Teketen

Jendartea eta teknologia uztartuz
Uztaila 22nd, 2010

Euskara 2.0

EHUk antolatutako udako ikastaroak hasi dira. Horien artean, Euskara 2.0 jardunaldia antolatu dira, eta parte hartzeko aukera izan dut. Bertan entzun eta hitz egindakoaz ez dut laburpenik egingo, baina gehien interesatutako gaiak azpimarratu nahiko nituzke.

Euskararen zabalkundea lortzeko kanpoan zein barruan erreferentzialtasuna bilatu behar dela azpimarratu da. Batez ere ikusgarritasuna lortu ahal izateko. Horretarako, sareetan ondo konektaturik egon behar dugula ere atera daiteke ondorio gisa. Konexio horien bidez, beste sareetako jendeak ezagutuko gaitu, gure informazioa hauetara zabaldu ahal izango dugulako.

Hori guztia lortzeko, baliabide egokiak beharko ditugu. Askotan baliabideak ez dira oztopoa software librearen kasuan, adibidez, baina bai jendearen parte-hartze maila. Hizkuntzarekiko militantzia hori, sarean ere eta batez ere euskararen erabilpena, gakoak izaten jarraitzen dutela argi dago. Militantzia forma berriak, aktibismoarekin lotura gehiago badu ere.

Arloei begiratuz gero, hezkuntza mundua arlo garrantzitsuena bezala ageri da. Bertan eduki propioak sortzeko beharra, eta horiek era parte-hartzaile batean eta agenteak kontuan hartuz egitearen beharra argia da. Teorian baino gehiago praktikan jartzeko urgentzia nabaria da. Gauza txikietatik hasita bada ere, ondoren hauek eragin handia izan baitezakete.

Hedabideen alorrean, informazioa zabaltzeko aukera gehiago emango dituzten hedabide parte-hartzaileagoak eta jendartearekin harreman zuzenagoa dutenak bultzatu beharko genituzke. Horrekin batera, kulturan euskarazko eduki gehiago sortu, eta eduki hori besteentzako erabilgarri jartzea ere beharrezkoa dela argi gelditu da. Arlo horretan, jendeak sortutako edukiari, zein eduki profesionalari, biei, tarte egin behar zaio.

Softwarearen inguruan euskarazko itzulpen memoria biltegi publiko baten beharra nabarmendu da, software librearen aldeko apustu egitearekin batera.

Helburu zehatz batzuekin sortutako komunitate euskaldunak sortzen jarraitu behar dugu. Aldi berean, sareko tresna berri guztien bidez gure mezua zabalduz eta kanpoko eraginak jasoz. Euskara era malguago batean erabiliz eta ideia hauek guztiak komunikatuko dituzten mito/ideia berriak zirkulazioan jarriz.

Berriako Irlen Sarea atalean argitaratutako artikulua

Uztaila 1st, 2010

Sourceforge ez da guztiz librea

Sourceforge-k esportazio neurriak kontutan hartuko ditu eta zenbait herrialdeei blokeo teknologikoa ere aplikatu. Alternatibak erabiltzen hasi beharko gara.
SourceForge has project settings to help you comply with regulations
governing distribution of software to persons from certain countries
(aka Export Controls). We’ve had some recent questions about these
settings, so have sent out this note to all administrators to make
sure all projects have this information.

Askatasunaren aurkako neurri nazkagarriak
By default, software downloads initiated by visitors from Sudan, North
Korea, Syria, Iran and Cuba are blocked.

Eta gero zuriketa hutsa
We at SourceForge are committed to the ideals of free and open source
software, including the principle of free exchange of information. Our
approach to access control is intended to empower you and reward your
continued trust. We recognize, however, that our approach isn’t the
completely free access to everything for everyone that some would
like. As a US-based web site, SourceForge is committed to complying
fully with US laws and regulations, including those affecting the
distribution of software. We will continue to work as diligently as
possible to ensure that our legal compliance is coupled with the
highest quality of service that we can offer to our diverse, global
user base.

Apirila 11th, 2010

Azken hamarkada

Etengabe etorkizunari begira egoten gara, baina askotan gelditu eta atzean utzitakoari begiratzea ere komeni da. Interneten aldaketak hamarkadaka neurtu izan dira.

Azpiegiturara begiratuz, banda zabala eta WIFI sareen sozializazioa izan dira gauzarik garrantzitsuenak. Lehenengoek posible ez ziren gauza asko posible egin dituzte; HD bideoak ikusteko aukera, adibidez. Bigarrenek Internet askoz leku gehiagotatik erabiltzea lortu dute.

Tresnen aldetik, blogak eta haien artean sortzen den eztabaida eta parte-hartzea sustatzeko sareak izan dira garrantzitsuena. Blogosfera, hedabide banatu eta parte-hartzaile sortuz. Eztabaidak gauzatu eta momentu batzuetan agenda publikoa ere baldintzatzea lor dezakeen hedabide bat. Blogekin batera, batez ere beste tresna batzuen sozializazioa gertatu da. Jarioek, adibidez, hainbat iturritara harpidetzeko aukera ireki dute. Baita bakoitzak bere informazioa igorri eta gero informazio hau batzeko aukera ere.

