Teketen

Jendartea eta teknologia uztartuz
Urtarrila 14th, 2010

Jano

Urte amaiera iritsi da, iraganari buruz hausnartu eta etorkizunari begiratzen hasteko unea. Egunotan erromatarren mitologiako Jano jainkoa etortzen zait burura. Jainko horrek bi buru ditu, bakoitza alde batera begira. Hasiera eta bukaera adierazten ditu. Horregatik, urteko lehenengo hilabetea adierazteko erabilia izan da; hortik dator Ianuarius eta ingelesezko January, adibidez.

Internet eta teknologiaren munduan urte oparoa izan da. Bederatzi@2009 sariek euskal sarean izandako berrikuntzak nahiko ondo laburbiltzen dituzte. Gai edo gailu berrien inguruan komunitate berriak sortu dira, hedabide eta formatu berriak agertzen hasi dira, hainbat salaketak ere oihartzuna izan dute sarean, egile eskubideen inguruko eztabaida piztu eta sakontzen hasi da…

Gure komunitatetik kanpo, Google izan da albiste berriro ere. Bere jarduerak aldaketa sakonak eragin ditu gizartean. Mugikorren munduan ere aldaketa handia ekarri du, sortu duen Android sistema eragile berriarekin.

Sare sozialen urtea ere izan da; Facebook eta Twitter nagusitu dira. Horiek ere eragin handia izan dute gugan. Horiekin batera, pribatutasunari buruzko eta tresna horiek erabiltzeko moduen gaineko kezkak ere sortu dira. Liburu elektronikoa, egile eskubideak, datu publikoen eskuragarritasuna, lizentzia libreak… gai eztabaidatuak izan dira. Eztabaida garrantzitsuak dira, eta etorkizunari begira ondo erantzun beharreko erronkak.

2010ari begira jarrita, oso urte garrantzitsua dator. Krisi ekonomikoarekin zer gertatuko den ikusi beharko dugu, baina interesgarria izan daiteke. Denbora errealean informazioa jaso eta bidaltzeak garrantzi berezia izango du; web soziala deitutakoak garrantzia izaten jarraituko du; Internetera gero eta leku gehiagotatik eta gailu mugikorretatik sartzera ohitzen joango gara, eta erabiltzen ditugun zerbitzu asko beste askoren nahasketaz osatuta egongo dira eta ez dira gure ordenagailuetan exekutatuko, urruneko makinetan baizik.

Jano jainkoa gauzak aldatu nahi dituztenen jainkoa ere bada. Urtean zehar haren tenplua itxita egoten zen, baina guda garaian irekita. 2010. urtea izan dadila tenpluko ateak ixteko urtea, indar berriekin etorkizuneko ateak irekitzeko.

Berria.info webgunean | PDF bertsioa | Inprimatzeko bertsioa

Berriako Irlen Sarea atalean argitaratutako artikulua

Uztaila 14th, 2009

HTC magic eta Etxekoandroid’09

Android erabiltzen duen HTC Magic telefonoaren bideo txiki bat prestatu dut. Bideoa Androidek eskaintzen dituen gauzak erakusteko balio du. HTC Magic-en ezaugarriak eta Android garapenarekin zerikusia duten gauzak kanpo utzi ditut. Android garapen lan-eremuarekin (framework) lanean hasi naiz, baina hori aurrerago azalduko dut. Orokorrean oso gomendagarria da gailu hau. Hori bai, aurikularrek ez dute sarrera estandarra erabiltzen eta horrek askotan bozgorailua erabiltzera behartzen zaitu. SEMIko kideek ohar bat kaleratu beharko lukete honen inguruan.

Android erabiltzaile eta garatzaile talde batek sistema eragile honen inguruko informazio elkartrukea egiteko ekitaldi bat prestatu dugu. Ostiral honetan uztailaren 17an  10:00etan Etxekoandroid’09 egingo dugu Donostiako Korta eraikinean (Korta eraikina iristeko argibideak).

