Teketen

Jendartea eta teknologia uztartuz
Maiatza 14th, 2010

Quid pro quo

Ubuntu sistema eragilearen GNU/Linux banaketak bertsio berria atera du. Bertsio garrantzitsua izango da, LTS Long Term Support motakoa baita. Interesgarriena, baina, sare sozialekiko, komunikazio tresnekiko eta dokumentuak on line kudeatzeko Ubuntu One sistemarekiko bateragarritasuna dira.

Tresna horiek guztiek argi uzten digute sistema eragileak eta dakartzan aplikazioak jada ez direla gure ordenagailuaren funtzio minimoak funtzionarazten dituzten tresnak bakarrik. Gure kanpoko munduarekin harremanak kudeatzeko tresna izatera ere pasatzen ari dira. Gure ordenagailuan exekutatzen ditugun programez gain, sareen bidez erabiltzen ditugun beste askok ere garrantzi bera dutela, alegia.

Aspaldi erabiltzen ditugu gure ordenagailuan ez dauden programak. Posta irakurtzeko, gutako askok posta elektronikoa irakurtzeko webgune bat erabiltzen dugu. Outlook bezalako programak erabili gabe irakurtzen dugu posta elektroniko hori. Baina orain tresna horiek guztiak gure sistema eragilearekin bat egiten ari dira.

Norbaitek Twitterrera mezu bat bidaltzen digunean, gure Facebookeko kontaktu batek idazten digunean, posta mezu bat iristen zaigunean edota dokumentu bat gurekin partekatzen dutenean abisu bat jasoko dugu gure sisteman bertan. Truke hau ez da zentzu bakarrekoa izango, gainera. Gure sistemak berak zenbait kasutan kokapena edo beste informazio batzuk bidaliko dizkio sarean erabiltzen ditugun tresna horiei, beraien lana egiteko. Esan daiteke nolabait sistema eragilea, gure sistema fisikoa kudeatzeaz gain, sarean erabiltzen ditugun aplikazioak kudeatzeko tresna bihurtu nahi dutela. Honek alde onak ditu -gure sistema eragiletik dena kontrola dezakegu-, baina alde txarrak ere baditu. Truke honetan, gure dokumentuen eta zenbait programen kontrola galduko dugu. Beti esaten dugu, baina bakoitzak neurtu beharko du zer den truke honetan irabazi eta galdu nahi dena.

Sistema eragileak gure inguruko tresna teknologiko gehienetan daude. Gailu horietako bat, noski, sakelako telefonoak dira. Telefonoak egunean zehar aldean izaten ditugu, eta bertan dagoen informazio asko pribatua da, kokapena kasu. Quid pro quo hori ere berraztertzen hasi beharko gara.

Berriako Irlen Sarea atalean argitaratutako artikulua

Abendua 27th, 2009

Rosetta harri berria

Interneten ere, elkar ulertzeko mugetako bat hizkuntza dela esan daiteke. Zure inguruko jende gehienak ulertzea nahi izanez gero, zure inguruko hizkuntza erabilienera jotzea oso ohikoa da. Horrek, noski, hizkuntza gutxituak erabiltzen ditugunoi kalte egiten digu. Jendeak oso erraz jotzen du beste hizkuntza bat erabiltzera. Helburu globalagoak dituztenek erraz jotzen dute ingelesa erabiltzera ere. Baina hori guztia alda daiteke.

Internetek gune beltz asko ditu, gune pribatuak, bilatzaileek aurkitzen ez dituztenak… Baina badira beste batzuk beltzak izan gabe ere ulertzen ez ditugunak. Adibidez, txinatar webguneetan gertatzen dena erabat arrotza zaigu. Edota gertuago, gure artean dauden blogari erdaldunek ez dute euskarazko blogosferan gertatzen dena ezagutzen, nahiz eta batzuetan euskara ongi ulertu.

