Teketen

Jendartea eta teknologia uztartuz
Apirila 11th, 2010

Sarearen neutraltasuna

Internet sarearen neutraltasunaz hitz egiten dugunean, azpiegitura fisikoek jarritako oztopoez gain, datuek mugitzeko duten askatasunaz ari gara. Hau da, bi ordenagailuren artean datuak inongo kontrol edo iragazkirik gabe mugitzeko eta bidaltzeko aukeraz.

Zehazki, neutraltasun hori ari dira azkenaldian dudan jartzen. Alde batetik, jabetza eskubideak urratzen omen dituzten datuen garraioa kontrolatu nahi duten lobby-ak daude, baita beren interesak defendatu nahi dituzten telekomunikazio enpresak ere. Telefonicak, adibidez, Googleren jarduna mugatu nahi du, bere sareen bidez hark dirua egiten duela argudiatuz. Ez da Google defendatzeagatik (ez du beharrik, gainera), baina gauza gehiago daude jokoan, sarearen neutraltasuna hausten bada denok galduko dugu eta.

Europan, Interneten neutraltasuna amaitzeko eta kontrol neurri gehiago ezartzeko saioak etengabeak dira. Horien bidez, telekomunikazio enpresek beren sareetatik atzitu ditzakegun webgune eta zerbitzuak mugatu ahal izango dituzte. Ezingo genituzke Skype eta halako aplikazioak erabili, telekomunikazio enpresa horren interesen aurka doalako. Skypek Internet bidez beste telefono eta ordenagailuekin audio bidez konektatzeko aukera ematen baitu. Fitxategien trukea ahalbidetzen duten P2P sareak erabiltzeko zailtasunak ere izan genitzake, enpresa horrek apropos abiadura mantsotu edo zuzenean datuen garraioa uka dezakeelako.

Honek jada dauden ezberdintasunak areagotzeari ateak irekiko lizkioke. Zenbait eduki edo zerbitzu mota erabiltzeko sare konexio bereziak sor daitezke, ordainduta noski. Muga ez da abiadura, hardware, konexioaren izaeragatik etorriko, baizik eta telekomunikazio enpresek ezarritako kontrol eta iragazkien ondorio zuzena izango da. Ezagutzen dugun Internet desagertu eta ordaintzen duzunaren araberakoa izateko arriskua dago.

Internetek zerbait garrantzitsua lortu du orain arte. Zure konexioaren abiadura eta mota edozein dela ere, bertara konektatzeko aukera izanda, informazio eta zerbitzu berak erabiltzeko aukera izatea. Informazioaren eta kulturaren biltoki handiena bihurtu da. Baina hori aldatu nahi dute, hainbat aitzakia erabiliz. Orain arte arrakasta izan badu, librea izan delako izan da. Horri behintzat eutsi behar diogu.

Berria.info
webgunean | PDF bertsioa | Inprimatzeko bertsioa

Berriako Irlen Sarea atalean argitaratutako artikulua

Honekin loturik Info7 irratiko audio [mp3] [ogg] elkarrizketa.
[podcast]http://teketen.com/wp-content/uploads/2010/03/Sarearen_neutraltasuna.mp3[/podcast]

Apirila 6th, 2010

Aberri eguna

Aurtengo aberri eguna berezia izan da niretzat. Aurrekoetan jarraitu izan dut, baina egia esan ez naiz inoiz joan. Baina aurten joateko beharra sentitu dut. Batez ere, indepentistak sareak duen filosofia interesgarriagatik egin dut. Eta ez naiz damutu, ez horixe.

  • Alderdi politikoek, sindikatuek, mugimenduek… protagonismo berezia izan dute, baina beste guztiak bezala pankarta ez zen oholtzara igo, herriarekin egon ziren beheran.
  • Jende asko bildu zen, badirudi eta niri ere horrela iruditu zitzaidan, aspaldiko mobilizaziorik handienetarikoa izan zela.
  • Batez ere, independentistak sarea benetan politika saio ireki bat egiteko prest dagoela iruditu zitzaidan. Mugimendu berri baten hasiera izan daiteke.

