Hitzak eta ekintzak
Software librearen aldeko apustuak zentzu handia du, baina zentzu handiagoa hartzen du hezkuntza eta antzeko alorretan, non, onura ekonomikoez gain, balioek ere garrantzi handia duten. Azken asteetan Euskal Autonomia Erkidegoko gobernua hizpide izan da, euskal eskolentzat erosi behar dituzten 20.000 ordenagailuek Windows eta Microsoft Office programak izatera behartzen dituen esleipena dela eta.
Software librea zer den ez dakitenentzat, software librea horrela defini genezake: eskuratu ondoren erabili, kopiatu, aztertu, moldatu eta banatu daitekeen softwarea da -programak-. Hori oro har programa guztiekin gertatzen dela uste dutenak oker daude. Programa erabiltzeagatik lizentzia bat ordaindu behar da, eta moldaketa egitea debekatua egon ohi da. Horrek enpresa bakar batekiko morrontza dakar.
Patxi Lopezen gobernuak hitzez behin baino gehiagotan adierazi du software librearen aldeko apustua egin nahi duela. Baina, orain 20.000 ordenagailu erosi behar direnean, esleipen hori egiteko eskakizunetan software pribatiboaren aldeko azaldu da. Norbaitek garrantzi gabekotzat har dezake, baina erabaki horren bidez hurrengo belaunaldiak enpresa eta formatu batzuekiko morrontzan hezten jarraituko dute. Arlo horretan libreagoa izateko aukera ukatuz edo, behintzat, murriztuz.
Patxi Lopezek, Twitter bidez egindako elkarrizketa digital batean, Windows euskaraz zegoen sistema eragile bakarra zela esan zuen. Argi dago lehendakariak edo bere ingurukoek ez dutela ezagutzen Ubuntu GNU/Linux sistema eragilea.
Gertu Ordiziako (Gipuzkoa) Jakintza ikastolaren adibidea dute. Aurten bere ordenagailu guztiak euskaraz jarri dituzte, eta sistema eragile horrekin. Ez dago errealitatea ezagutzea bezalakorik, alternatibak posible direla jakiteko.
Gobernuak horren inguruan azkar erantzun du, eta zenbait zehaztapen egin ditu, blog honetan: http://softwarelibre.deusto.es/patxi-lopez-me-defrauda/ adibidez. Orain hitzen eta ekintzen artean zein lotura dagoen ikusi beharko dugu. Ordenagailuak erosteko esleipenean egindako eskakizuna aldatzea eta etorkizuneko erabakietan software librearen aldeko apustu zehatzak ikusi beharko ditugu; hitzak ez dira nahikoa oraingoan.
Berria.info webgunean | PDF bertsioa | Inprimatzeko bertsioa
Berriako Irlen Sarea atalean argitaratutako artikulua
Nik egunero bisitatzen dut goian aipatzen duzun : http://softwarelibre.deusto.es/patxi-lopez-me-defrauda/ mezu haren bigarren partea: patxi-lopez-me-asombra.
Badakit laster agertuko dela berria: “gobernukoek software librearen apustu garbia egin dute”. “EAEko Administrazioan software librea ezarri da”. “Bukatu da lizentzia haietan gastatzen ziren sosen xahuketa”…
Gero Unbera joaten naiz, Gure Amatxo Unbekoa ea behingoz noiz agertzen zaidan.
Fedea behar dugu. Besterik ez.
Gainera gehiago sakondu genezake, ordenagailu horien atzean dauden plan edo erabileren inguruan hitz eginez. Baina, zure blogean nahiko ondo azaltzen duzu dena http://bihardaberandu.wordpress.com/2009/09/05/uda-honetako-polemika/