukera ematen baitu. Fitxategien trukea ahalbidetzen duten P2P sareak erabiltzeko zailtasunak ere izan genitzake, enpresa horrek apropos abiadura mantsotu edo zuzenean datuen garraioa uka dezakeelako.

Honek jada dauden ezberdintasunak areagotzeari ateak irekiko lizkioke. Zenbait eduki edo zerbitzu mota erabiltzeko sare konexio bereziak sor daitezke, ordainduta noski. Muga ez da abiadura, hardware, konexioaren izaeragatik etorriko, baizik eta telekomunikazio enpresek ezarritako kontrol eta iragazkien ondorio zuzena izango da. Ezagutzen dugun Internet desagertu eta ordaintzen duzunaren araberakoa izateko arriskua dago.

Internetek zerbait garrantzitsua lortu du orain arte. Zure konexioaren abiadura eta mota edozein dela ere, bertara konektatzeko aukera izanda, informazio eta zerbitzu berak erabiltzeko aukera izatea. Informazioaren eta kulturaren biltoki handiena bihurtu da. Baina hori aldatu nahi dute, hainbat aitzakia erabiliz. Orain arte arrakasta izan badu, librea izan delako izan da. Horri behintzat eutsi behar diogu.

Berria.info
webgunean | PDF bertsioa | Inprimatzeko bertsioa

Berriako Irlen Sarea atalean argitaratutako artikulua

Honekin loturik Info7 irratiko audio [mp3] [ogg] elkarrizketa.
[podcast]http://teketen.com/wp-content/uploads/2010/03/Sarearen_neutraltasuna.mp3[/podcast]