Teketen

Jendartea eta teknologia uztartuz
Azaroa 15th, 2010

Teketen berritua

Azken asteetan bloga utzita nuen, hasitako aldaketa fase bat bertan behera utzi behar izan nuen  hainbat gauzengatik. Hala ere, hemen dago aldaketa berria eta hori aurkeztu nahi dizuet. Bloga nire gune nagusia izaten jarraituko du orain arte bezala, egiten dudanaren metatzailea.

Zuek

Zuekin egiten ditudan eztabaidek garrantzi berezia hartzen dute. Iruzkinak orain portadan bertan erakutsiko ditut. Ez duzue mezura sartu behar izango jendeak egindako eztabaidak ikusteko. Bloga sormen eta eztabaida leku batean bihurtu nahi izan dut honekin.

Kolaborazioak

Hainbat hedabiderekin kolaborazioak egiten ditut astean zehar. Hori islatzeko, goiko partean parte hartzen dudan hedabideen informazioa agertuko da. Asteko egunen arabera mezu bat agertuko da entzun edo irakurri dezakezuen hori anuntziatuz. Batzuetan beharbada automatikoki egiten duenez beharbada ez dut egun horretako programan parte hartuko, baina beno publizitate pixka bat ematea ere ondo dago.

Mezu motak

Bloga mezu mota ezberdinetan sailkatu dut.

  • Mezuak: Mezu luzeentzako.
  • Mikromezuak: Twitter antzeko mezuak, baita Twitter eta Berriketan.info-tik ekarritakoak.
  • Testuinguruak: Mezu motzak, baina testuinguru txiki batekin. Paragrafo bat edo birekin. Loturak garrantzi berezia duten mezuak eta horiei kohesioa ematen dioten testuez osatuak.
  • Bereziak: Mezu luzeak, baina garrantzi berezia dutenak jorratzen duten gaiarengatik.

Mugikorra

Mugikorretatik irakurtzeko gaitasuna izateaz gain, editatzeko aukera izango du. Administrazio gune berezi batekin edota Android aplikazioarekin erabiliko dut hemendik aurrera. Twitpic edo horrelako bitartekariak erabili behar izan gabe, irudiak etab. bidali eta komunikatu ahal izango dut.

Beste sare sozialekin lotura

Hemen publikatzen den informazioa automatikoki Twitterrera bidaliko dut. Horretaz gain, estandar irekiekin lehen esperimentuak egiten ari naiz. Bloga prest dago Salmon, Webfinger, Pubsubhubbub, RSScloud… eta antzeko teknologiekin, etorkizunean beste tresna eta sare sozialekin lotzen joateko.

Iraila 17th, 2009

Errealitate hedatua

Urte askoan zientzia fikziozko filmek errealitate birtuala etorkizunaren paradigma bezala erakusten zuten. Errealitate birtuala erreala ez den errealitate batean murgildu eta bertan gertatzen denarekin elkarreragitea aspaldi da posible, Second Life-ko mundu birtualak edota Wii kontsolaren zenbait jokok erakusten duten bezala. Errealitate hedatua aldiz beste gauza bat da. Bizitza errealean, gailu bitartekari baten bidez, Internet edo beste bide batzuen bidez lortutako informazioa errealitate fisikoarekin nahastuta erakusten duen teknologia da.

Errealitate hedatua erabiltzeko tresnek orokorrean zenbait ezaugarri betetzen dituzte. Beren posizioa neurtzeko gailuak GPSa adibidez, errealitatea eta informazioa nahastuta erakusten dituen pantaila bat eta Internet edo beste informazio iturri bati lotutako konexioa. Gailu hauek oso konplexuak iruditu arren, gaur egungo zenbait sakelako telefonok ezaugarri horiek guztiak betetzen dituzte. Layar (layar.com) bezalako sakelakoentzako aplikazioaren bidez, adibidez, kamerekin ikusten ari garen paisaiaren gainean aukeratzen ditugun informazioak bistaratu ditzakegu. Ikusten ari garen horren gainean, gertu dauden toki interesgarriak, jendeak, leku horri buruz igotako irudiak, Wikipedia entziklopediaren leku horri buruzko informazioak eta abar gaineratu daitezke. Errealitate hedatuak, beraz, aukera handiak irekitzen ditu hezkuntzan, medikuntzan, historian, eraikuntzan eta abar.

Errealitate hedatuak ekar ditzakeen zenbait eragin argiak dira. Datuak memorian mantentzeari balio gutxiago emango diogu, honelako tresnen bidez ezagutza bera lor baitezakegu. Baina, beste alde batetik, errealitatea ulertzen lagunduko digun gailu bat jartzen dugu bitartekari.

Horren ondorioak oraindik ikusteko daude, errealitatea gailu baten atzetik beste era batean ikusten baitute askok. Errealitatea baino, beste gauza batean murgilduta egongo balira bezala.

