Teketen

Jendartea eta teknologia uztartuz
Maiatza 14th, 2010

Quid pro quo

Ubuntu sistema eragilearen GNU/Linux banaketak bertsio berria atera du. Bertsio garrantzitsua izango da, LTS Long Term Support motakoa baita. Interesgarriena, baina, sare sozialekiko, komunikazio tresnekiko eta dokumentuak on line kudeatzeko Ubuntu One sistemarekiko bateragarritasuna dira.

Tresna horiek guztiek argi uzten digute sistema eragileak eta dakartzan aplikazioak jada ez direla gure ordenagailuaren funtzio minimoak funtzionarazten dituzten tresnak bakarrik. Gure kanpoko munduarekin harremanak kudeatzeko tresna izatera ere pasatzen ari dira. Gure ordenagailuan exekutatzen ditugun programez gain, sareen bidez erabiltzen ditugun beste askok ere garrantzi bera dutela, alegia.

Aspaldi erabiltzen ditugu gure ordenagailuan ez dauden programak. Posta irakurtzeko, gutako askok posta elektronikoa irakurtzeko webgune bat erabiltzen dugu. Outlook bezalako programak erabili gabe irakurtzen dugu posta elektroniko hori. Baina orain tresna horiek guztiak gure sistema eragilearekin bat egiten ari dira.

Norbaitek Twitterrera mezu bat bidaltzen digunean, gure Facebookeko kontaktu batek idazten digunean, posta mezu bat iristen zaigunean edota dokumentu bat gurekin partekatzen dutenean abisu bat jasoko dugu gure sisteman bertan. Truke hau ez da zentzu bakarrekoa izango, gainera. Gure sistemak berak zenbait kasutan kokapena edo beste informazio batzuk bidaliko dizkio sarean erabiltzen ditugun tresna horiei, beraien lana egiteko. Esan daiteke nolabait sistema eragilea, gure sistema fisikoa kudeatzeaz gain, sarean erabiltzen ditugun aplikazioak kudeatzeko tresna bihurtu nahi dutela. Honek alde onak ditu -gure sistema eragiletik dena kontrola dezakegu-, baina alde txarrak ere baditu. Truke honetan, gure dokumentuen eta zenbait programen kontrola galduko dugu. Beti esaten dugu, baina bakoitzak neurtu beharko du zer den truke honetan irabazi eta galdu nahi dena.

Sistema eragileak gure inguruko tresna teknologiko gehienetan daude. Gailu horietako bat, noski, sakelako telefonoak dira. Telefonoak egunean zehar aldean izaten ditugu, eta bertan dagoen informazio asko pribatua da, kokapena kasu. Quid pro quo hori ere berraztertzen hasi beharko gara.

Berriako Irlen Sarea atalean argitaratutako artikulua

Iraila 10th, 2009

Hitzak eta ekintzak

Software librearen aldeko apustuak zentzu handia du, baina zentzu handiagoa hartzen du hezkuntza eta antzeko alorretan, non, onura ekonomikoez gain, balioek ere garrantzi handia duten. Azken asteetan Euskal Autonomia Erkidegoko gobernua hizpide izan da, euskal eskolentzat erosi behar dituzten 20.000 ordenagailuek Windows eta Microsoft Office programak izatera behartzen dituen esleipena dela eta.

Software librea zer den ez dakitenentzat, software librea horrela defini genezake: eskuratu ondoren erabili, kopiatu, aztertu, moldatu eta banatu daitekeen softwarea da -programak-. Hori oro har programa guztiekin gertatzen dela uste dutenak oker daude. Programa erabiltzeagatik lizentzia bat ordaindu behar da, eta moldaketa egitea debekatua egon ohi da. Horrek enpresa bakar batekiko morrontza dakar.

Patxi Lopezen gobernuak hitzez behin baino gehiagotan adierazi du software librearen aldeko apustua egin nahi duela. Baina, orain 20.000 ordenagailu erosi behar direnean, esleipen hori egiteko eskakizunetan software pribatiboaren aldeko azaldu da. Norbaitek garrantzi gabekotzat har dezake, baina erabaki horren bidez hurrengo belaunaldiak enpresa eta formatu batzuekiko morrontzan hezten jarraituko dute. Arlo horretan libreagoa izateko aukera ukatuz edo, behintzat, murriztuz.

Patxi Lopezek, Twitter bidez egindako elkarrizketa digital batean, Windows euskaraz zegoen sistema eragile bakarra zela esan zuen. Argi dago lehendakariak edo bere ingurukoek ez dutela ezagutzen Ubuntu GNU/Linux sistema eragilea.

Gertu Ordiziako (Gipuzkoa) Jakintza ikastolaren adibidea dute. Aurten bere ordenagailu guztiak euskaraz jarri dituzte, eta sistema eragile horrekin. Ez dago errealitatea ezagutzea bezalakorik, alternatibak posible direla jakiteko.

Gobernuak horren inguruan azkar erantzun du, eta zenbait zehaztapen egin ditu, blog honetan: http://softwarelibre.deusto.es/patxi-lopez-me-defrauda/ adibidez. Orain hitzen eta ekintzen artean zein lotura dagoen ikusi beharko dugu. Ordenagailuak erosteko esleipenean egindako eskakizuna aldatzea eta etorkizuneko erabakietan software librearen aldeko apustu zehatzak ikusi beharko ditugu; hitzak ez dira nahikoa oraingoan.

Berria.info webgunean | PDF bertsioa | Inprimatzeko bertsioa

Berriako Irlen Sarea atalean argitaratutako artikulua

Uztaila 1st, 2009

Ubuntu

Ubuntu argi dago GNU/Linux banaketa arrakastatsuenetako batean bilakatu dela. Asko dira honi buruz Interneten eskuratu daitezkeen informazioak. Ubunturen gune ofizialean laguntza gunea oso garrantzitsua da. Bertan informazioa eta galderak egiteko aukera dago. Horretaz gain, informazioa lasai irakurri nahi badugu liburuak ere badaude. Horietako batzuk ordaindu behar badira ere, beste asko ez. Horietako bat Ubuntu Pocket Guide and Reference.

Euskarazko ekarpen txiki bat egin nahi dut hemendik. Ubuntu aurkeztu eta erreferentziazkoak diren zenbait aplikazio erakusteko.  Elurneteko orritik PDFan jaitsi dezakezue, baina bestela zuzenean aurkezpenaren gainean klikatuz ikusteko aukera ere baduzue.

Azaroa 14th, 2008

Sofware Librea Euskal Herrian aurkezpena

Software Librea Euskal Herrian jardunaldietan egon nintzen eta hitzaldi/aurkezpen bat erabili nuen bertan. Bertaratu zen jendea oso parte hartzailea izan zen eta antolatzaileen aldetik oso jarrera ona izan nuen. Hemen uzten dizkizuet bertan erabilitako materialak.

Aurkezpena ODT formatuan (gero igoko dut)

Azaroa 7th, 2008

Software librea euskal herrian jardunaldiak

Software librearen inguruko jardunaldiak egongo dira hurrengo astean Donostian. Bertan parte hartuko dut Software librearen erabilerari buruzko hitzaldi luze bat emanez. Euskarazko software librea, Ubuntu, Firefox, Thunderbird eta Pidgini buruz hitz egingo dut. Informazio guztia gipuzkoakultura webgunean eskuratu ahal izango duzue.

Hurrengo astean KMKn software libreari buruzko jardunaldien egitaraua