Interneteko izaera mugimendu honetan filtratzen doa. Nazio bat gara estatu bat behar dugu lema zen aberri egunekoa. Niri oraindik lema hau interesgarria iruditzen zait. Interesgarri baino, erreala. Egituratzeko beharra dago, nolabait eta estatua momentuz era onartuena da. Baina, kontutan hartu estatua, figura bezala deskonposizioan dagoela. Horrela erakusten dute azken urteko joerek. Baina norbaitek oraindik horrela ulertzen ez badu, niretzako estatua hasieran beharrezkoa bada ere, gero beste egitura partehartzaile batzuetara igaro beharko luke, ahal bezain azkar. Azken hau, nire iritzi propioa da noski.

Horregatik gure lana, estatua sortzen baino (egiten jarraitu beharko dena), komunitate erreala elkar lotzen eta handitzen joan behar dugu. Gero estatua lortzen bada ondo, baina lortzen ez bada etorkizunerako prestatzen joango gara. Lana alperrik galdu gabe.

Internetek alor honetan gauza berriak esperimentatzeko aukera eman diezaguke. Interneten eztabaida berriak, antolatzeko era berriak, ekonomikoki ere jokatzeko forma berriak probatzeko erabili dezakegu. Bertan ikasitakoa ondoren errealitatera eraman eta bertako formak eta etikak errealitatearekin nola uztartzen diren ikusi. Batean naziotik -> estatura pasa nahi badugu; Interneten izatetik -> ekitera igaro behar dugu. Beti errealitatea baino pauso bat aurrera. Interneten ez du zentzurik, Zenbat gara? Galderari erantzuna bilatzea. Bagara eta kitto, ezin dugu eztabaida horietan gelditu. Identitatea sarean ekinez egiten da, elkartuz, elkarrekintza landuz, interesen arabera harremanak sortuz, ekimenak egin eta proposatuz. Internetek gure etorkizuneko munduentzako laborategia izan behar du eta izango da.

Bukatzeko asko gustatu zitzaidan, Independentistak sareak erabilitako baskoien izarra. Mito zahar baten eraberritzea suposatzen duelako. Mito zahar bat hartu eta garai berrietara egokitu, BacalHaurekin egin genuen moduan. Izar hori berdea da, baina momentuz ez digute esan zergatik…

P.D: Garzón eta lagunei. Ekimen hau nola finantzatzen ari den jakin nahi baduzue, beraien webguenan jendearen, edozeinen, herriaren dohaintzak jasotzeko aukera dago. Baita, bonolaguntzak ere.

bonolaguntza aberri eguna independentistak

Otsaila 24th, 2010

Sarearen neutraltasuna

Asko gustatu zait Mikel Olasagastik, Gaur8rako egin duen Dirua arazo artikulua eta horrekin batera bere blog pertsonalean gaiarekin lotuta jarri duen irudi bat. Gozatu!

Urtarrila 27th, 2010

BacalHau errealitate fisiko bihurtu da

BacalHau irla eratzen hasi da. Bere sorrera gutunean hau adierazten zen.

BacalHauen zaudela jakiteko beharrezkoa da dakizun hori, sortzen duzun hori besteekin banatzea. Besteekin banatzean bakarrik, komunitatean egiten duzun ekarpenagatik eta besteengandik jasotako erantzunengatik jakingo duzu BacalHau irla batean zaudela. Lasai, berehala jakingo duzu.

Ba sortzen hasi da eta aurreko egun batean bere lehen pausoak eman zituen. Irlan egon ginenok badok13 txanpon berria soinean eraman genuen. BacalHaura iristeko ez da beharrezkoa bere sinboloak erakusten, baina nolabait egun horretan fisiko egin zen gure irla mitikoa. Txanpon (txapa) gehiago ditugu, nahi duenak edo eskatzen dituenarentzat, noski BacalHautar sentituz gero bakarrik eskatu.

Horrekin batera, urtero egin beharreko lehenengo mitoa ere sortu zela ere esan genezake. Urtean behin BacalHautar bakoitzak, beste 3 BacalHautar izan daitezkenei sinboloa duen zerbait oparitu beharko die. Berdin du zer txapa bat, paper bat, kamixeta bat… Nire opariak bidean dira, baina egindako txapa hauek denontzat. Eskatu eta ikusten garen hurrengoan bat emango dizuet.

