Konplexutasunaren jendartean bizi gara. Gure jendartea beti izan da konplexua, baina, orain, horretaz ere konturatzen hasi gara. Orain arte jendartea ulertzeko erabiltzen ziren tresna eta modu askok gabeziak erakusten dituzte, gertatzen diren gauza askoren arrazoiak bilatzeko. Beste batzuk garatuak bazeuden arren, orain arte ezin dira praktikara eraman edo frogatu, teknologia eta datu faltagatik.
Jendartea ulertzeko eta aztertzeko teoria asko dago, baina horietako askok ez dute jendartearen konplexutasuna kontutan hartzen. Teoria anglosaxoi gehienek gizabanakoak hartzen dituzte kontuan, eta banako horien baturak jendartea osatzen duela diote. Gizabanakoa bera bere etorkizunaren jabe oso izango balitz bezala. Gure kulturak, aldiz, talde edo komunitate batean txertatzen gaitu, eta, horren arabera, jendarte osoa ere denon arteko harremanetan oinarritzen da. Gizabanakoak baino gehiago, komunitate (sare)etan murgildutako pertsonak gara.
Sare sozialetan oinarritutako azken urteetako azterketek gure erabakiak gureak bakarrik ez baizik eta murgilduta gauden sareenak direla erakusten digute. Pisu gehiago izan, zoriontsuago izan, erretzailea izan, lana aurkitu… erabaki horiek guztiak ez ditugu bakarrik hartzen. Murgilduta gauden sareen ondorioz eta horietan dugun posizioagatik hartzen ditugu. Batzuetan erabakiak inkonzienteak ere badira. Potxoloagoak izango gara, baldin eta gure ingurukoak ere potxoloagoak badira, normalean. Zenbait ikerlarik kalkulatu dute gure eragina gure inguruko sareko hiru saltotara irits daitekeela. Lagunen kasuan, lagunei, lagunen lagunei eta azken horien lagunei eragitera, adibidez.
Teknologiak eta Interneteko sare sozialek orain arte murgilduta geunden sareetan konexio gehiago eta zenbait konexio berri ekarri dituzte. Mundu errealean zeuden muga fisikoak gaindituz askotan. Facebook, ZutaGu… Interneteko sare sozialetan eta, oro har, harremanen bat dugun pertsona guztiek eragin bat dute gugan eta guk haiengan. Kontuan hartu, beraz, sareak guk geuk egiten ditugula, baina haiek ere egiten gaituztela gu. Konplexutasuna ulertzen hasten garen heinean ulertuko dugu gure harremanen kantitatea, kalitatea eta sareetan dugun lekua gero eta garrantzitsuagoa dela.
Berriako Irlen Sarea atalean argitaratutako artikulua