Apirila 15th, 2009

Zuzeneko bideo emisioa mugikorretik

Bideoak igo eta ikustea aspaldi izan da posible Youtube edo EuskalTube bezalako tresnekin, baina azken aldian egunerokotasunak eta mugikortasunak gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari diren garai hauetan, zuzeneko emisioak hartu du garrantzia. Horrekin lotuta Mogulus bezalako tresnak jaio dira, bideoa zuzenean kamara batekin jasotzen ari den bitartean zuzeneko bideo emisioa egiten duen tresna da mogulus. Lehen hau bera egiteko satelite bidezko konexioa eta kamara handiak behar ziren, baina orain webcam, ordenagailu eta Internet konexio sinple batekin nahikoa da.

Hala ere, pauso handiago bat ere eman da zuzeneko bideo emisioa mugikorreko kamararen bidez. Ordenagailurik gabe 3G konexiodun mugikor sinple batekin zuzenean emititzen egon gaitezke eta emisioa grabatzeaz gain zuzenean emititzen da Interneten. Hori egiten duen tresnatako bat Qik da. Gainera Qik, Moguluseko kontu batekin lotu daiteke eta horrela Qiketik datozen bideo guztiak zuzenean Mogulusen ere agertzen joango dira.

Qik

  1. Sortu kontu bat Qik webgunean
  2. SMS bidez edota beste bideen bidez Qik programa jaitsi mugikorrera
  3. Konfiguratu Qik programa zure telefonoan (batez ere pribatutasun kontuak) eta Filmatu botoia sakatuz emititzen hasiko zara.

Bideo http://qik.com/erabiltzailea bezalako webgunean emititzen hasiko zara zuzenean eta horretaz gain, grabatzen diren bideo guztiak bertan gordeko dira. Gainera Youtube moduan bideoa eta zuzeneko emisioa edozein webgunetan txertatzeko kodea ere eskaintzen dute.

Mogulus kontu batekin ere lotu daiteke. Honela hainbat erreportari jar daitezke Qik bidez emititzen eta Mogulus kontu konkretu batekin emisio guztiak botatzen egon.

Tresna hauen erabilerak oraindik muga batzuk ditu, baina argi dago aurretik erabiltzen ziren baliabideekin konparatuz oso erraza egin dutela zuzeneko bideo streaming-a. Onartzen diren telefonoak eta 3G konexioaren beharra dira muga nagusiak. Hala ere, posible dela frogatzen hemen adibide batzuk [1] [2] [3]

Zein aldaketa sozial sor ditzake honek? Zer gertatuko da dirutza kostatzen duten ekitaldiekin jendea hauek grabatu eta zuzenean emititzen hasten bada? Zein muga jarri nahiko dituzte hau ez gertatzeko? Frekuentzia inibidoreak erabiltzen hasi beharko dira? Telebistan baino azkarrago ikusiko ahal izango ditugu gertaerak bideoan? Telebistan ikusten ez ziren ekitaldi eta gertaera zuzenean jarraitzeko eta emititzeko aukera izango dugu? Galdera asko eta erantzun gutxi, ekin diezaiogun esperimentatzeari, beti bezala denon mesedetarako!

Abendua 16th, 2008

Web móvil ikastaroaren aurkezpena

Hemen uzten dizuet Web mugikorrari buruz emandako ikastaroaren aurkezpena. Gazteleraz dago ikastaroa horrela izan zelako baina euskaraz egin behar badut euskarazko bertsioa ere igoko dut. Hemendik aurrera ikastaroen aurkezpenak Elurneten webgunean ere igoko ditut. Disfrutatu!

Iraila 12th, 2007

Testuinguruari buruzko artikulua Scribd erabiliz

Gaur scribd probatzen egon naiz euskaljakintza-ko Maitek wordpressekin zuen arazo bat konpondu nahian eta adibide bezala atzoko artikulua igo dut. Tresna interesgarria iruditu zait zenbait gauza konpondu beharko ditu konpatibilitate aldetik baina interesgarria behinik behin.