badok13 moneta

badok13 moneta

Abuztua 6th, 2009

BacalHau gure irla mitikoa

Bacalhau XVI. mendeko mapetan agertzen den irla misteriotsu bat da. Izen ezberdinak hartu izan ditu (Bacalao, Bachalaos, Bacalhaos, Baccalieu, Baccalar). Izena 1508. urtean aipatu zuen Joao Vaz Corte-Real itsasgizon portugesak. Aurretik ere zenbait testigantza omen dago. Euskal arrantzaleak Terranovara joaten ziren XV. mendean, beharbada horrek izenaren arrazoia azal dezake. Irla mapetan agertzen bazen ere, ez dakigu gaur egun benetakoa zen edo ez. Euskaldunak bakailuta zihoazenean bertan lur hartzen zuten irla txiki bat izan zitekeen. Nahiko argi dagoena da euskaldunek hitz hori munduan zabaltzeko aukera izan zutela, bere forma ezberdinetan bacallaos, bacalaos, bacallau, bacailo, bacalau, bacalhau.

Euskaldunak denbora batean munduan euskaldun globalak izan ginen. Munduan gure kutsua uzteko gai izan ginen. Besteekin komunikatzeko gure Pidgin-ak sortzeko gaitasuna izan genuen.

Orain, nahiago dugu globalizazioaren parte izan ingelesa erabiliz; Basque Exhibition Center (BEC), Basque Culinary Center, Basque Team… Baina, globalizazioaren parte izateko izena ez da garrantzitsua, ekitea da garrantzitsua. Izenak ez du izana egiten, ekintzek egingo dute leku bat, jarduera bat, talde bat interes globalekoa. Gainera euskarazko izena erabiliz behintzat, munduan testigantza bat geldituko litzateke.

“Ez duzu ingelesa erabili nahi, autista globala izan nahi duzu?”, EZ. Ingelesa eta beste hizkuntza batzuk erabili behar ditugu, noski. Besteekin komunikatzeko gaitasuna ematen dituzten hizkuntza guztiak baliatu behar ditugu. Barnean lanak egiteko euskara erabiliko nuke, baita kanpoko gauza interesgarriak gurean zabaltzeko ere. Nire lana komunikatu edo ezagutarazi nahiko banitu ere euskaraz egingo nituzke eta ondoren oso gertuko diren gaztelerako eta frantseseko hizkuntz komunitate interesgarriekin elkartrukatuko nituzke. Mundura zabaltzeko ahal dudan hizkuntza guztiak erabiliko nituzke. Euskaratik hasita, gaztelera, frantsesa eta noski ingelesa erabiliz. Baina, ez dut arrazoi bakar bat ere ikusten anglofilia orokor honentzat. Batez ere, inguruan ditugun hizkuntzak kontutan hartuta, beharbada ekonomikoki ere zentzu gehiago duela hortik hastea.

Pidgin-aren adibidea oso interesgarria da. Euskaldun eta Islandiarrek beraien artean egindako metahizkuntza honek euskaldunei merkataritzan haritzeko aukera eman zien. Beharbada beharrak bultzatu zituen euskaldun horiek, baina irudimena erabili behar izan zuten. Gaur egun, seguruenik aurretik ikerketa bat egin, ondoren hizkuntza ikasi, sede bat ireki eta tratuan hasteko prest egongo ginateke. Beti ere tratua egiten duzun horrek markatutako parametroetan. Hala ere, hau ulergarria da oso, normala eta gainera jasotzen zaituen kulturarekiko errespetua adierazten du. Normala, komenigarria eta ulergarria ez dena hau bera hartzaile garenean egitea da. Zuzenean automatikoki ingelesa erabiltzeak ez du zentzu handiegirik eta askotan egiten dugu.

Gai honekin lotuta euskara+gaztelera, euskara+frantsesa, euskara+X sortzen hasi diren pidgin metropolitanoen beldurra aipatu nahiko nuke. ETB eta hedabide tradizionalek bere fikziozko telesailetan errealitate hau ezkutatu nahi dute. Noiz ikusiko dugu gure hedabideetan kaleko benetako hizkerak erakusten duen programarik. Gauza bat da euskararen zuzentasuna mantendu behar izatea eta horretarako baditugu mila bide, baina errealitatea islatzea ere hedabide hauen lana dela uste dut. Pidgin hauen sorrera hizkuntza bizi baten adierazleak dira, besterik ez.