Gogoan ditut tsunamia berengana zetorrenean, gertatzen ari zenarekin harrituta, korri egin beharrean argazkiak ateratzen ziharduten turista haiek. Kameren bidez ikusten zuten errealitate hura ez omen zen berea.

Ea ez gaituen, ba, gu ere tsunamiak harrapatzen.

Berria.info webgunean | PDF bertsioa | Inprimatzeko bertsioa

Berriako Irlen Sarea atalean argitaratutako artikulua

Apirila 15th, 2009

Zuzeneko bideo emisioa mugikorretik

Bideoak igo eta ikustea aspaldi izan da posible Youtube edo EuskalTube bezalako tresnekin, baina azken aldian egunerokotasunak eta mugikortasunak gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari diren garai hauetan, zuzeneko emisioak hartu du garrantzia. Horrekin lotuta Mogulus bezalako tresnak jaio dira, bideoa zuzenean kamara batekin jasotzen ari den bitartean zuzeneko bideo emisioa egiten duen tresna da mogulus. Lehen hau bera egiteko satelite bidezko konexioa eta kamara handiak behar ziren, baina orain webcam, ordenagailu eta Internet konexio sinple batekin nahikoa da.

Hala ere, pauso handiago bat ere eman da zuzeneko bideo emisioa mugikorreko kamararen bidez. Ordenagailurik gabe 3G konexiodun mugikor sinple batekin zuzenean emititzen egon gaitezke eta emisioa grabatzeaz gain zuzenean emititzen da Interneten. Hori egiten duen tresnatako bat Qik da. Gainera Qik, Moguluseko kontu batekin lotu daiteke eta horrela Qiketik datozen bideo guztiak zuzenean Mogulusen ere agertzen joango dira.

Qik

  1. Sortu kontu bat Qik webgunean
  2. SMS bidez edota beste bideen bidez Qik programa jaitsi mugikorrera
  3. Konfiguratu Qik programa zure telefonoan (batez ere pribatutasun kontuak) eta Filmatu botoia sakatuz emititzen hasiko zara.

Bideo http://qik.com/erabiltzailea bezalako webgunean emititzen hasiko zara zuzenean eta horretaz gain, grabatzen diren bideo guztiak bertan gordeko dira. Gainera Youtube moduan bideoa eta zuzeneko emisioa edozein webgunetan txertatzeko kodea ere eskaintzen dute.

Mogulus kontu batekin ere lotu daiteke. Honela hainbat erreportari jar daitezke Qik bidez emititzen eta Mogulus kontu konkretu batekin emisio guztiak botatzen egon.

Tresna hauen erabilerak oraindik muga batzuk ditu, baina argi dago aurretik erabiltzen ziren baliabideekin konparatuz oso erraza egin dutela zuzeneko bideo streaming-a. Onartzen diren telefonoak eta 3G konexioaren beharra dira muga nagusiak. Hala ere, posible dela frogatzen hemen adibide batzuk [1] [2] [3]

Zein aldaketa sozial sor ditzake honek? Zer gertatuko da dirutza kostatzen duten ekitaldiekin jendea hauek grabatu eta zuzenean emititzen hasten bada? Zein muga jarri nahiko dituzte hau ez gertatzeko? Frekuentzia inibidoreak erabiltzen hasi beharko dira? Telebistan baino azkarrago ikusiko ahal izango ditugu gertaerak bideoan? Telebistan ikusten ez ziren ekitaldi eta gertaera zuzenean jarraitzeko eta emititzeko aukera izango dugu? Galdera asko eta erantzun gutxi, ekin diezaiogun esperimentatzeari, beti bezala denon mesedetarako!

Abendua 23rd, 2008

Web mugikorrari buruzko aurkezpena orain euskaraz

Gaur opari ederra jaso dugu guztiok, eduki libreak libre egiteak daukan garrantziaren adibide garbi bat. Aurreko egunean Web Móvil izeneko aurkezpen bat jarri nuen blog honetan. Mezu hori irakurri eta lizentzia librea dela eta Euskal Seo-ko Egoitz lagunak euskaraz nahi zuela adierazi zidan. Baina ez zen horretan gelditu, aurkezpena hartu eta itzuli egin du. Lizentzia libre bat dute bi aurkezpenek eta orain denontzako euskaraz ere ikusgai dago. Esker mila Egoitz!

Web móvil [pdf]

Web mugikorra [pdf]

Abendua 16th, 2008

Web móvil ikastaroaren aurkezpena

Hemen uzten dizuet Web mugikorrari buruz emandako ikastaroaren aurkezpena. Gazteleraz dago ikastaroa horrela izan zelako baina euskaraz egin behar badut euskarazko bertsioa ere igoko dut. Hemendik aurrera ikastaroen aurkezpenak Elurneten webgunean ere igoko ditut. Disfrutatu!