Laster teknologiek horretan ere lagunduko gaituzte. Itzultzaile automatikoek aukera emango digute nahi dugun hizkuntza erabiliz beste hizkuntza batera itzulpena automatikoki egiteko, eta jendeak ulertzeko. Googlek jada bere tresnetan horrelako zenbait aukera ditu: posta mezuak hizkuntza batetik bestera itzultzeko gai da, baita jasotzen ditugun albisteak ere. Rosetta harria izango balitz bezala, ezagutzen ez ditugun beste hizkuntza batzuk erabiltzen dituzten pertsonekin harremanetan jartzeko baliagarria izango zaigu. Baina, ez hori bakarrik, bilaketak ere gure hizkuntzan egin ahal izango ditugu eta automatikoki beste hizkuntza batzuetako emaitzak jaso, ulertzen dugun hizkuntza batean itzulita. Itzulpena ez da guztiz fidagarria izango, baina bai ulermen maila bat lortzeko adinakoa.

Hala ere, aldaketa sakonena teknologia horiek guztiak mundu fisikoan zuzenean aplikatzen hasten direnean gertatuko da. Sakelakoen bidez, esaterako, ahotsaren bidez bilaketa bat egin eta emaitzak ematea, edo esaten dugun hori ezagutzen ez dugun hizkuntza batera audio bidez automatikoki itzultzea. Horretarako, hori posible egiten duten teknologiak beharko ditugu. Baina, baita teknologia horiek orokortzeko estrategiak ere. Hau da, zerbitzu handiek eta interesa duen edonork inplementatzeko aukera izatea behar dugu. Estrategikoa da bide horiek garatzen hastea, baina baita bukaerako emaitza libre izatea ere. Teknologiak hizkuntza gutxituen alde egin dezake, gure esku dago aukera baliatzea.

Berria.info webgunean | PDF bertsioa | Inprimatzeko bertsioa

Berriako Irlen Sarea atalean argitaratutako artikulua

Honekin loturik Info7 irratiko audio [mp3] [ogg] elkarrizketa.

[podcast]http://teketen.com/wp-content/uploads/2009/12/rosseta_harri_berria.mp3[/podcast]

Iraila 17th, 2009

Errealitate hedatua

Urte askoan zientzia fikziozko filmek errealitate birtuala etorkizunaren paradigma bezala erakusten zuten. Errealitate birtuala erreala ez den errealitate batean murgildu eta bertan gertatzen denarekin elkarreragitea aspaldi da posible, Second Life-ko mundu birtualak edota Wii kontsolaren zenbait jokok erakusten duten bezala. Errealitate hedatua aldiz beste gauza bat da. Bizitza errealean, gailu bitartekari baten bidez, Internet edo beste bide batzuen bidez lortutako informazioa errealitate fisikoarekin nahastuta erakusten duen teknologia da.

Errealitate hedatua erabiltzeko tresnek orokorrean zenbait ezaugarri betetzen dituzte. Beren posizioa neurtzeko gailuak GPSa adibidez, errealitatea eta informazioa nahastuta erakusten dituen pantaila bat eta Internet edo beste informazio iturri bati lotutako konexioa. Gailu hauek oso konplexuak iruditu arren, gaur egungo zenbait sakelako telefonok ezaugarri horiek guztiak betetzen dituzte. Layar (layar.com) bezalako sakelakoentzako aplikazioaren bidez, adibidez, kamerekin ikusten ari garen paisaiaren gainean aukeratzen ditugun informazioak bistaratu ditzakegu. Ikusten ari garen horren gainean, gertu dauden toki interesgarriak, jendeak, leku horri buruz igotako irudiak, Wikipedia entziklopediaren leku horri buruzko informazioak eta abar gaineratu daitezke. Errealitate hedatuak, beraz, aukera handiak irekitzen ditu hezkuntzan, medikuntzan, historian, eraikuntzan eta abar.