Inorrek ez dezala ulertu hau euskara hizkuntz bakar moduan erabiltzeko ideiarekin. Euskara ahal dugun guztia erabili behar dugu, idatzi, sortu, hitz egin, ekin… Guk egiten ez badugu zenek egingo du? Baina, inguruan ditugun beste hizkuntzekin ere erlazioa dugu eta kasu askotan erabili beharko ditugu. Jakin beharko dugu, noiz, nola eta zein modutan erabili, baina hor kanpoan gauza interesgarri asko dago.

Hizkuntz komunitateen arteko loturak ere behar ditugu. Adibide bat: niretzat Euskal Herrian egiten den Interneteko ekimen interesgarrienak (ez guztiak noski) euskaraz sortzen dira. Askotan lehenak izaten gara gauza askotan, baina gaztelerako komunitateak ez gaitu ezagutzen eta ezagutzen gaituztenean nahiko harrituak gelditzen dira batzuetan. Zubiak sortu behar ditugu.

Mezu hau irla batekin hasi da. Irla misteriotsu bat inon aurkitzen ez den irla bat, baina benetako dena. Ikusezina dena, baina benetako zantzuak uzten dituena. Globalizazioa ez zegoenean, globalizazioaren zantzuak erakusten dizkiguna. BacalHau gaur egun, euskaldunen sorkuntza konplexurik zabaltzeko toki horiek izan daitezke. Euskara erabiltzen den tokia, baina pidgin eta ezagutzen ditugun beste hizkuntzak erabiltzeko lotsarik ez dugun lekua. Beste komunitateekin sare logikaren bidez zubiak eraikitzeko beldurrik ez dugun momentua. Inon ez dagoenean, baina gutako bakoitzak bere barnean daramana. Inoiz hondoratuko ez den Atlantida bakoitzak bere barnean daramalako. Baina…

BacalHauen zaudela jakiteko beharrezkoa da dakizun hori, sortzen duzun hori besteekin banatzea. Besteekin banatzean bakarrik, komunitatean egiten duzun ekarpenagatik eta besteengandik jasotako erantzunengatik jakingo duzu BacalHau irla batean zaudela. Lasai, berehala jakingo duzu.

Ez dago maparik, denon artean berregin behar ditugu karta nautiko guztiak. Baina, orain karta nautikoak baino sare diagramak izango dira.

——————————–

BacalHau (H ahoskatuz BacalJau)

Goiburua: Sortu, eraldatu eta elkarbanatu

Sinboloa: ł (AltGr+W) -> BacalHau irlaren perfil imaginarioa. Sarean hainbeste erabiltzen den W (WWW, Web…) teklaren karaktere ezkutua.

bacalhau

Ikurra: Sarean murgilduta ikusten da sinboloa. Sarean murgilduta gauden nodoak garela azpimarratuz, baina denak erlazionaturik gaudela adieraziz. BacalHau hitzan ere ł sinboloa ikus daiteke.

BacalHau ikurra

BacalHau ikurra


Sonna studiori esker

BacalHauren ikur probisionala

BacalHau irla mapa kartografikoetan

Hizkuntza: Euskara globala -> Euskara ahal dugun guztietan erabili behar dugu, idatzi, sortu, hitz egin, ekin… Baina, inguruan ditugun beste hizkuntzak erabiltzeko konplexurik gabe. Lehenengo euskara erabili eta besteren bat erabili behar dugunean erabili. Pidgin-ek ez digute beldurrik ematen, gustatzen zaizkigu.

Kokapena: Edozein tokitan eta inon ez. BacalHauen zaudela jakiteko beharrezkoa da dakizun hori, sortzen duzun hori besteekin banatzea. Komunitatean egiten duzun ekarpenagatik eta besteengandik jasotako erantzunengatik jakingo duzu BacalHauen zaudela. Toki bat baino momentu bat da BacalHau.

Biztanleria: BacalHautar sentitzen diren pertsonen erroldarik ez da egingo. Sinboloa eta ikurra eramateak ez du norbait BacalHautar egiten, baina identifikatzeko balio dezake. BacalHautar identitatean barneratzeko behintzat beste bacalahutar batekin egon behar izan duzu, sentimendua benetan gauzatu ahal izateko.

Dirua: Trukean, P2P eta sareen logikan oinarritutakoa izanik ez dago moneta bakarrik. Moneta, badok13a, bere balioa guztiz sinbolikoa.

badok13 moneta

badok13 moneta