Komunikazio pertsonalaren esparruan, aukera gehiago ireki dira. Posta elektronikoa, tresna asinkrono eta pribatua izateari eutsi dio. Gainera, berrikuntzak ere izan ditu; IMAP protokoloaren erabilera, kasu. Baina horretaz gain, berehalako mezularitzaren arrakasta etorri zen. Berehalako komunikazio, sinkrono pertsonala egiteko erabiltzen da hau. Baina, horretaz gain, azken garaien genero berri bat ere agertu da. Berehalako mezularitza asinkrono soziala bezala definitu daitekeena. Twitter da horren adibide garbiena.

Enpresei begiratuz gero, Googleren hamarkada izan dela argi dago. Bere bilatzailetik abiatu, eta posta elektroniko, berehalako mezularitza, dokumentuen kudeaketa, egutegiak, bideoa… esparru guztietan sartu da. Beti informazioa eskuratzeko nahiarekin, ondoren publizitatea Adsense bidez saltzeko intentzioarekin. Zenbait momentutan pribatutasuna ere zalantzan jarrita.

Baina aldaketa garrantzitsuenetako bat software libreak izandako eztanda izan da. Zerbitzarietan batez ere, baina mahaigaineko ordenagailuetan eta eramangarrietan ere aukera handiak ireki dituzte. Software libreari esker, pertsona, talde eta enpresa txikiek ere beren tresna propioak sortu ahal izan dituzte (beste batzuk oinarri hartuta) eta ekonomikoki ere egingarriak izan dira gauza asko.

Berria.info webgunean | PDF bertsioa | Inprimatzeko bertsioa

Berriako Irlen Sarea atalean argitaratutako artikulua

Abendua 4th, 2009

Web semantikoa eta Interneteko etorkizuna

Elurnet-eko biltegian eskuragarri duzue beste askorekin batera, Enpresadigitalean emandako “Web semántica y el futuro de Internet” izeneko ikastaroko aurkezpena.
Web_Semantica_y_el_futuro_de_internet

Azaroa 13th, 2009

Leihoaren beste aldean…

Microsoft enpresaren sistema eragile berria gurekin da. Aurrekoek gaizki egiten zituzten gauza horiek guztiak konpontzera omen dator Windows 7 berria. Baina, aldi berean eta marketin kanpaina handirik gabe, Ubuntu 9.10 (http://ubuntu.com) sistema eragilearen bertsio berria ere kaleratu dute. Hori ere, diseinu landuagoarekin, azkarragoa, ziurragoa, librea eta dohainik gainera.

Tux pinguino ezaguna maskota duten GNU/Linux familiako sistema eragileek, Ubuntu kasu, asko hobetu dute, eta jada ia edozeinek erabiltzeko moduko sistema eragileak dira. Erabiltzaile gehienek nahikoa dituzten aplikazioak ekartzen ditu Ubuntu 9.10 sistemak, edo oso erraz instala daitezke berriak. Testu editorea, irudiak, audioa, bideoak lantzeko tresnak, berehalako mezularitza aplikazioak, nabigatzailea eta posta elektronikoa… Aplikazio horiek guztiak instalatuta datoz, Windows ingurunean ordainduz edo «nonbaitetik» hartuz eskuratu beharko genituzke. Aplikazio batzuk beharbada ez dira guztiz parekoak, baina beste batzuk hobeak ere badira.

Mundu honetara gerturatzen hasteko bideak asko dira. Beharbada, Windows mundutik datorren pertsona bat has daiteke ohikoak diren zenbait tresna libre instalatzen Windowsean bertan. Open Office, Mozilla Firefox, GIMP, Pidgin… Ondoren beharbada Ubuntu edo beste GNU/Linux sistema bat probatzera animatu daiteke. Horretarako, Ubuntuko CDa deskargatu, eta automatikoki ordenagailua CDarekin batera piztutakoan, sistema probatzeko aukera izango du, ezer egin gabe. Azkenik, instalatzera animatzen bada, mahai gainean azaltzen den ikono bat sakatuz instalazio gidatu bat abiaraziko litzateke.

Ubuntu eta aipatutako aplikazio guztiak euskaraz daude. Software librearen inguruan bildutako talde, erakunde, pertsona eta enpresek itzuli dituzte. Era banatu batean lan eginez, sistema eragile bat eta ehunka aplikazio itzulita daude. Baina, gainera, lan hori inolako oztoporik gabe berrerabili ahal izango dugu, beste tresna asko ere itzultzeko. Euskarazko tresnak izateko aukera bakarrenetakoa software librearen aldeko apustua egitea da. Egun batean zure leihotik begira bazaude eta leihoaren beste aldean zer dagoen galdetzen badiozu zeure buruari, ez izan beldurrik, hemen bero egiten du, nahiz eta pinguino artean bizi.

Berria.info webgunean | PDF bertsioa | Inprimatzeko bertsioa

Berriako Irlen Sarea atalean argitaratutako artikulua

Honekin loturik Info7 irratiko audio [mp3] [ogg] elkarrizketa.

[podcast]http://teketen.com/wp-content/uploads/2009/11/leihoaren_beste_aldean.mp3[/podcast]