Errealitate hedatuak ekar ditzakeen zenbait eragin argiak dira. Datuak memorian mantentzeari balio gutxiago emango diogu, honelako tresnen bidez ezagutza bera lor baitezakegu. Baina, beste alde batetik, errealitatea ulertzen lagunduko digun gailu bat jartzen dugu bitartekari.

Horren ondorioak oraindik ikusteko daude, errealitatea gailu baten atzetik beste era batean ikusten baitute askok. Errealitatea baino, beste gauza batean murgilduta egongo balira bezala.

Gogoan ditut tsunamia berengana zetorrenean, gertatzen ari zenarekin harrituta, korri egin beharrean argazkiak ateratzen ziharduten turista haiek. Kameren bidez ikusten zuten errealitate hura ez omen zen berea.

Ea ez gaituen, ba, gu ere tsunamiak harrapatzen.

Berria.info webgunean | PDF bertsioa | Inprimatzeko bertsioa

Berriako Irlen Sarea atalean argitaratutako artikulua

Apirila 21st, 2008

Informatika astea Azkoitia

Bertan egongo naiz hitzaldi bat ematen gaur bertan norbait gerturatu nahi badu toke bat eman.

Apirilak 21, gaur

19:00. Insausti jauregian: Internet eta mugikortasuna, Gorka Julio Hurtadoren eskutik. Hori Informatika ingeniero teknikoa da eta Elurmet Informatika Zerbitzuko kidea.

Apirilak 22, asteartea

19:00. Insausti jauregian: Nola egin MARGOT animaziozko film laburra, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle Iosu Azkueren eskutik.

Apirilak 23, asteazkena

19:00. Insausti jauregian: Internetaren erabilera arrazional baten bila, Zarauzko Berritzeguneko informatika eta komunikazio teknologien aholkulari Txomin Balza Murgiarenaren eskutik.

Apirilak 24, osteguna

19:00. Insausti jauregian: Webgune parte-hartzaileak nola sortu informatikaz ezer gutxi jakinda, Sistemen Informatikan ingeniero tekniko Mikel Altunarenaren eskutik.

Apirilak 25, ostirala

18:00. Urola Lanbide Heziketan, Jokoak Sarean: Medal of Honor taldekako txapelketa. Irabazleentzat sariak izango dira

Abendua 15th, 2007

Nire gela baino nire ideiak ordenatzea nahiago (2008an egin nahi ditudanak)

Urtea azken txanpan dugu eta badakit era honetako mezuak meme batean bilakatzen direla garai hauetan baina gaur hau idatzi behar dut. Hurrengo urtean zer egin nahi dudan pentsatzen nabil eta ideia batzuk hemen idatzi nahi ditut nire burua ere antolatzeko.

  • Testuinguru mugikorrarekin hasitako bidea jarraitu, proba eta esperimentu berriekin.
  • Txioka sareak erakutsitakoari alderdi komunikatzaile potenteago bat eman eta txioka sarearen ideia beste batzuk erabili dezaten prestatu.
  • Mikroformatuak, RDFa, eRDF eta Web Semantikoaren inguruko ikerketa jarraitu eta sare sozialen portabilitatea, openid eta oauth-ean buru belarri sartu.
  • Parte hartze bideak aztertzen jarraitu Wikien estandarizazioa eta elkarrekintza sinple baten bidez ezagutza modelatzeko ideia eta esperientzia berriak gauzatu (burua bor bor). Hau gizartera nola eraman?
  • Blogak identitatea azaleratzeko duten garrantzia, sare sozialetako gure profila bertan dagoela pentsatu eta honek izango duen eraginean pentsatu. Sare banatuen egitura interesatzen zait.

Listo honekin lehenengo 6 hilabeterako behintzat badaukat. Orain jario garbiketa eta iturri berrien bilaketari ekingo diot helburu hauek lortzeko bidean. Eta zuek?